Baskismoa

Igandeko Berrian Jose Antonio Pastor eledun sozialistak berritasun adierazle moduan nabarmentzen zuen Idoia Mendiaren hurbiltasuna euskararekin eta ikastolekin. Eta kazetariak Mendiaren ‘baskismoa’ aipatzean zioen: “Ni banaiz baskista: sozialista izatea euskalduna izateko forma ezberdin bat da”

Uste dut bere erantzunean Pastor jaunak nahastu egin dituela euskal hiritartasuna eta euskaltzaletasuna; edo, bestela esanda, baskotasuna eta baskismoa. Lehena litzateke komunitate batekiko atxikimendu formala, juridikoa; eta bigarrena, komunitate horren berezitasunekiko atxikimendu emozionala, zaletasuna.

Herri honetan aspaldian formulatu zen hemengo hiritarra dela bertan bizi den eta lan egiten duen oro. Krisiaren eraginez agian leundu beharko genuke bigarren baldintza eta esan ‘lan egiten edo lan egin nahi duen oro’. Edonola ere, abiapuntu horretatik inork ez dio ukatuko Pastorri baskoena bezain basko izatea. Baina baskista?

Baskismoa historikoki lotu izan da euskaltzaletasunarekin. Baskista eta euskaltzale ziren, esaterako, eibartar sozialistak eta Benigno Baskaran haien burua; edota gerran ibilitako hainbat gudari, nire osaba Juan Mari Intxausti kapitaina tarteko. Egun baskista euskaltzale dira PSEn Jesus Egiguren, Denis Itxaso eta beste hainbat. Horien artean dago Idoia Mendia.

Eta albiste ona da euskaltzaleontzat gutariko bat izatea alderdi sozialista gidatzeko hautagai bakarra. Asko komeni baitzaigu euskaltzaleak egotea nonahi, berdin alderdi independentista eta unionistetan, edota mota guztietako gizarte eragiletan eta erakundetan.

Alde horretatik, poztuko nintzateke Jose Antonio Pastor ere basko izateaz gain baskista bihurtuko balitz.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

4 erantzun Baskismoa-ri

  1. egilea: JJ

    Idoia Mendia baskista da? Zer egin du kalifikazio hori irabazteko?
    Ondoko pasarteak Mendiaren erdara hutsezko blogetik jaasoak dira:
    “Así se forjaron tantas cosas que han permitido a Euskadi llegar a donde estamos hoy: reconociéndose en la condición humana, sea uno autóctono o inmigrante, hable uno u otro idioma”
    “…las instituciones públicas han generalizado la prestación de sus servicios en euskera, no sin dificultades en determinadas áreas más euskaldunes, pero sí de una forma más habitual. Normalizada, como quería la ley”
    “Hay ahora otro reto. Conseguir que el euskera sea además lengua de uso habitual también en el ámbito privado. Pero el esfuerzo económico que deba realizarse para esa tarea debe ser proporcional al que se realice para otras. No se pueden pretender presupuestos análogos a los que se empleaban cuando había que formar a empleados públicos que desconocían la lengua, si desde hace tiempo los puestos de los trabajadores que acceden a las Administraciones vienen definidos por perfiles…”
    Hori euskaltzaletasuna bada…

  2. piperrautsa egilea: piperrautsa

    (berandu baina seguru)
    Idoia Mendia baskista? Zeri esaten diogun baskista eta norekin alderatzen dugun.

    Alicia Sanchez Camacho edo Albert Rivera catalanista dira? Kataluniako Parlament-en gaztelania erabiltzen dute soilik Espainiako telebista dagoenean, bestela barneratuta daukate katalanez egitea.

    Iñaki Anasagasti baskista da? Euskararen kontua erabili zuen bakarrik Ricardo Blazquez apezpikuari aurre egiteko gaztelania ederrean, eta ‘loro viejo’ deitzeko euskara ikasteko zaharregia zelako.

    Nik baskismoa lotzen dut gehiago hizkuntza praxiarekin diskurtsoarekin baino.

    • egilea: JJ

      Aupa Mikel,
      Ez dut nik esango non dauden baskismoaren mugarriak, baina euskaltzaletasunarekin pixka bat harago joaten ausartuko naiz. Idoia Mendiak (Lauro ikastolako ikasle ohia bera) euskara inoiz gutxitan erabiltzen duela, agerikoa da, darabilen euskara motz eta traketsari erreparatuta, Legebiltzarreko eta bestelako agerraldi publikoei erreparatuta, edota bere blogari begiratuta.
      Lopezen gobernuko kide izan zenean ere, Justizia Sailean murrizketa latzak egin zituen (euskara trebatzaileak kaleratuz), euskara plana gehiago motelaraziz (beste sail guztietan bezala), eta abar.
      Sasoi horretakoa da “mundu oro euskaraz”, euskararen erabilera “sustatzeko” kanpaina xelebrea ere.
      Oraintsu adierazi du, euskara normalizatzeko diru gehiegi gastatu dela, eta abar…
      Jaurlaritzan PSE agintean egon zen denboran, ezagutu nituen arduradun sozialista euskaltzale batzuk. Oso gutxi ziren, eta Mendia ez zen haien artekoa, ez horixe. Ikusi eta bizi genituenak ikusita, oraindik ez dut ulertzen zer egiten duten euskaltzale bakan haiek PSEn.
      Segi bizkor

      • piperrautsa egilea: piperrautsa

        Kaixo!
        Ados diozunarekin. Niretzat ez dira sinonimoak baskismoa eta euskaltzaletasuna. Euskararen normalizazioan aktibatuta dagoena da euskaltzale; eta baskista -egungo egoeran- euskaraz ere funtzionatzen duen pertsona eta euskaltzaleekin zubiak egin ditzakeena.
        Eta uste dut Mendia badela baskista, baina ez euskaltzalea. Eta argi daukat euskarak euskaltzale asko behar dituela, baita baskista asko ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude