CHOTIS ROCKERO BAT MADRILEN

Madrilen gaude apirileko azken asteburua pasatzen. 5 minutu barru goizeko 9ak izango dira eta gu Rock and Roll doinuz bustitako maratoiari ekiteko gertu gaude. Azken luzaketa inprobisatuak egiten ari gara Cibeleseko iturriari so; igandeko anjelusari, Neptunorekin batera agian, bidean egingo diogu kasu. Irteerako marrak Oñatiraino eraman nau, zapatu goizera alegia. Antxintxiketan kirol elkarteak antolatutako espedizio bat Madrilera abiatzeko prest dago; hamalau lagun goaz Madrila, kilometroak irenstera eta aisialdiaz gozatzera.

Castellanan gora goaz. Erritmoa kontrolatu beharra dago; Olasagasti lagunarekin egingo diot aurre maratoi luzeari. Chamartingo geltokira iristean geure taldean ezaguna den Chema Martinez handia ikusi dugu. Lasterkari ugariren agurra jaso du eta berak, irribarre zintzoak oparitu dizkigu. Dagoeneko iritsi gara 5. kilometrora eta soilik gora begiratzen dituzten aldapa, erripa,  eta antzerakoak baino ez ditugu ikusi. Sol inguruko aintzinako kaleetara iristen ari garen horretan nabaritu dugu bizkarrera josia balitz bezala, “Mantón de Manila” delakoa. Chotisen bat dantzatzeko pausu armoniko eta egokiak konpas ankerrenetara jostea zilegi balitz, gaitzerdi. Eta jostunak aipatze aldera,  erabakitzeko eskubidearen alde ospatutako festan batutako oihalekin hautestontzi bat ere egin dute Oñatin. Ganorazko chulapoak herrian, bai horixe!!!

Konturatu orduko 22. kilometrora heldu gara. Bengoetxea eta Untoria ere horrela iritsi omen ziren zenbaki horretara. Binakako txapelketa eskuratu du bikoteak joku ederra eginez gainera. Une egokia izan da energía berezia eskaintzen duten gel marabilloso horietako bat hartzeko; Casa del Campoko kilometro aspertuak interpretatzeko ordua iritsi zaigu. Erritmo polita daramagun honetan hasi da zerua benetan negarrez; inork  badaki ere, Mortiroloa ekarri dute Madrila. Guk bederen, ikusi dugu. Dagoeneko lasterketaren hiru laurdenak beteta, Gorgomendirako  aldapekin ere gogoratu gara.  Aloñako igoera arrakastatsu bat ospatu zen atzokoan herrian; debruaren lizentziapean Becerra eta Olazabal izan ziren azkarrenak. Asko izan dira lasterketan parte hartu duten oñatiarrak, zorionak guztiei.

Atocha zaharreko geltoki paretik pasa gara oharkabean. Prado, Tysen eta antzerakoak bisitatzeko denborarik gabe gaude antza; Olasak ezustekoa eman dit erritmoa bizitu duenean; gogor dago mutila 7 kilometroren faltan.  Irentsitako kilometroek gihar guztiak zeharo mindu badituzte ere, ez dago brometarako tarterik azken txanpan. Helmugako zuzengunera iritsi aurretik ikusi ditugu espedizioko kideak aterkien azpian; zirrara gozo bat sentitu dugu, emozio eztien unea iritsi zaigu. Retiroko txalupetaraino zipriztindu dugu azken metrotako ahalegina; zeharkatu dugu helmuga, orain, 42 kilometro eta 195 metro gutxiago ditu Madrilek .

Helmuga zeharkatu osteko emozioak gustura luzatzen dira lagun artera. Espedizioko gainerako kideen ahalegina ere, ederki islatzen da Alcalako Ateak ateratako erretratuan. “ Hay esta, hay esta viendo pasar el tiempoooooo…..” dio rock doinu ezagunak; Rock and Rolla izan du maratoiak.

Igande arratsaldez hartu dugu autobusa Euskal Herriruntz. Giro ederra ekarri dugu autobusean. Iturginaren kontuak entzun ditugu Bardenen filma bat ikusten saiatzen ginen bitartean.  Ni oso gustura nator etxera; lagun berriak egin, kirolaz gozatu eta txoferraren aurpegian irribarre bat ere somatu dut. Itzela. Hurrengo irteera pentsatzen hasi beharko gara; Estokolmo, Bartzelona….edo agian Cleveland???

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude