Nazioa eta estatua

Elkarrizketa luzea egin berri didate euskal estatugintzaz garatzen ari den unibertsitate ikerketa baten baitan. Eta saioak balio izan dit nire ikuspegia argitzeko eta atontzeko. Ez naiz irakurle sistematikoa -nire zoritxarrerako- eta han-hemenka harrapatutako ideiekin ontzen ditut gaiei buruz ditudan intuizioak; gero, iritzia plazaratzen dudanean hartzen dute azken forma. Horixe gertatu zait oraingoan ere.

EstadoNacion_870

Joxe Azurmendiri harrapatu nion duela ez asko nazio eta estatu kontzeptuak azaltzeko adibide argia: Alsazia alemanez bizi zenean nazio alemaneko parte zen, nahiz aldi askotan frantziar estatuaren baitan egon. Hau da, nazioa litzateke komunitate bat identitarioa, eraikitzen dena hizkuntza eta kultura baten inguruan; aldiz, estatua da eraikuntza politikoa, batzuetan nazio bat baino gehiago hartzen dituena bere baitan (Espainia edo Frantzia) edo nazio baten zati bat soilik (Herbehereak). Hori bai, estatu gehienek egin dute azken mendeotan nazio bakar izateko ahalegina –hizkuntza bat, kultura bat- eta horrek eragin du estaturik gabeko nazioen susperraldia.

Estaturik ez duen nazio batek bi bide nagusi ditu suspertzeko: naziogintza eta estatugintza. Lehen bidean, identitatea indartzea da helburua eta horretarako tresna garrantzitsua da hizkuntza biziberritzea eta honen gainean komunitate identitarioa eraikitzea. Estatugintzak, aldiz, politikan jartzen du azpimarra eta independentzian giltza; lehentasunez lortu behar den estatuak osatuko ditu hizkuntzan edo identitatean egon daitezkeen gabeziak.

Ez dira bide kontrajarriak. Eta edozein euskaldun aktibok aurkituko ditu bere ekintzetan bi bideen aztarnak. Erraz esanda, ikastolak sustatzea naziogintzan kokatzen da; alderdi abertzale bati botoa ematea, estatugintzan. Baina bai dira bide diferenteak, hau da, bakoitzak ditu bere lehentasunak, erritmoak eta baldintzak. Esaterako, estatugintzak ez du derrigorrez nazioa suspertzen (Irlanda) eta estaturik gabe ere nazioa indartu daiteke (Katalunia). Halaber, estatugintzak aski du erreferendum bat gehiengo soilez irabaztea, aldiz naziogintzak komunitate osoa du helburu eta unibertsaltasuna amets.

Ni naziogintzan mugitzen naiz nagusiki, eta behetik gorako norabidean. Bi bektore horiek eragindako ibilbidean pasatu ditut Arrasate Komunikabideak, Goiena, Euskaltzaleen Topagunea edo TOKIKOM, besteak beste. Horretan ari naiz –ustez- Gure Esku Dago dinamikan, beti ere nire identitatetik eta euskaraz komunitatea behetik gora trinkotzen, elkarbizitzaren mesedetan.

Eta horrela ulertutako naziogintzatik saiatuko naiz azkenaldian mamitze bidean den euskal estatugintzak mesede maximoa egin diezaien -eta kalterik ez- euskarari eta euskal identitateari.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat Nazioa eta estatua bidalketan

  1. egilea: iker

    “alderdi abertzale bati botoa ematea, estatugintzan”
    “estatugintzak aski du erreferendum bat gehiengo soilez irabaztea”
    Estatuak bozkatuz sortzen direla uste duzu?
    Ai ama!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude