Hileko artxiboak: uztaila 2013

Mondraren proiektu berrirako, entrenatzaile eta kirol zuzendari berriak

Gaur arratsaldean Mojategin egindako agerraldian aurkeztu dituzte Mondrako lehen taldeko entrenatzaile berria izango den Gotzon Urtzelai eta Abel Maestre, klubeko kirol zuzendari berria. Zuzendaritza batzordeko kide den Ramon Azkaratek adierazi du datozen hiru urteetarako kudeaketa eta kirol ikuspuntutik proiektu berria jarri gura dutela martxan, eta gazteek izango duten protagonismoa aurkeztu du.

P1220725

Etorkizunera begira sustraiak jarri eta hortik gora egitea. Horixe da, Mondrako zuzendaritza batzordeko kidea den Ramon Azkarateren esanetan klubak hurrengo hiru urteetarako  planteatu duen proiektuaren helburua. Azkarateren esanetan proiektu horretan taldeko jokalari gazteek berebiziko garrantzia izango dute: “Herriko jende gaztea gura izan dugu taldean, orain arte lehen taldean jokatzeko aukera izan ez duena. Ea esperientzia hartzen duten; badago jendea Mondra goian egoteko”. “Helburu moduan, Zuzendaritzari  igotzea datorkigu burura, baina badakigu zaila dela. Beraz, igo ez arren  ditugun beste helburuak betetzen badira, ez da ezbehar bat izango”, gaineratu du.

Gazteekiko egin duten apustu horrek ekarri du Azkarateren esanetan, Gotzon Urtzelai bergararra entrenatzaile moduan hartu izana: “Bagenituen erreferentziak, badakigu nola lan egiten duen eta gure bide beretik doa: jende gaztearekin lan egitea gustatzen zaio, nahiz eta taldean beteranoren bat ere egongo den”.

Erronkarekin pozik

Azken urteotan UDAko alebinen entrenatzailea izan den Gotzon Urtzelaik bere aldetik, adierazi du beretzat aurrerapauso bat dela Mondrako entrenatzailea izatea. “Erronka berri ba da guretzat, eta oso gustura gaude”. Berarekin batera ibiliko da entrenatzaile laguntzaile lanetan Jon Iregi. Dagoeneko hasi dira taldearekin lanean (gaur egin dute bigarren entrenamendua): “Jokalariek gu,  guk jokalariak eta eurak euren artean ezagutzea da asmoa. Ea jendea ezagutzen goazen, dinamika onean sartzen garen eta urtea ondo hasten dugun” gaineratu du entrenatzaile berriak. Abuztuaren 19an hasiko dute aurredenboraldia; liga, aldiz, irailaren 22an.

Kirol zuzendari berria

Entenatzaileaz gain, kirol zuzendaria ere berria izango da aurrerantzean. Abel Maestrek hartuko du kargua,  alebinetatik hasi eta lehen talderaino. Gazteekiko apustua berretsi du: “Talde polita da, eta sendotasuna dagoen lekuan, gauzak irten egiten dira”.   Klubaren norabidea guztiz aldatzeko asmoa  ere adierazi du Maestrek: “Oinarri aproposak ezarri nahi ditugu; talde kultura egon dadila, Mondra familia bat izan dadila “. Bai klubaren eta baita bere aldetik ere entrenatzaile berriak babes osoa izango duela gaineratu du, eta formetan erabatako aldaketa iragarri du: “Irribarreak ikusi nahi ditut, ez aurpegi tristeak eta alferrikako errutinak”. “Hau kirol bat da, joko bat, beraz goazen ondo pasatzera”, gaineratu du.

Realaren kontrako partidua

Mondraren 100. urteurrenaren harira, Mondrak eta Realak lagunarteko partidua jokatuko dute datorren astean, uztailaren 12an Mojategin. Klubetik partidura joateko deia egin diete zaleei, besteak beste taldeari ekonomikoki laguntzeko ere balioko duelako. Arrasateko Tantaka, Rumba, Monte, Kajoi eta  Ziorla tabernetan egongo dira salgai sarrerak, eta Aretxabaletan, Oñatin eta Bergaran saltzeko asmoa ere azaldu dute. 12 urtetik gorakoendako 10 euro balioko du sarrerak; gaztetxoendako, aldiz, 3 euro.

Oihan Vitoria (Dokumentalaren egilea): “Belaunaldi ezberdinetako jendea batu dugu 100 urteak kontatzeko”

80ko harmarkadan Jose Letonak hartu zuen talde zuri-morearen historia kontatzeko lana. 30 urte geroago, 100. urteurrena beteta, Oihan Vitoria (Arrasate, 1991) eta Jokin Uribeetxeberria (Arrasate, 1989) arduratu dira historia osatzeaz, ikusentzutekoa eginda.  Huheziko ikasle hauek egindako 32 minutuko dokumentala datorren martitzen eta eguenean erakutsiko dute jendeaurrean, 19:00etan, Kulturaten.

Zer dela-eta okurritu zitzaizuen lan hau egitea?

Ikusentzuteko Komunikazioa ikasi dugu Huhezin, eta gradu amaierako proiektua egin behar genuen. Hala, ze gai aukeratu erabakitzen ari ginela, Jokinen lagun Xabi Pavonek [Mondrako jokalaria] aipatu zion Mondrak 100 urte betetzen zituela aurten. Hor sortu zen ideia. Mondrako zuzendaritzari proposamena egin genion, unibertsitatearen baietza izan ostean. Eta Mondrakoei ideia oso ona iruditu zitzaien, besteak beste, urteurrenari bultzada emateko lagungarria izan zitekeelako dokumental hau. Eta, lanean hasi ginen.

Unibertsitatean dagoeneko aurkeztu duzue lana, eta badakit oso nota ona izan duzuela.

Bai, gu gustora geratu gara lanarekin, eta Mondrako zuzendaritzakoei ere asko gustatu zaie. Egia da, baina, unibertsitateko notarekin batera, herritarren iritzia ere oso garrantzitsua dela guretako, akaso garrantzitsuagoa, eta balorazio edo kritika horiek lana jendaurrean erakusten dugunean jasoko ditugu: Mondrako zaleek zer dioten, herritarrek… Eta, dokumentalean elkarrizketatu ditugunen iritzia ere garrantzitsua da guretako.

Zer erakusten du dokumentalak? Aurrerapen bat egiterik?

Garbi dago 100 urte orduerdi pasatxoko lanean batzea oso zaila dela, gainera, zerbait erakargarria egin nahi genuen, ikuserraza. Lana elkarrizketetan oinarritzen da, belaunaldi ezberdinetan protagonista izan direnak batu ditugu, eta penaz ere geratu gara, Mondran zeresana eman duten jokalari asko utzi ditugulako kanpoan. Baina ezinezkoa zen denak batzea.

Hala, Letonaren liburua erabili genuen gu ondo kokatzeko, pertsonaia esanguratsu batzuk identifikatzeko, baina ez genuen kontakizun kronologiko bat egin nahi. Bestalde, Mondrako artxiboko eta Arrasate Press-ko argazki zaharrak erabili ditugu, eta baita Goiena Telebistako irudiak ere; lana osatzeko lagungarri izan dira horiek, baina esandako moduan, elkarrizketak dira dokumentalaren oinarri.

Zeintzuk azaltzen dira? 

Guztira 15 pertsona elkarrizketatu ditugu, euren bizipenak, anekdotak jaso ditugu… Hamarkada bakoitzeko ordezkari ezberdinak azaltzen dira dokumentalean, esaterako, azken belaunaldikoak Laspiur eta Ruben Rueda, Jose Luis Ezkurra presidentea, Realera salto egin zuten Aranbarri, Kortabarria, Sagasta, Aitor Lopez Rekarte, Mikel Gonzalez… Eta, emakumezkoen ordezkari moduan, esaterako, Rosi Catanga eta Sokoa Azkarate. Horiek adibide batzuk dira.

Taldeak aurten izan duen amaierak izan du eraginik lanean?

Pena apur batekin geratu gara, 100. urteurrena irudi tristeekin amaitu dugulako, Goiena Telebistak ligako azken partiduan batutakoekin, jokalariak negarrez, besarkadak… Zalantza genuen dokumentala zelan amaitu, baina gertaera hura kontatu egin behar zen, amaiera tristea da, baina halaxe pasatu da, 100. urteurrenean kategoria galdu da, eta horrela jaso dugu.

Mondrari omenaldia egin dio Gipuzkoako Futbol Federazioak

Ezkurra eta Garai errekonozimendu plaka jasotzen

 

 

Gipuzkoako Futbol Federazioak urteroko batzar nagusia Arrasaten ospatu du eta Mondraren mendeurrena dela eta, errekonozimendu plaka bat eman die Ezkurra, presidente ohiari, eta Ander Garai, presidente berria izango denari. Batzar nagusia Inazio Azkarragaurizar alkateak hasi du, Mondrari zoriondu eta zaleei eta kirolariei orain arte bezala jarraitzeko eskatuz.