OTZAURTEN

Hezetasunak erroak egin ditu dagoeneko geurean. Belardi, soro eta landak berde kolore busti baten jabe dira. Eguzkia saiatzen bada ere, ez du egun argiaren azken aienera iristeko indarrik erakusten; nonbait, ekaitz giro humelaren aurrean lotsatuko bailitzan. Garoa eta iratzeak aise antzematen dira basoetan, datorren negurako bederen, abereen azpiak erraz zuzenduko dituzte abeltzainek.

Gaurko eguna ere, gainerakoen tankerakoa da. Halere, eta hotzik ez duen egiten bitartean behintzat, mendi buelta bat egiteko modukoa dugu. Horrela eta arratsaldeko ordurik leloenei etekina atera nahian, Urbiara etorri naiz. Elorrolako lepora iritsi bezain laster, eta fondarako bidea saihestu nahian edo, Gorostiaran eta Enaitzeko tontorretarantz egin dut. Azken honetan nintzela,  Aitzgorri aldera begiratu eta mendizerraren bestaldeko kontuak etorri zaizkit gogora.

Orientazio kirolaz gozatzeko asteburu borobila antolatu du Gipuzkoako Orientazio Taldeak. Ipar Ligako bi froga ospatuko dira Otzaurte inguruko lurretan; bertako pagadi, lizardi eta nola ez, garoz betetako belardiez gozatzeko aukera izango da. “ Zegama Ipar liga balizaje” izeneko wasap taldean nire izena ere ageri da; beraz, oraingo honetan, bestelako lanak izango ditut asteburuan.  Mapen interpretazio zehatzagoa egiten ikasteko aukera polita izango da, bai horixe.

Otzaurteko lepoan elkartu gara ostiral arratsaldez. Hurrengo egunerako balizak jarri behar dira basoan.  Han eta hemen entzun dut kapar ugari dabilela gure basoetan. Badaezpada, Bernardo onddo biltzaile finak gomendatuta, erropen azpitik lehenengo eta gainetik geroago, kaparrak uxatzeko produktua zabaldu dut soienan.  Baliza makilak, tela eta oinarriak motxilan sartu eta basoan barna sartu gara mapak eskatutako puntuak ornitzera. Garoa ohi baino gehiago dago eta kaparren arriskua beraz, handia da. Lanak bukatu eta gertu utzi dugu konpetizio eremua. Larunbatean tankerako lana egitea egokituko zaigu.

Asteburuko bi froga indartsuak arrakastsuak izan direla esango nuke. Antolakuntza kontuetan eskarmenturen bat edo beste dugunok, jakin badakigu ez dela perfekzioa existitzen. Badakigu ere, denon gustua egitea zaila dela.  Antolakuntza arro egon beharko luke egindakoaz, zorionak. Nik neu, egindako lan apurra gustura egin dut.  Bada ordea, asteburu honetan gertatu zaidan pasadizu xelebrerik ere; “emaztearen bila joan nintzenekoa” izan daiteke  filmaren izenburutako bat, komedia bat alegia:<< Hiru bat ordu igaro dira, Maider mendian balizen bila eta Otzaurten haren zantzurik ez. Alaben egonezina begi bistakoa da; amari zerbait gertatu zaion beldur dira eta haien aurpegiak bere bila joateko erreguka somatzen ditut. Presaka abiatu naiz; mobilik gabe, iparorratz barik. Eta kontuak kontu, ni bere bila basoan eta bera hamar minutura azaldu da Otzaurteko helmugan. En fin. No coment.>>

Lehiatzeko aukerarik ere izan dut  Zegama aldean. Sprint eran jokatu zen orientazio froga azkarrean hartu dut parte. Ohi bezala, lehen balizarekin izan dut arazorik nabarmenena; akats hau sarri errepikatzen den kontu bat da eta esan bezala ohikoa bilakatu da. Tamalez ez nau iluntzeko euri jasak harrapatu; diotenez, busti den horri, orduan ito zaizkio goizean itsatsitako kapar guztiak.

Igandea goiza baina, Otzaurteko Bentan amaitu dugu. Alabak eta iloba anoa postuan laguntzen izan badira ere, ez dute aukerarik galdu eta bertako fruitu lehor eta gozokiak ederto dastatu dituzte; aitzitik, gustura jan dute Bentako txorizo ogitartekoa. Alajaina, topa egitea ere otu zaigu; haur eta gazteek balizen bila egin duten lana zoriontzeko, eta nola ez, emaztea berriro ere gurekin delako. Eutsi Maider.

Ah!!! Mila esker asteburu hau posible egin duenari. Eskerrik asko GOT.

Bideoa http://www.gitb.eus/azken-berriak/10798-orientazio-ikuskizun-aparta-otzaurten

    

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude