Category: Etapak

10. St. Sauveur-Menton

Mendateak: St. Martin (1.500 m.), Turini (1.607 m.) eta Castillon (707 m.)

Saint Sauveur-en hasi eta Saint Martin mendatean gora egin nituen atal honetako lehen kilometroak. Gora iristean hegan egitera zihoazen parapente eskola bateko kideekin izan, eta hegaldietako irudiak ere ikusiko dituzue. Handik jaitsi, bizikletaz eta ez hegan, eta Turiniko mendatera. Polita mendatea, eta baita goian zain nuen ezustekoa ere. Euskal jatorriko senarra zuen emakumea; ze ilusioa egin zion euskaldun batekin topo egin izanak! Turiniko jaitsiera ere ederra. Montecarloko rallyko ibilbide, ikusgarriak dira 180 graduko bihurguneak, bata bestearen gainean, pilatuta. Behera iritsi orduko berriz ere gora, Castillon mendatera, Alpe Handien Ibilbideko azkenekora. Eta jaisten hasi eta begi bistan… ITSASOA!!!

Mendateen perfilak:

9. Col de Cayole-St. Sauveur

Mendateak: Valberg (1.672 m.) eta Couillole (1.678 m.)

Cayole mendatean behera hasten da atal hau, eta laster helduko da hurrengo mendatea: Valberg; mendate deserosoa, ezaugarriengatik eta eguraldiagatik, 30 gradu inguru izango baitziren hura igo nuenean. Askoz gusturago igo nuen hurrengo portua, politagoa ere bazen Couillole izenekoa, eta goian hainbat txakur eta artzaina, 1.400 ardirekin; 1.400, bai! Polita, baita ere, Roubion herrixka, harkaitzetik zintzilik balego moduan. Eta atal honetan Europako ur-jauzi handienetakoa ere ikusiko dugu, Anglierekoa, 100 metrorekin.

Mendateen perfilak:

8. Col de Vars-Col de Cayole

Mendateak: Col de Vars (2.109 m.) eta Col de Cayolle (2.326 m.)

Atal honetan Vars mendatea igotzen amaitu eta Barcelonnettera abiatuko naiz. Herri berezia da Barcelonnette, mexikar kutsukoa, Ameriketatik joan-etorria egin eta hango erako etxeak eraiki zituztenei esker. Merezi zuen bisitak. Bidean, 50 motorzale koadrilarekin egin nuen topo, denak Harley-Davidsonarekin; Nizako klub batekoak ziren. Eta handik Cayollera. Ezkutuko paraje ederra, mendiak irentsiko bazintu bezala izan zen. Garbitasun aldetik batere gomendagarria ez zen leku batean lo egin (ikustekoa benetan) eta goizean goiz tontorrera. Mendatekora, nahiz eta inguruko mendi ezagunenaren puntatik –Mont Pelat, 3.050 metro– dagoen ikusmira ikusteko aukera ere izan. A, eta zenbat marmotak egin zidaten harrera!

Mendateen perfilak:

7. Galibier-Col de Vars

Mendateak: Izoard (2.360 m.)

Galibierretik jaitsiera luzea Briançon ederreraino. Bidean, Henri Desgranceren monumentua. Tourraren sorrera nola izan zen kontatzeko aukera ona: L’Auto kazetatik sortu zen, argitalpenaren ale gehiago saltzeko helburuarekin, 1903an, eta majo bete zuten euren helburua! Briançonetik Izoardera gero, eta han geldialdia Coppi eta Bobbet handien oroitarrian. Eta Combe de Queyras haitz arteko pasabide ederretik Guillestrera, lotara. Vars mendatea igotzen hasi nintzen hurrengo goizean, eta han topatu nuen Jean Pier, Perpignangoa.  65 urte, 95 herrialde ezagututa bizikletarekin, ia 10.000 kilometroko bidaiekin, kanpoan lo eginez… Ze tipoa!

Mendateen perfilak:

6. Avrieux-Galibier

Mendateak: Télégraphe (1.566 m.) eta Galibier (2.642 m.)

Telegraphera bidean hasten da seigarren atala. Mendatearen ezaugarriengatik, nire gorputzaldiagatik edo bestelakoengatik, ibilbide osoan deserosoen egin zitzaidan mendatea izan zen Telegraphe. Hura jaitsi eta Valloiren pasa nuen gaua. Gau berezia, uztailaren 13koa, Frantziako Egun Nazionalaren bezpera. Eta batzuek majo ospatu zuten. Niretzako festa-festa hurrengo egunean Galibier igotzea izan zen. Ze ona. Ibilbideko mendate politena. Gogorra dela? Ni ez nintzen gehiegi ohartu, liluraren liluraz. Ordura arteko mendateetan ez zebilen jende gehiegi, Galibier gainean, ordea, mundua: turkiarrak, Quebecekoak, australiarrak… Hura zen erromesaldia!

Mendateen perfilak:

5. Val d’Isere-Avrieux

Mendateak: Iseran (2.770 m.)

Iseran mendatean gora hasten da atal hau. Udan ere erabilgarri dauden Tigneseko eski pistak aldamenean utzi eta Alpe Handien Ibilbideko puntu garaienera. Iseraneko tontorrera handbike delako batean zihoan lagun batekin batera iritsi nintzen. Handik behera, emozio gehiago. Arc ibaiaren gainean Europako tirolina luzeena: 658 metro alde batetik bestera, eta 200 ibaiaren gainetik.

Mendateen perfilak:

4. Col des Saisies-Val d’Isère.

Mendateak: Cormet de Roselend (1.968 m.)

Col des Saisiesen gaua pasata, aldapa behera hasi nuen eguna. Berriz ere gustura hasi nintzen, ordea, igotzen, bai bainekien leku eder batera eramango ninduela bideak: Cormet De Roselend da, zalantzarik gabe, Alpeetako ibilbidean topatu nuen paraje ederrenetako bat. Mont Blanc handia ere ikusi zitekeen bertatik. Galestik Italiara motorrean zihoan talde batekin egin nuen topo, eta baita mendate gainean fosilak saltzen ari zen pertsonaia berezi batekin ere. Bourg Saint Mauricera jaitsi eta Iseran mendate erraldoiaren hainbat kilometro ere egin nituen.

Mendateen perfilak:

3. Le Grand Bornand-Col des Saisies

Mendateak: Col des Aravis (1.487 m.) eta Col des Saisies (1.650 m.)

Egun honetan arazoak izan nituen ordura arte grabatutako materiala disko gogorrera deskargatzeko; nahikotxo denbora pasa behar izan nuen geldi, eta ezin nahi beste kilometro egin. Bi mendate igo nituen, hala ere: Aravis, oso mendate polita, bai kokapenagatik eta baita ezaugarriengatik (malda/luzera) ere. Mendate tontorretik gora dagoen Ferrata Bide bat ikusi ahal izango dugu, gainera, atal honetan; eta beste mendatea, Saisies. Hara bidean (ere) petankan jolasten topatu nuen koadrila bat, eta kirol horren gainekoak ezagutzeko modua izan nuen. Ba al zenekiten Frantzian lizentzia gehien duten kirolen artean dagoela?

Mendateen perfilak:

 

2. Thonon-Le Grand Bornand

Mendateak: Les Gets (1.172 m.) eta La Colombiere (1.618 m.)

Bete-betean ibilbidean egin nuen aurreneko eguna/etapa izan zen. Raftingean ari ziren batzuk grabatzeko modua izan nuen Les Getsera bidean, eta mendiko bizikletarekin jaitsierak egiten ari ziren hainbat herrian bertan, bertako bikepark-ean. La Colombiere mendate polita –eta gogorra, batez ere azken kilometroetan– izan nuen egunaren amaieran, eta bertako jendearen bihotz onaren beste adibide bat utzi zidan Iris izeneko neskak, iluntzean oraindik lotarako lekurik gabe nengoela ikusita bere etxera gonbidatuta.

Mendateen perfilak:

1. Geneva – Thonon

Bilbotik Genevara hegazkinez joan eta Suitzako hirian eman nituen lehenengo pedalkadak. Hasieratik izan nuen zortea, eta 40tik gora urtean han bizi den Pedro lagun espainiarrak azaldu zidan nondik joan behar nuen Alpe Handietako Ibilbidearen hasiera puntura, Thononera, iristeko. Bai Geneva (Suitza) eta bai Thonon (Frantzia) Leman lakuaren ertzean, bizikletaz egin nituen bi hirien arteko kilometroak –30 inguru–, eta Thononen ere zorioneko izan nintzen, iritsi bezain laster Gülse biarriztarrarekin egin bainuen topo: bere euskal jatetxean afaldu… Atal honetan erakusten dut, baita ere, ze eraman nuen alforjetan.