Irmotasuna

Boladan ugaritu egin dira gurean diskurtso irmoaren zaleak. Zapalkuntza aipatzen dute eta boterea. Eta salatzen dute irmo ez direnek –ez garenok- zapalkuntza horren aurrean erakusten duten –dugun- mendekotasuna, adorerik eza botere borrokari erantzuteko.

Eta erreskadan datoz sedukzioari mespretxua, progresibotasunaren tranpa salatzea, erakargarri izan beharraren nekea… Eta diskurtso irmo batzuk iritsi dira kolokan jartzera erabakitze eskubidearen aldarria edo elkarbizitza bera, etsaiarekin partekatu nahi direlako edo. Talibanen apologiaren bat ere ikusi da berriki.

Hori bai, salaketa hauen guztien ondoren ez dator atal propositiboa, ez zaigu azaltzen nola lor lezakeen minoria batek –indarrez minorizatua, baina minoria- konponbidea litzatekeen egoerara iristea ez bada gehiengo bihurtuta, kopuruz edo eraginez.

Kalkulu bat egin da sarri herri honetan: abertzaleak gehiengo izanik, aski litzateke abertzaleen batasuna herria askatzeko. Baina ikuspegi honek bi arazo ditu: bat, gehiengo hori soilik EAEen gertatzen da; eta bi, abertzaleen batasuna ez da lorgarriago etsaiarekin elkarbizitza partekatzea baino.

Tribuaz idatzi izan dut sarri. Eta nire tribua euskaldunona da, ez abertzaleena. Gaur egun txikiagoa da lehena bigarrena baino. Nahi nuke alderantziz izatea, Katalunian bezala. Alegia, euskaldun asko egotea baita abertzale ez direnen artean ere.

Baina heren baten bueltan gabiltza euskaldunak Euskal Herrian. Ez gara gutxi baina bai minoria. Eta minoriak ezin dio gehiengoari botere soilarekin irabazi. Estrategia bat baino gehiago behar da eta lanabes ezberdinak –irmotasuna bai, sedukzioa ere bai- minoria baten ikuspegia gizartean nagusitzeko.

Egia da badirela gurean jarrera epelegiak euskararen gainean, besteen onarpenari arreta gehiegi jartzen diotenak. Horiek bezain kaltegarriak izan daitezke jarrera irmoegiak, besteen onarpena ahazten badute.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

7 erantzun Irmotasuna-ri

  1. egilea: Josu

    Nik zehaztasun pixka bat eskatuko nizuke. Zein dira, zehazki, diskurtso irmoaren zaleak? Zer da, edo zeri dagokio, delako diskurtso irmo hori? Hori dena airean egoteak indarra kentzen dio zure diskurtsoari, nire ustez.

    • piperrautsa egilea: piperrautsa

      Ez noa izen propioetan sartzera, adibideak hor daude nabarmen euskal hedabideetako iritzi artikuluetan. Eztabaida hau klasikoa da eraldaketa nahi dutenen artean: irmotasuna (zurruntasuna) versus posibilismoa (bigunkeria). Kontua da eztabaida faltsua dela, biak behar direlako, hori da nire tesia. Esaldi batek laburbiltzen du baleko sintesia: ‘burdinazko eskua, zetazko eskularrua’

  2. egilea: Aitor

    Nik ere Ibanek dioena: sinatzekoa

  3. egilea: JJ Agirre

    Zeure baimenarekin, Mikel
    Nik uste dut askotariko diskurtsoak daudela zurruntasunetik eta biguntasunera bitartean. Iruditzen zait gainera, norbanakoon diskurtsoek daukaten garrantzia dutela (gutxi) zein landuta dauden ere, eta benetan indarra eta eragina dutenak boterea kudeatzen dutenena dela, Jaurlaritzarena eta alderdiena bereziki, (euskalgintzaren oso-oso gainetik, adibidez).
    Nire tribua euskaldunona da, zeure kasuan bezala. Ez abertzaleena. Eta arrazoi duzu “abertzaleen batasuna ez da lorgarriago etsaiarekin elkarbizitza partekatzea baino” esatean. Oso adibide argia da Jaurlaritzarena: nahiago izan du akordioa bilatu euskararen normalizazioaren aurka daudenekin (PP-PSOErekin) ezker abertzalearekin baino. Hor dago ESEP, eta hor daude Administrazio orokorreko euskara plan ikaragarri tristeak. Hor pixka bat es mucho, mundu oro euskaraz eta poziktibity. Hor, euskararen erabileraren ataskoa herritarrei (eta Administrazioko langileei) leporatzea, arduradun politikoen erantzukizuna ezkutatuz.
    Ez dut esaten ezker abertzalearekin akordioak lortzea erraza denik, ez eta bere diskurtsoa egokiena denik. Baina euskararen normalizazioaren aldekoa bada. PP eta PSOErena ez bezala. Alabaina, EAJ-k nahiago izan du Pax Hispanarenpean jarraitzea, euskara azpimundura kondenatuz. Eta nago, EAJrena tribua ez dela euskaldunona. Ezta abertzaleena ere, JELtzaleena (eta kitto) baizik.
    Ezker abertzaleak ez du alternatiba seriorik aurkeztu, nire ustez, baina Jaurlaritzaren eta EAJren bigunkeriak euskara desagertzera darama. Poliki-poliki eta astinaldi handiegirik gabe, baina desagertzera. Epea ere proposatu izan digute: pare bat belaunalditarako euskararen jarraipena “bermatuta” omen dago!

  4. piperrautsa egilea: piperrautsa

    Ez naiz eztabaidan sartuko alderdiek eta erakundeek dituzten jarreren gainean. Gehiago inporta zait zeuk ere azpimarratzen duzun ideia bat: haien indarra euskalgintzak duenaren ‘oso-oso gainetik’ egotea. Euskarari buruz ari garela, honek ez luke horrela izan behar. Alderantziz, euskalgintzak behar luke izan lobby indartsu bat, aginteari markatuko dizkiona norabidea eta erritmoak, baliabideak eta moldeak.

    Eta ez gara lobby indartsua gure jarrerak oso menpekoak direlako hain justu alderdi eta erakunde horiekiko, alde bateko edo besteko betaurrekoekin epaitzen ditugulako politikak. Nik aldiz sinisten dut -inguru batzuetan ikusi dudalako- alderdikerien atarian kokatzen den euskaltzaletasunean eta hori indartuta izan dezakegun eraginean. Eta hor indarrak bilduko dira zoru komun zabala eraikitzen dugun neurrian, ez bereizkerietan sakonduz. Gaur mokoka gabiltzan euskaltzale denak bilduta ere lan handia izango genuke aurrean. Mokoka gabiltzan artean, jai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude