Egilearen artxiboa: goienakirola

Mondrak ez du gutxiago den konplexurik

Asteburuan jokatu duten Bergara Hiria poltsikoratuta hasi da Gotzon Urzelairen proiektu berria –Realaren kontrako partidua ez dugu kontutan hartuko– eta maila bat gorago egongo diren Aretxabaleta, Bergara eta Antzuola moduko taldeen aurrean gailendu da. Denboraldiarreko torneo bati ez diogu daukana baino garrantzia handiagoa emango, jokalariak probatzeko erabiltzen direlako halakoak, baina talde bakoitzak izan beharreko gutxieneko harrotasuna zanpatu dute, batez ere gaur, finalean Antzuolari 5-1 irabazita.

 

Torneoko lehenengo ezustea Antzuolak eman zuen egubakoitzean, kontrario zuzen Bergara kanporatu zuten-eta mailaz igo berri direnek. Ligan saltsa apur bat jartzeko, lehenengo osagaiak jarri dituzte antzuolarrek. Eta zapatuan, kategorian aurrealdean ibiltzeko gaitasuna urtero-urtero erakusten duen Aretxabaleta kanporatu zuten mondragoetarrek. Hala, Antzuola eta Mondra sailkatu dira gaurko finalerako.

Antzuolak lehenengo kolpea

Partiduko lehenengo zatian Mondrak jokatu du hobeto, baina antzuolarrak izan dira lehen kolpea ematen lehenak. Mondrak berdinketa lortzeko aukera garbi ugari izan ditu, baina lehenengo zatia amaitzear zela lortu dute Antzuolaren atea zulatzea (1-1).

Bigarren zatian, ostera, Urzelairen mutilek min egin dute kontraerasoan, eta beste lau gol egin dituzte. Hala, bost gol horietatik bi lortu dituen Txonan izendatu dute finaleko jokalari onena:

Mondrako jokalaria, saria jasotzen.

Antzuolaren partetik, Zubikaraik jaso zuen bigarren sailkatuaren garaikurra:

Mondraren 100. urteurreneko ikus-entzunezkoa sarean

Arrasateko talde zuri-morearen ibilbidea laburbiltzen duen ikus-entzunezkoa sarean dago jada. Oihan Vitoriak eta Jokin Uribeetxeberriak egindako lana duela 15 egun estreinatu zuten Kulturaten eta gaur, astelehena, zintzilikatu dute sarean. Ordu erdi pasatxo irauten du eta taldearen historiako irudi eta pasarte esanguratsu ugari batzen ditu: sorrera, une pozgarriak eta gogorrak, anekdotak… Klubaren historia errepasatzeko helburu horrekin berarekin urte bukaeran plazaratuko duten liburuan txertatuta joango da, gainera, DVD hori; abenduaren hasierarako prest egongo da eta Gabonetarako jarriko dute salgai.

Ander Garai: ” Igoera lortzea hiru urtetara zehaztutako erronka da, ezin gara zoratu”

Uztailaren 18an Mondrak egindako batzar orokorrean hartu zion Jose Luis Ezkurrari lekukoa Ander Garaik taldeko presidente karguan. Zenbait erronkei egin beharko die.

Garai ez da berria Mondran; azken urteetan bertako lantaldearen parte izan da eta badaki nolako lanak egin behar izaten diren. “Elkar ezagutzen dugu, talde polita da eta lanerako gogorik ez zaigu falta”. Gustura dago arrasatearra, beraz. “Bertigo pixka bat ematen duen arren, ez nago bakarrik eta errazagoa izango da”.

Diru eta talde kontuak

Taldearen egungo egoeraz egin digu berba Garaik eta klubak azken urteetan pilatutako zorra izan du hizpide: “Ekonomikoki egonkortzen goaz. Bospasei urtetara zorra kitatzea zen asmoa. Gure xedea, orain arte bezala, zero gastu edukitzen jarraitzea izango da”.

Lehenengo taldeari buruz berba egitera ere animatu da eta Garaik aditzera eman duenez, igotzea izango dute xede, baina ez epe motzera begira: “Taldeak maila galtzea golpea izan zen. Igotzea da helburua, baina hiru urtetako epe bat finkatu dugu;  ez dugu uste eta xede horrekin zoratu behar garenik”.

Gainera, arrasatearrak azaldu duenez, taldea gaztetzea ere bilatuko dute. “Eta beste erronka bat ere ipini diogu gure buruari: etorkizunean Mondrako lehenengo taldea harrobiko jendeaz –egon badago-eta–, bertako jokalariez osatuta egotea, eta aukera egongo balitz, bere osotasunean hala izatea gurako genuke”.

Eta emakumeen taldeagatik galdetuta, presidentearen berbetan, “mutilen taldearekin segituko duten filosofia berdina mantendu” gurako luketela gaineratu du Mondrako presidente berriak.

Jokalariez bai, baina entrenatzaileez eta entrenatzaile izateaz ere egin du berba, hezitzaile izatearen garrantzia azpimarratuz: “UDAkoen iniziatibaz, irailetik aurrera-edo, titulazioa Arrasaten bertan atera ahal izango dela pentsatzen dugu, eta eskertzekoa da”.

Mendeurrena dela eta, eskerrak

Amaitzeko, mendeurrena ere ekarri du gogora futbol taldeko presidenteak. Hala, orain arte data berezia ospatzeko prestaketetan lagundu duten den-denei eskerrak eman gura izan dizkie zuzendaritzakoen izenan, “baita antolatutako ekimenetan parte hartu duten guztiei ere”.

 

 

“Mondran aro berri bat hasteko ordua heldu da”

Urteko batzar orokorra egin du Arrasate Futbol Elkarteak. Kluba onbidean jartzeko prozesua martxan da Mondra futbol taldean. Atzo, eguaztena, egin zuten urteko batzar orokorra, eta datorren urteotan helburu nagusia izango da taldea berritzea, gazteei paso emanez eta horiengan konfiantza osoa jarriz. Argi dago aurtengoa kirol kontuetan ez dela urte ona izan; arlo ekonomikoan, ordea, oso bestelakoa izan da. Azken urteetako arazoak konpondu eta onbidean jarri dute kluba, eta Ander Garai presidente berriak esan duen bezala, “Mondran aro berri bat hasteko ordua heldu da”.

Pasa den denboraldiko kontuekin hasi aurretik, 29 urtetan presidente izan den Ezkurrak esker hitzak izan zituen atzoko batzarrean klubeko bazkide eta laguntzaileentzat, eta testigua Ander Garairi eman zion. Ondoren, kirol arloaren eta arlo ekonomikoaren errepasoa egin zuten.

Horiekin amaitzean, Abel Maestrek, klubeko kirol zuzendari berriak, egingo dituzten eta egin dituzten aldaketak azaldu zituen. Dagoeneko datorren denboraldia planifikatzeari ekin diote, eta futbolari gazteei paso ematea erabaki dute; horrek, baina, urteak klubean eman dituzten jokalariei agur esatea suposatu du, eta batek baino gehiagok ez du ulertu. Hala ere, hartu beharreko norabidea argi dute, eta bai lehenengo taldean baita infantil, kadete, gazte eta emakumeen taldeetan ere, bertako kirolari gazteei aukerak ematean lan egin behar dute. Mondrako taldearen parte izatearen sentimendua indartu nahi dute, nortasuna indartu, alegia.

Beraz, atzo argitu zuten moduan, maila galtzea aukera polit bat izan daiteke klubari beste norabide bat eman ahal izateko. Zorte on!

Amaitzeko, Aitor Rodriguez jokalari gazteari animoak bidali zizkioten, izan ere, Rodriguezek lan istripua izan zuen martitzenean eta hori dela-eta futbola alde batera utzi beharko du.

Mondraren zein Realaren etxea izan da Mojategi

Partidu historikoa bizi izan du gaur Mojategik, hainbat arrazoirengatik: Mondraren 100. urteurrena, Realaren lehen bisita Mojategira, orain arteko sarrerarik jendetsuena, eta emaitza, gutxienekoa bazen ere, futbolean batere ohikoa ez dena: 0-12. Emaitzak ez du inor harritu, bi taldeen arteko aldea ikusita. Iagoba Arrasate Realeko entrenatzaileak esan duenez, taldearen jokoak “sentsazio onak” utzi dizkio: “Aurkariari errespetu osoz, exijitu diguten maila ematen dugu. Probatzeko eguna izan da, batez ere erasoko jokoan, eta pozik nago”. Mikel Gonzalez ‘Gontxa’ jokalari arrasatearrarendako “oso egun berezia” izan da: “Polita izan da etxean jokatzea, harmailak goraino beteta”. Lagunartekoa hasi aurretik jaso dituen opariengatik “eskerrik beroenak” eman ditu. Partidua amaitzeaz bat, halako kasuetan ulertzekoa denez, zaletuek hartu dute futbol zelaia, euren izarrekin argazkiak atera eta autografoak eskatzeko.

ARGAZKI GALERIAK
REALEKO JOKALARIEI HARRERA SINADURAK ZALEEI PARTIDUAREN LEHEN ZATIA BIGARREN ZATIA ZALEEN AMAIERAKO OSPAKIZUNA

BIDEOAK: Golak eta giroa
http://vimeo.com/70211341#at=0

Mondra serio irten da, ondo jarrita, eta lehen minutuetan aurre egin ahal izan dio talde txuri-urdinari. Golen bat egiteko aukeraren bat ere izan du Iker Pavon gazteak, baina hortik aurrera Reala izan da jaun eta jabe. Atsedenaldira 0-5eko emaitzarekin heldu dira eta bigarren zatian ia jokalari guztiak aldatu dituzte bi taldeek. Bigarren zatian ere dinamika bera jarraitu du norgehiagokak: Mondrako jokalariak baloiaren atzetik eta Reala patxada guztiarekin jokatzen. Gola egiten duten jokalarien zerrenda luzea da oso: Vela, De la Bella, Zurutuza, Prieto, Sangalli, Ros eta Pardo.

Gaur da egun handia!

Gaur, egubakoitza, jokatuko da Mondra eta Realaren arteko partidua, Arrasaten. Neurketa horretarako prestatzen, jokalari zuri-moreak buru-belarri ari dira lanean, eta berdin zuri-urdinak ere; nahikoa da Zubietan nahiz Mojategin ordubetez egon eta zelako lan-saioak egiten dabiltzan ikustea. 17:30ean zabalduko dituzte Mojategiko lehiatilak.

Mikel Gonzalez: “Berezia izango da herrian jokatzea”

Realeko jokalari batendako gaurko partidua berezia izango da. Mikel Gonzalezek ondo ezagutzen ditu Mojategiko harmailak, tarteka Mondraren partiduak ikusi izan dituelako, baina oraindik ez du berdegune hori zapaldu. Gaur egingo du lehenengoz.

Norberaren herriaren aurrean jokatzea, berezia?

Bai, duda barik. Kilometroen harira duela urte batzuk Realak eta Osasunak Atxabalpen jokatu genuen lagunartekoa, eta partidu hartan Atxabalpen jokatu ahal izan nuen. Mojategi, baina, oraindik ez dut estreinatu.

Lagunak dituzu Mondran, egingo zenuten partiduaz berba.

Bai, koadrilakoak ere baditut Mondran, eta ezagun asko. katxondeoa ere izan dut eurekin, polita izango da. Ez bakarrik euren kontra jokatzea, baita Mondraren urteurrenean parte hartzea ere. Realean orain gutxi ospatu ditugu 100 urteak, eta klubarendako urte berezia izaten da.

Gogor hasi zarete lanean.

Bai, urte gogorra dugu aurretik, partidu askokoa. Liga hasteaz batera Txapeldunen Ligako kanporaketa fasea izango dugu, eta ondo prestatu behar gara.

Posible da hiru txapelketetan ondo lehiatzea?

Partidu asko izango dira, uste dut aurtengoaz alderatuta partidu bikoitza jokatuko ditugula, baina nik uste dut baietz, maila polita eman dezakegula hiru txapelketetan. Horretarako prestakuntza da garrantzitsua, baina esperientziadun jendea dugu lanean horretan pentsatzen. Jende asko dugu taldean, eta denok izango dugu jokatzeko aukera

Azken egunotan Real Madrilek Asier Illarramendirengan duen interesa izan da albiste. Eragiten dizue horrek?

Eragin ez, baina garbi dago gure artean ere komentatzen dugun gauza bat dela. Eta bestela ere, jendeak galdetuko digu, seguru. Horretan, baina, guk ezer gutxi dugu esateko. Real Madril gertu badago Illarraren klausula ordaintzeko ezer gutxi dago egiteko. Guretako bistan da jokalari garrantzitsua dela, eta gainera, kriston tipoa da. Taldean besoak zabalik hartuko dugu, ea zertan gauzatzen den dena.

Urzelairen Mondra eta Arrasateren Reala gertu, Mojategin ikuskizuna emateko

Gertu dago dena. Mojategiko berdeguneak orain arteko partidurik ikusgarriena hartuko du gaur, egubakoitza (19:00), Txapeldunen Ligako Realaren bisita izango duelako. Eta talde txuri-urdinak Mondra izango du aurrean, ziklo berri bati ekin dion taldea. Mojategiko leihatilak 17:30ean zabalduko dituzte sarrerak saltzeko (nagusiek 10 euro, gaztetxoek 3).

Jagoba Arrasateren (Berriatua, 1978) taldeak kolpe batean ahaztu ditu oporrak, aste barruko entrenamendu saioak intentsitate handiaz egin dituelako. Nahikoa da Zubietan ordubetez egotea ikusteko lan-saio gogorrak egiten dabiltzala, baloiaz eta barik, arlo fisikoari garrantzia emanda. Eta, berehala ikusten da, baita ere, oporretan zein lasaitu den komeni baino gehiago. Griezmann, esaterako, larri ikusi genuen eguaztenean, taldekideen erritmoari eusteko arazoekin –bero galanta egiten zuen.

Reala, aste barruan Zubietan entrenatzen.

Mondraren partetik, liga amaituta oporraldia behar baino gehiago ez luzatzeko ohitura izan da uztailean bi astez entrenamenduak egitea. Eta oraingoan aitzakia bikoitza izan dute, Realaren kontrako partidua prestatzeaz batera Gotzon Urzelai (Bergara, 1980) entrenatzaile berriari ondo etorriko zaiolako jokalariak ezagutzea: “Egia esan, guk partidu hau anekdota moduan hartzen dugu. Baina gauza polita da, Mondrara etorri eta Reala moduko talde baten kontra jokatu ahal izatea”, adierazi zigun Urzelaik joan den astean, aurkezpenean.

Hala, datorren denboraldian elastiko zuri-morea defendatuko dituzten jokalariak bertatik-bertara ezagutu ahal izango dituzte zaleek, Urzelaik aurreratu moduan, 10-11 jokalari berri izango dituelako taldeak.

Komunikabide asko

Mondrako zuzendaritzako ordezkariak buru-belarri dabiltza lanean, gaurko hitzordua behar den moduan irten dadin. Erronka galanta da eurendako, halako kirol hitzordu bat antolatzeko lan handia egin behar delako. Dena ondo bidean, baina, Mondrak merezi duen ospakizuna izango du, eta bultzada galanta, arlo ekonomikoan.

Sarrerak aurrez erosi ez dituenak gaur izango du horretarako aukera, Mojategiko leihatilak 17:30ean zabalduko dituzte-eta. Horrekin batera, komunikabide askok erakutsi dute partidua jarraitzeko interesa. Telebisten kasuan, Goiena Telebistako lantaldeaz batera lanean izango dira Antena 3, Canal+, ETB eta Teledonosti. Egunkari eta edizio digitaletarako, ostera, beste komunikabide askok egin dute eskaera.

Batetik, ulertzekoa da komunikabideen partetik Realaren proiektua abian jarriko den momentuan egon nahi izatea, baina zalantza barik, Asier Illarramendiren affaire-ak beste komunikabide askoren interesa piztu du; horiek, baina, arduratuago egoten dira Real Madrilen egunerokoaz, talde txuri-urdinarenaz baino. Atzo, eguena, Zubietan izan zen Illarra, taldearekin lehen entrenamendu saioa egiten. Eguaztenean Realaren eta Real Madril taldeen arteko negoziaketek luze jo zuten; Zubietan ziren entrenamendu saioa jarraitzen zuzendaritzako kide Juanjo Arrieta eta Aitor Mendibil, eta serio zeuden. Negoziaketa horiek, baina, oraindik ez dute fruiturik eman, eta mutrikuarra Zubietan izan zen atzo entrenamendu saioan. Ikusteko dago gaur Mojategin egongo ote den; hala bada, zaleek Realean geratzeko eskatuko diote, Zubietan gertatu moduan.

Partiduekin hasteko gogoz

2013-2014 denboraldiko Realak Mojategin hasiko du ikasturtea. Bi astez gogor entrenatzen jardun ostean, lagunartekoen txanda dator, eta jokalariek eskertu egiten dute hori. Helburua, abuztu amaieran gorputzaldi onean egotea, eta Markel Bergarak aurreratu moduan, partiduekin hasteko gogoz daude: “Aurre-denboraldiko bigarren zati hau gustura hartzen dugu, lagun arteko partiduena. Minutuak batzen hasteko unea da, eta ona da partiduen dinamikan sartzea, nahiz eta lagunartekoak izan. Gainera, Arrasateko partidua hitzordu polita izango da, Realak zale asko ditu-eta bertan”.

Jagoba Arrasate entrenatzailea, bailarako gaztetxoei kamisetan sinatzen.

Reala aspaldian ez da Arrasaten egon. Eta Mikel Gonzalez horren jakitun da. Txuri-urdinek bailaran jokatu zuten azken lagunartekoa Ibarra futbol zelaian izan zen, Aretxabaletan, eta Martin Lasarterekin mailaz igo zirenean Realaren autobusa ez zen Arrasatetik pasa –bat baino gehiago haserretu zen orduan. Bergaran egon ziren, eta Arantzazura igo ziren ondoren. Reala Arrasateko zaleekin zorretan dagoela esatea asko esatea izango da, baina gaurko hitzorduak azken urteotako hutsune bat beteko du. Zaleen txanda da orain, Mojategi jendez betetzeko ordua.

Gotzon Urzelai eta Jagoba Arrasate

Gaurko Mojategiko partiduak osagai asko izango ditu, eta horietako bat da entrenatzaile berrien estreinaldia ikustea; biak ala biak, gainera, harrobiko taldeetatik datozenak. Bi gazte, bakoitza bere kategorian, erronkaz betetako denboraldi baten aurrean: Jagoba Arrasatek debuta egingo du gaur Realeko entrenatzaile moduan, eta aurre-denboraldiko lehenengo entrenamenduen ostean Berriatukoaren lehenengo hamaikakoa ikusi ahal izango dugu.

Gotzon Urzelaik, berriz, gaurko partidua anekdota moduan hartzen du, opari polita, duda barik, harrobiko taldeetan ibili ostean Mondrarekin Realaren kontra jokatu ahal izatea. Lehenengoz eseriko da irailetik aurrera sarritan ikusiko dugun Mojategiko aulkian, eta lehenengoz ikusi ahal izango dugu Mondraren aurpegi berria. Zorte onena biei.

 

Estreinatu dute Mondraren historia jasotzen duen lana

Mondra taldeak dituen ehun urteetan bizi izandako une gazi-gozoak, anekdotak, historiaren parte izan diren protagonisten hitzak… Horiek guztiak eta gehiago jasotzen ditu Oihan Vitoria eta Jokin Uribeetxeberriak egin duten eta gaur Arrasaten estreinatu duten dokumentalak.

Mondran jokatu izan dutenak, era batera edo bestera klubarekin zerikusia izan dutenak, betiko jarraitzaileak zein zale gazteagoak… Arrasatear ugari egon dira gaur arratsaldean Kulturaten estreinatu duten Mondrari buruzko dokumenatala ikusten. Ikusten eta gozatzen, emanaldia amaitu denean izan den txalo zaparradari kasu eginez gero.

Ikus-entzunezkoak irauten duen orduerdi inguruan, klubaren sorrera, une pozgarriak eta gogorrak, anekdotak, historian zehar izan diren futbolzelai ezberdinak, nesken taldearen ingurukoak eta beste hainbat kontu jaso dituzte dokumentala egin duten Oihan Vitoriak eta Jokin Uribeetxeberriak, beti ere klubarekin lotura zuzena izan duten pertsonen hitzetan oinarrituta.

“Historia entziklopedikoa baino, nahiago genuen Mondrako kide izan direnek euren bizipenak kontatzea: anekdotak, egindako lagunak, Mondrak zer eman dion… Norberaren testigantza pertsonala jaso gura izan dugu”, azaldu du Oihan Vitoriak emanaldia amaitu denean.

Erakusketa ere bai

Dokumentala ikusten egon diren askok Kulturateko klaustroan dagoen eta Mondraren historiako  argazki jasotzen dituen erakusketa ikusteko aprobetxatu dute. Talde argazkiak dira gehienbat erakusketan daudenak, Mondratik pasatu diren arrasatearrak asko eta asko izan direnaren adierazle.

Bihar eta eguenean, berriz

Dokumentala gaur ikusterik izan ez dutenek bihar eta eguenean izango dute horretarako aukera, beste b i emanaldi egingo dituzter-eta. 19:00etan izango dira biak, berriz ere Kulturaten.