ERABAKAIAK IREGUAN

Cameros izeneko mendietan sortzen den ibaia dugu Iregua. Ebro ibaiaren eskuin aldeko adar honek eman dio izena asteburuan jokatu dugun abentura Raidari; Nalda izeneko herrian hasi eta bukatu den 7 orduko lasterketari.

Ostiralean bertaratu ginen Nalda herrira. Heldu ginenerako herriko farolak nekatuak ziren kaleak argitzeko ahaleginean. Udako igerilekuko kamareroa eguneko azken zuritoak ateratzen ari zen Cola Cao bero bi eskatu genionean. Loa erraztuko zuen botika beroa gustura hartu genuen. Olasaren furgoneta dotorean egin genuen lo mapa, aldapa, baliza eta dena delakoen zai.

Gozaltzeko kafetegi bat behar eta plazako taberna zaharra zabalik baino ez. Gerra Zibilaren osteko hamarkadan eraberritutako kafetegi ziztrin batean hartu nuen eguneko lehen kafe hutsa. Olasak bi magdalena irensten zituen aldameneko gizon koadrila su-egurraren prezio, pisu eta dena delakoez ari zen bitartean. Logistika guztia martxan jarri eta hamarretatik bi minutu pasa zirenean atera ginen abenturara.

Orokorrean estrategia txukuna erabili genuela esango nuke. Halere, onartu beharra daukat behin baino gehiagotan aldatu behar izan genituela hartutako erabakiak. Giharrak lehertuta heldu nintzen lasterketako azken sekziora, bizikletakora alegia; ez ditut ganorazko entrenamenduak egin eta. Aitzitik, gustura gelditu ginen/ nintzen egindako saioarekin.

Estrategia aproposena aukeratzea ez da askotan erraza izaten. Eta behin erabakia hartuta ez dago atzera bueltarik. Aurreko astean ez nuen blogera ekarpenik egin; izan ere, horren atsegina egin ez zaidan 2016ko OƱatiko Nazioarteko lasterketa izan nuen esku artean. Dakizuen moduan aurtengoan ez da ospatuko eta erabakia hartzea, benetan diotzuet, zaila izan da. Antolatzen hasi ahala, arazo ugari sortu zaizkigu. Balabide ekonomikoei dagokionez, orain arteko babesle garrantzitsu batzuk ezezkoa eman digute eta arazoari aurre egiteko orduan, ez dugu talde bezela erantzuteko beharrezko antolaketarik izan. Zalantzez josita, aurtengoan ez antolatzea erabaki dugu; erabakiaren baitan, egon dadila, estrategia apropos bat datorren eta datozen ekitaldietarako.

Hor nonbait, 50 kilometro egin genituen Cameros aldean. Pilotalekuko aldagelak izoztutako dutxa bat eskaini zigun. Giharrek agian, eskertu zuten; gorputzak berriz, bustinezko platerean ateratako patata beroak hartu zituen gustura. Lagunen artean estrategia ezberdinak ez ezik, egunak eskainitako abenturak ere izan genituen berbagai. Beti ere, aldameneko platerrera begira, plater bakoitzeko txoixo mutur kopurua kontatzen agian.

Beharbada gaur hasi dugun astea ezberdina izango da. Estrategia marabillosoren bat ekoizteko aukerarik ere aurkeztuko zaigu. Ireguatik Ebrora eta Ebrotik errekatxo txiki batera, Errekaurkullura. Arantzazuko amildegi azpiko zubian hasiko baita Buetraitzerako bidea. Zein izango da estrategia??

IMG_20160425_212014

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude