Oihan Vitoria (Dokumentalaren egilea): “Belaunaldi ezberdinetako jendea batu dugu 100 urteak kontatzeko”

80ko harmarkadan Jose Letonak hartu zuen talde zuri-morearen historia kontatzeko lana. 30 urte geroago, 100. urteurrena beteta, Oihan Vitoria (Arrasate, 1991) eta Jokin Uribeetxeberria (Arrasate, 1989) arduratu dira historia osatzeaz, ikusentzutekoa eginda.  Huheziko ikasle hauek egindako 32 minutuko dokumentala datorren martitzen eta eguenean erakutsiko dute jendeaurrean, 19:00etan, Kulturaten.

Zer dela-eta okurritu zitzaizuen lan hau egitea?

Ikusentzuteko Komunikazioa ikasi dugu Huhezin, eta gradu amaierako proiektua egin behar genuen. Hala, ze gai aukeratu erabakitzen ari ginela, Jokinen lagun Xabi Pavonek [Mondrako jokalaria] aipatu zion Mondrak 100 urte betetzen zituela aurten. Hor sortu zen ideia. Mondrako zuzendaritzari proposamena egin genion, unibertsitatearen baietza izan ostean. Eta Mondrakoei ideia oso ona iruditu zitzaien, besteak beste, urteurrenari bultzada emateko lagungarria izan zitekeelako dokumental hau. Eta, lanean hasi ginen.

Unibertsitatean dagoeneko aurkeztu duzue lana, eta badakit oso nota ona izan duzuela.

Bai, gu gustora geratu gara lanarekin, eta Mondrako zuzendaritzakoei ere asko gustatu zaie. Egia da, baina, unibertsitateko notarekin batera, herritarren iritzia ere oso garrantzitsua dela guretako, akaso garrantzitsuagoa, eta balorazio edo kritika horiek lana jendaurrean erakusten dugunean jasoko ditugu: Mondrako zaleek zer dioten, herritarrek… Eta, dokumentalean elkarrizketatu ditugunen iritzia ere garrantzitsua da guretako.

Zer erakusten du dokumentalak? Aurrerapen bat egiterik?

Garbi dago 100 urte orduerdi pasatxoko lanean batzea oso zaila dela, gainera, zerbait erakargarria egin nahi genuen, ikuserraza. Lana elkarrizketetan oinarritzen da, belaunaldi ezberdinetan protagonista izan direnak batu ditugu, eta penaz ere geratu gara, Mondran zeresana eman duten jokalari asko utzi ditugulako kanpoan. Baina ezinezkoa zen denak batzea.

Hala, Letonaren liburua erabili genuen gu ondo kokatzeko, pertsonaia esanguratsu batzuk identifikatzeko, baina ez genuen kontakizun kronologiko bat egin nahi. Bestalde, Mondrako artxiboko eta Arrasate Press-ko argazki zaharrak erabili ditugu, eta baita Goiena Telebistako irudiak ere; lana osatzeko lagungarri izan dira horiek, baina esandako moduan, elkarrizketak dira dokumentalaren oinarri.

Zeintzuk azaltzen dira? 

Guztira 15 pertsona elkarrizketatu ditugu, euren bizipenak, anekdotak jaso ditugu… Hamarkada bakoitzeko ordezkari ezberdinak azaltzen dira dokumentalean, esaterako, azken belaunaldikoak Laspiur eta Ruben Rueda, Jose Luis Ezkurra presidentea, Realera salto egin zuten Aranbarri, Kortabarria, Sagasta, Aitor Lopez Rekarte, Mikel Gonzalez… Eta, emakumezkoen ordezkari moduan, esaterako, Rosi Catanga eta Sokoa Azkarate. Horiek adibide batzuk dira.

Taldeak aurten izan duen amaierak izan du eraginik lanean?

Pena apur batekin geratu gara, 100. urteurrena irudi tristeekin amaitu dugulako, Goiena Telebistak ligako azken partiduan batutakoekin, jokalariak negarrez, besarkadak… Zalantza genuen dokumentala zelan amaitu, baina gertaera hura kontatu egin behar zen, amaiera tristea da, baina halaxe pasatu da, 100. urteurrenean kategoria galdu da, eta horrela jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude