INFERNUA ALDAPAN

Hamaika alditan begiratu diogu asteburuan Aloñako mendizerrari. Lainorik, elurrik edota eguzkirik ote den jakiteko. Korrikalariren bat bilatzeko ahaleginean. Edota mendizerrak bertan jarraitzen duen ziurtatu nahian edo.

Ostiral gauez Buetraitz mendia izan zen protagonista. Urkullu errakak, nork jakin zenbat urteren poderioz, sortutako amildegiak profilatzen du Arantzazuko erliebe gaiztoa. Eta barrenetik, Bellotza baserrirako porlanezko bideak eskubirantz egiten duen lekutik, errekako harrizko zubi zahar eta txikiaren albotik, alegia, atera zen Buetraitzeko tontorrerainoko prozesioa.

Iluntasunari aurre egiteko bekokian eraman genuen argia. Aparkalekura iristearekin bat, inFernurako bidea goranzko norabidea ere baduela konturatu ginen. Inpernua eta erlijioa era dotore batean nahasten saiatzen ziren Santutegiko eskailera pikoetan. Eta bengala eta argi gorriekin tupust egin ostean, Goikobentako larreetan gora, soleoak lehen haieneak transmititzen hasi ziren eta minberaturik izan nituen Durun eta Buetraitz bertako arkaitzetan ere. Lasterketa desberdin eta ikusgarri bat gero eta potoloagoa egiten ari den nire Pandoraren lasterketen kaxa partikularrerako. Ene.

Zapatu goiza euritsu esnatu zen. Gainera, haize bolada bat edo bestek, euri eta eguzki izpien arteko talka xelebrean tartekatzeko ahalegina egiten zuen. Orduan ere, behin baino gehiagotan begiratuko genuen Gorgomendi, Buetraitz eta Akaitzera. Iganderako planak argitze aldera, eguraldiak eman beharreko  lizentziaren bila ariko bagina bezala.

Maiatzaren lehenego eguna zela gogorarazi zidan igande goizeko iratzargailuak. Ilobaren Jaunartze ospakizuna ere banuela eguneko menuan  otu nintzen.  Goiz hotzak Aloñara begiratzeko gonbita luzatu zidan. Elurrez apaindutako lizentzia txuria eskaintzeko prest azaltzen zen mendizerra.  Lasterketa lineala egin behar zuen korrikalri, gainerako laguntzaile eta zaletuak ardura puntu batekin irudikatu nituen.

Lasterkariak plazara iristen ari ziren bitartean errezelu handiz begiratzen nion parrokiako ate zabalari. Ilobak, marinel trajedun mutikoak, altarea izango zuen dagoeneko begien aurrean. Eta kostata, behin lagun pare bat helmuga zeharkatu eta zoriondu nituenan, sartu nintzen apaizaren berbak entzutera. Une batez derrigortua elizako aulkia berotzen nueneko garaia etorri zitzaidan gogora; barkilleroan erositako koreanoak irudikatu nituen apaizak erakusten zuen bedeinkatutako kalizaren barruan. Argazki pare bat atera eta plazara bueltatu ginenerako helmugako arkua batzen ari zen antolakuntza.

Aitzpe elkartean ospatu genuen egun batez marinel bilakatutako mutikoaren jaunartzea. Apaizak emandako ogi zatia barkiloa iruditu omen zitzaion. Ez dakit koreano ospetsuekin alderatzeko atrebentziarik izango lukeen. Nik behintzat, gustura jaten nituen. Oraindik ere, agian, Aloñako deabrua ezagutu ere ez nuelako egiten.

 

fuegos-artificiales_21246929

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude