Telebista internet bidez ikusteko joera gehitzen dabil

AIMC, Komunikabideen Ikerketarako Elkarteak, internet-erabiltzaileen artean egindako azken datu-bilketaren arabera, internet erabiltzen %68k telebista ikusten du aldi berean. Horrek aditzera ematen digu ze garrantzia duen audientzia sozialak ohiko telebistaren audientziak neurtzeko gailuek aintzat hartzen ez duten audientzia, bide batez esanda–.

Esaterako telebista audientziak neurtzen ezagunena den Kantar Media 2014an hasi zen share soziala neurtzen. Argitaratu zituen lehenengo datuak, Espainiar estatuari gagozkiola, oso argigarriak izan ziren. Ziotenez, 2014ko abendutik 2015eko otsailera bitartean, 15,5 milioi txio egin ziren telebista saioei buruzkoak –tresna abiarazi zutenean froga gisa jasotako datuak.

Ez dugu ahaztu behar, audientzia soziala zenbaki hutsak baino gehiago dela: jendeak telebistan ikusten ari dena komentatzen du eta bere iritzia ematen du ikusten ari den horri buruz. Elkarrizketak sortzen dira telebista-programei buruz eta informazio hori guztia oso baliagarria da telebista programatzaileentzat, baldin eta jaso eta prozesatzen bada, jakina!

Audientzia ezagutzea da bilatzen dena: telebista-saioaz ikusleak duen iritzia ezagutzeko aukera ematen du sare sozialen jarraipena egitea. Tuitele-ko Enrique Martinek zioenez, “telebista-kateei eta ekoizleei engagement maila hobetzen laguntzen die, eta audimetriaren ratingean islatuko da”.

AIMCren azkeneko txostenak dioenez, internet eta telebista aldiberean kontsumitzen dutenen %34k telebista saioen inguruko iritziak kontsultatzen dituzte sarean, telebista ikusten ari diren bitartean. Hala, telefono mugikorrak dira erabilienak sare sozialetan komentarioak egiteko ikusten ari zaren horri buruz: inkestatuen %73k egiten ditu komentarioak sare sozialetan telebistari buruz.

Iturria: AIMC

Bitxikieria gisa: Kantar Mediak egindako lehenengo neurketa hartan, ziotenez, entretenimenduzko saioak ziren iritzi gehien biltzen zituzten txioak. Aldiz, AIMCk argitaratu berrri duen azkeneko inkestaren arabera, ez dira entretenimenduzko saioak gehien komentatzen direnak sare sozialetan; albisteak eta informazio saioak dira iritzi gehien eragiten dituzten programak: %42k egin du horien alde.

Niri neuri oso adierazgarria iruditu zait hori; izan ere, telebistaren programazioari gainbegiratu bat emanez gero, saiorik gehienak, entretenimenduarekin loturiko edukiz osatzen dira; are gehiago, informazioa ere entretenimendu bihurtu dute, eta informazioren espektakularizazioa gertatzen ari da azkeneko boladan.

Bada aipatu beharreko beste datu bat ere: telebista ikusten duten internezaleen artean, batez beste, egunero, 233 minutu egiten dituzte telebistaren aurrean; emakumeek gehiago: 236 minutu.

Baina noiz ikusten dute telebista? Bada, eguerdiko albistegien tartean: 14:00etatik 15:30era eta gauean, iluntzeko albistegiarekin hasi eta gauerdira bitartean. Gogoratu beharra dago gure telebista kontsumoa nahikoa berantiarra dela, ordulariari dagokionez: Europan beranduen hasten den primetime daukagu.

Datu bilketak telebista kontsumo berriei buruzko beste hainbat datu ere ematen ditu: esaterako, internet erabiltzaileen %30ek dio internet bidez ikusi duela telebista, azkeneko 30 egunetan; izan, zuzenean, hau da, streaming-ean, ala nahieran. Hala ere, SmartTB bidez internetera lotzen direnak dira gehienak: %70; gainerakoak, multimedia gailuen bidez edo telebistara beste gailuren bat lotuz (portatila).

(Zebrabidea irratsaion egindako kolaborazioa, 2017ko otsailaren 8an)

SocialTV gaiaz aurretik blogean

Telebistaz txiokatzen dena neurtzeko garrantzia

Telebistan ikusten ari zarena txiokatzen duzu? #socialTV-aren parte zara

Kategoria: sare sozialak, Web Telebisten inguruko inkerketa Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude