Euskararen herria

argiaArgia, 2016.06.12

Nafarroan aldaketa politikoa gobernuan nabarmendu da baina maila bertsuan aldatu dira udalak eta kontzejuak; eta hauek biltzen dituen federazioan udal euskaltzaleak

euskara_herria__1365495794

dira nagusi. Ez daukat ahazteko irratian Tuterako alkatea –Ezkerrakoa- euskaraz entzuteak eragin zidan emozioa.

Autonomia erkidegoan EUDELen inguruan akordio politiko zabala egon da eta baita udalen legea adosteko ere. Kasu honetan, azpimarratzekoa da euskararen aldeko konpromisoa indartu izana, bai legean eta bai elkargoan.

Eta Iparraldean udalen gehiengo zabalak dagoeneko onartu du haien elkargoa, hizkuntza politikan ere eskumenak izango dituena. Okerrik ezean, urte berriarekin abiatuko da eta aurrekontu polita aurreikusten zaio.

Gauzak horrela, uste dut eskura daukagula euskararen herria antolatzeko aukera udalgintzatik. Udal elkargoen arteko lankidetza normala da, eta lege orokorrek erraz onartzen dute ondasun komun immaterialak –kultura eta hizkuntza- kudeatzeko. Alde horretatik, Europako legedian aukera balegoke. Eta gurean borondatea? Zertan da euskalgintza?

Euskararen inguruan gogoeta ugari dabil azken urteotan. Biziberritze prozesua bidegurutze batera iritsi dela eta, euskaltzaleon buruak dantzan jarri dira. Esanguratsua izan da Berrikusi eta berrikasi dokumentuak herriz herri egin duen ibilbidea, edota Patxi Saez-en Elefantea ikusi proposamenak izan zuen hedapena, sarean eta bestela.

Uste dut orain arteko emaitzarik biribilena dela HPSren Euskararen Aholku Batzordeak aho batez eta ilusioz onartu berri duen Eta hemendik aurrera zer? dokumentua. Esango nuke hor finkatu direla etorkizuneko hizkuntza politikaren kontzeptuak eta ikuspegia, hor dagoela egitekoaren enborra.

Beste bi ekimen aipagarri: lehena, Eusko Ikaskuntzak gidatzen du eta bi urteko ortzimugarekin ari da lanean. Hastapenetan badago ere, anbizioa eta berritasuna dario, eta jarraitu beharrekoa da. Bigarrena da Gipuzkoako aldundian euskararen gizarte erakundeekin hasi dugun parte hartze prozesua. Zer egin behar dugu diferente eraginkorrago izateko? galdetu diogu geure buruari eta ahalegin berezia egin dugu metodologian ere berritzaile izateko. Ilusioa sumatu dut prozesuan, eragileon jarduera berrasmatzeko prestutasuna; eta deigarria egin zait oraintsu arte nagusi ziren ikuspegi zenbaiten kotizazio baxua.

Labur: aukera badago euskararen herria artikulatzeko udal elkargoak oinarri, eta borondatea sendotzen ari da euskalgintzan bide eta molde berriei ekiteko.

Eta euskararen herria indartuta, biziberritze prozesuan jauzi egingo genuke eta hiztun komunitatea eraginkorragoa litzateke erabaki orokorrak hartzeko orduan.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude