ZARAGOZAKO 42ak

 

KM 0: Pilar Amabirjinaren elizaren parean nago irteera noiz emango duten zai. Haize bolada bortitzek Zaragoza hiriko udaletxeko banderak astintzen dituzte kupidarik gabe. Bagoaz.

KM 4: Azken maratoietan eraman izan dudan erritmo bera ezarri nahi diot gaurkoari. Halere, nire harridudarako, ohiko pultsaziotan banabil ere, erritmo azkarrago baten jabe naiz oraingoz.

KM 8: Bere garaian EXPOa ospatu zen inguru bizigabean nabilen horretan, Baron Dandi usaia nabaritu dut. Gazte ilehori bat jarri zait ondoan; zilarrezko lepoko batek apaintzen du haren sama eta darion izerdi-sundak ez du koloniarekin ezer jakin nahi.

KM12:Banderen mugimenduan nabaritzen zen haizeak eragina izango du gaurko lasterketan. Ibilbidearen norabidea sarri aldatzen bada ere, kontran dugu beti madarikatua.

KM 15: Kostata baina, talde polita sortu da. Hamarren bat lagun goaz. Ondo eta eroso.

KM 18: Zazpigarrenean bezalaxe, errepideko ezkerreko espaloian ikusi dut Maider bidoi eta gelekin. Logistikak bere meritua eta garrantzia duelako. Eskerrik asko.

KM 21: Maratoi erdia. Antonio Labordetari eskainitako parkean gaude. Esaten dutenez parke honetan entrenatzen omen dute zaragozar korrikalariek. Ederra da ingurua.

KM 28: Maratoiko kilometrorik erosoenak egiten ari gara. Indartsu sentitzen naiz eta erritmoa bizitu dut. Taldea atzean utzi dut eta banoa metaruntz.

KM 30: Berriz ere,  “Maratoia 30. kilometroan hasten den 12 km.-ko lasterketa bat da” esaldia etorri zait burura. Antzuolako lagun batek sarri esaten duen esaldia.

KM 33: Anoa postura iritsi eta edari isotoniko baten bila nabilen horretan, boluntario denak urez betetako botilak baino ez dituzte eskaintzen. Kolore urdindun edari isotonikoa mahai baten ikusi eta “ azul!!!” oihukatu dut bertan dagoen gizonak entzuteko. Aldiz, ez dit entzun eta ura eskaintzen jarraitzen duenez, gelditu egin behar izan naiz “Powerade” botila erdiesteko. Behartutako keinua izan da eta giharrak nabaritu dute … bai horixe.

KM 35: Azken txanpan sartu gara eta haizeak aldamenetik jotzen du. Eraikinik gabeko ordoki batean gaude. Zirkuituko lekurik aldrebesena momenturik delikatuenean.

KM 36: Urakana. Haizeak bekokia ez ezik gorputz guztia ere, geldiarazten du. Derrigortuta aldatu behar izan dut korrika egiteko era eta hau, giharrak erruz nabaritu dute.

KM 40: Lau kilometrotan jasandako urakan, tifoi edo dena delakoak, jota utzi nau. Belaunak altsatzeko beldur naiz, nohizean behin bikiek seinale gaizto bat bidaltzen dute.

KM 41: Nork jarri ditu adokinak  hemen?

KM 42: Pilarika la mañica !!!! Heldu naiz azken zuzenera.  Maiderri irribarre bat eta listo. Gustura nago nahiz eta haizeak buruko ileak aldrebestu dizkidan.

 

ZARAGOZA MARATON

03:27:11   Urakana azken kmtan

 

Maratoi guztiak:

Maratoiak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude