Hamabost egun eskas

Hamabost egun eskas haren birikak beharrezkoa dugun oxigenoa airetik odolera garraia arazteko behar diren lanak egiten hasi zirenetik.

Hamabost egun eskas amaren hutsune ilun, umel eta epela, bederatzi hilabetez babesleku, utzi eta argiaren eta ilunaren arteko kontraste oraindik bereiz ezinarekin  bizi izatera ohitu behar izan zuenetik.

Hamabost egun eskas, behin babeslekuaren bakardadea eta isolamendua utzi eta mundu eta jendarte zaratatsu batean bere tokia aurkitzen hasi behar izan zuenetik.

Hamabost egun eskas bere amarekin behin behinekoz lotzen zuen zilbor hestea hautsi eta amarengandik berezituta bizi izatea erabaki zuenetik.

 Hamabost egun eskas bizitzarako bidai luzeari ekin zionetik; baina ai ene! Ezin bakarrik abiatu. Ezin sortu zintuztenen laguntza eta babesik gabe urrats bakarrik eman.

Hamabost egun egin dituzu bizitzaren ikasgai baliotsuenak ikasten hasi zarenetik.  Denbora  asko beharko duzu aske izateko behar duzun guztia ikasteko.

Ikasketa prozesu  luzea izango duzu eta nahi izanez gero bidelagun har nazakezu. Tarteka, eta zeuk nahi duzun une eta egoeretan, beste bidelagun batzuk ere izango dituzu eta.

Hamabost egunetik hona kontrako norabideak  daramaten  bi lerrotan kokatu gara biok. Zu, hazi, hezi, ikusi, ikasi, asimilatu, formak igarri, alaitasuna eta tristura antzeman;  emozioak ezagutu eta emozio guzti horiekin emakumetzeko bidean abiatu zara.

Zure bide luzearen lekuko izan nahiko nuke, eta ondorioz zeu  ere  nik egin behar dudanaren lekuko izatea. Hain justu zurearen aurkakoa, nire bidea ere bizitzaren legeek mugatzen baitute. Horrela behar du eta ez dago zertan kezkatu.

Bitartean, espero dut zure eta nire momentuek sarri bat egitea. Denbora justuan, ez gehiago, ez gutxiago, zuk zure bizitza eraiki behar duzulako nik neurean aurrera egin beharko dudan bezala.  Baina zure eta nire bizitzak elkar-gurutzatuko diren une horiek biontzat politak, bizipozez beteak  eta aberasgarriak izatea nahiko nuke. Horretan saiatuko naiz.

Duela hamabost egun eskas sortu zinen Amaia.