Lasa eta Zabala

goiena2014.10.31

Asteon ikusi dut Pablo Maloren filma. Eta bereziki interesatu zait bere alde dokumentala. Hau da, jakitea han ikusten dena –ia dena- gertatu egin zela benetan.

lasaetazabalaTortura zuzenean jasan ez dugunoi gogorra egiten zaigu besteena irudikatzea, eta kasu honetan tortura irudikatu beharrik ez dago, ikusi egiten da. Modu lazgarrian, gainera. Modu sinesgarrian, batez ere.

Baina hortik harago, dokumentuaren balio pare bat azpimarratu nahi nuke. Lehena da ze argi erakusten duen inpunitatea, goikoen babesa, torturatzaileak duen askatasuna nahi duen astakeria burutzeko, inori konturik eman beharrik gabe.

Eta bigarrena –zeharkakoa- da nola filmaren estreinaldiak erakutsi duen ahanzturaren arriskua. Hogeita hamar urte dira bi gazteak bahitu zituztela eta jende gehienak ez ditu gertakariak gogoan. Interesa egon da horretan, estatu terrorismoa ezkutatzen, eta begi bakarrarekin errealitatea ikusarazten.

Aldiz, ona da begi biak irekitzea eta dena gogoratzea, inoren minik ez ukatzea eta min guztiak gainditzeko giharra indartzea. Ona, mosaiko batean biltzea alde guztien bizipenak. Horrela bakarrik izango dugu etorkizuna hobea iragan hurbila baino.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude