ASTEBURUARI BEGIRA; MARTXOAK 3/ 4
Igandeko futbol partiduan zai ginen zale asko. Ilusio handiz, aurkeztu ginen San Mamasen baina kanpoko faktoreek erabaki edo baldintzatu zuten norgehiagoka. Horren akats erabakigarriak ezin dira onartu; epaile lanetan ibili zen gizasemeak txartel gorria merezi du.
Markel Irizarrek, berriro ere, maila ikaragarria erakutsi du Paris – Niza lasterketan. Atzoko erlojupekoan 8na izan zen izen handiko txirrindularien atzetik. Itxura  ederra du klasiko honek. Astarloza pasaitarraren maila ikusteko irrikitan nago. Bestetik, ea Euskadiko itzuliaren inguruko kontu guztiak bide onetik doazen; Mutiloaren ustetan, Vueltak ez du Euskadiko itzulia baldintzatzen. Agian, zuzenean ez, baina egoera honetara iritsita, Jaurlaritzak Vueltari eman beharreko dirua “gorde” izan balu, orain, benetako beharra duenak, ederki eskertuko luke.
Duatloiak ere martxan daude. Oñatikoa datorren zapatuan.Beñat Arnaiz atxabaltarrak gogor ekin dio denboraldiari. Oker ez banaiz, hiru podium lortu ditu dagoeneko. Azken ekitaldietan ezin izan du Oñatin bere lana erakutsi baina aurtengoan bertan izango dugu. Berarekin batera OTTko duatleta ugari izango da herrian. Zorte on antolakuntza eta duatleta denei.
Neuk asteburu potente samarra izan dut. Larunbatean, Oletan, babajan mundiala eta igandean berriz, gurasoen ospakizun xumea; 40 urte egin dituzte elkarrekin ezkonduta. Ardoa gustatzen zaigunontzat aitzakia paregabeak aurkeztu zaizkigu Bakoren omenez jarduteko. Gaur bixamona.
Atez atekoa ere ate joka dugu. Kalean pil-pilean dago gaia. Informazioa jasotzeko garaia da. Beharbada, aferak abiadura handiegia hartu du. Batetik, ezuste batean atez atekoaren aldekoek emandako prentsaurrekoa dugu eta bestetik, Debagoienean oposizioan dagoen alderdiaren jarrera dago. Prentsurrekoan atez atekoa ezarriko dela adierazten zen eta oposizioak herri-galdeketa bat eskatzen du. Agian, galdeketa litzateke egokiena baina lagun batek esan zizkidan hitzak datorzkit gogora; orain arteko urte guztietan inongo herri-kontsultarik gabe eraman dituzte aurrera euren egitasmoak eta orain inposaketa hitza errazegi erabiltzen dute. Gaia luze joango da eta kontu honetan irabazle bakar bat behar dugu: herria. Ea arazoak izaera politikoa hartu ezezik, soziala  ere hartzen duen.

Bukatzeko, Dominikar Errepublikakoek festa giroa Oñatira ekarri izana aipatu gura nuke. Sierra Madre kubatarren Oñatiko elkarteak, Dominikar Errepublika oinarri hartuta, festa egin zuen; Euskal Herri guztitik etorri dira dominikarrak eta kontsula ere eurekin izan zen. Ekimen polita. Baina hobe, astebetez, bertako hotelen batean eta margarita batekin arazoetatik urrun izateko aukera begeneuka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude