Katalunia independentea ekonomikoki bideragarria dela dioten bi aditu.

Asko idatzi eta hitz egin izan da  Katalunia askearen bideragarritasun ekonomikoaz. Aurka boteretik eta estatusetik, emozioekin jokatuz eta beldurra eragiteko asmo hutsarekin.  Alde beste askok Katalunia independente baten bideragarritasuna garbi ikusten dutelako.

Post honetara  bi ekonomilari eta  irakasle ospetsuren iritziak ekarri nahi ditut. Batetik, Niño Becerra irakaslea, egitura ekonomikoan eta makroekonomian aditua, eta bestetik Joseph Stiglitz Nobel Saria globalizazioa eta honen eraginak herrialde desberdinetan aztertu dituena.

Biño Becerrak Noticias taldeko aldizkariek egindako elkarrizketan ez zuen zalantza izpirik Katalunia independente baten bideragarritasun ekonomikoaz. Arazoak Espainian kokatzen zituen independentziaren hipotesian 23.000 milioi gutxiago jasoko omen dituelako Erreinuak eta bere BPGaren %20a desagertuko omen delako.

Ideia interesgarri bat dago elkarrizketan. Uste du Katalunia esperimentu bat dela Estatuen Europatik Erregioen Europarako bidean. Nik uste horrela bada hobe zutela beste estatu bat aukeratzea esperimentua arrakastarekin amaitu nahi izatekotan behintzat.

Stiglitzek berriz, El Economista aldizkarian zioenez Katalunia erabat bideragarria izango litzateke baita Eurogunetik kanpo.

Aurrekoekin lotuta astean jakin dugu  txirotasun eta bazterkeria sozialaren arriskuan daudenen portzentajeak oso handiak direla Estatuaren hegoaldean: %44,6 Kanariar Irletan, %41,9 Ceutan eta %41,7 Andaluzian.  

Marko honek  klabe ekonomikoetan (espainia handiarena eta beste gako batzuk ahaztu gabe) azaltzen du  zein den eta zein izango den gaur gaurkoz Espainiako politikarien jarduera: bideragarria dena, itotzen saiatuko dira erne ez dadin, eta diruak aberririk ez duenez ikusten ari garen bezala bide erdia eginda dutela esan genezake.

Amaitzeko ez nator bat enpresen egoitza sozialen aldaketei  garrantzia kentzen dietenekin. Ez dute ondorio handirik ekarriko gaur bezala jarraitzekotan, baina zer gertatuko litzateke Katalunia independente baten hipotesian erabakigune guztiak Kataluniatik kanpo baleude? Zer Iberdrola edota MCCko, Laboral  Kutxa edota Kutxabankeko  egoitzak Euskal Herritik kanpo baleude?

Artikuluak interesgarriak direlakoan hemen Niño Becerrarekin elkarrizketa eta Joseph Stiglitzen iritzia

Kataluniari begira.

Katalandarren eta euskaldunen historia parekoak dira gai askotan.

Pirineotako “bakea” Faisaien irlan izenpetua. Felipe IV Espainiakoaren eta Luis XIV Frantziakoren erabakiz Katalunia betiko erdibituta. El Pertus eta La Jonkeraren artean betirako mugak bi erregeren graziaz. Le Pertus kale bateko espaloi bat Frantziar estatua, bestea Espainiarra. Urte asko pasa arren itxi gabeko zauriak.

Canigo harroa. Verdaguerrek 1886an bertsotan omendua  eta urte askoan Pirinioetako gailurtzat hartua. Katalandarren mendi magikoa iparraldean, Frantziar Piriniotan, bi Erregeren graziaz ezarritako mugei esker.

1937ko otsailaren 5ean Agirre Lehendakariak eta Companys Presidentak  Angullanatik Las Illasera Manrellako Lepoan barna, faxismotik  ihesik,  Kataluniatik Kataluniara oinez Faisaien irlak ezarritako muga bera igarotzen.

Katalan hizkuntza bigarren mailakoa bere lurraldean. Aski ikasle baten gurasoek gaztelerazko irakaskuntza eskatzea beren seme edo alabarentzat, ikastetxea derrigortzeko  epaitegi espainoletako sententziek diotenez.

Espainiako ideia monolitikoaren defendatzaile sutsuenek aukeratutako Epaitegi Konstituzionalak  ezabatutako eta edukiz hustutako 2006ko Estatuta.

Lehen eta orain mespretxu eta irain gehiegi  Estatu inperio-amesle baten aldetik .

Felipe VIa Franco diktadoreak Errege izendatutakoaren semea diktadorearen papera jokatzen (El Rey ha hablado f(F)ranco da azken txistea). Europako Estatu torturatzailea,eta jakitun  beste aldera begiratzea nahiago duena, non herritarren iruditerian polititiko eta iruzurgile esanahi bera duten hitzak. Talde paramilitarrak sortzeko lotsarik  izan ez duen mendabaldeko estatu bakarra. Europan preso gehien eta eskubide gutxienekin dituen estatu mendakatzailea

Eta abar eta abar.

Lotsaizun horren aurrean estatu horren barruan jarraitu ala ez erabaki nahi duen herri bat dugu  eta estatu berak ukatzen dio erreferenduma egiteko eskubide. Beste guztia ezaguna da. Errepresioa, zigorra; laister preso politikoak. Ala politikoak preso?

Gaur ikusiko dugu zein den Kalatuniako Gobernuaren eta jendartearen erantzuna.  Erabaki ausartak eta koherenteak hartu dituzte gaur arte. Iritsi da zirt edo zarteko unea. Zaila da alde bakarreko erabakiz independentzia lortzea hilaren amaieran irakasle, mosso eta osasuneko langileen soldatak ordaindu behar badira, ospitaletako hornitzaileen fakturei aurre egin behar bazaie eta  suntsitzaileak erosi behar badira.

Baina krisi hau ez da iada Kataluiniakoa soilik. Estatu osora zabaldu da. Zaragoza, Madril, Valencia… Nonahi izan ditugu askatasunaren edota inperioaren aldekoen  aldarriak. Krisia geroz eta hedatuagoa eta sakonagoa izan dadila lortu behar da.

Eta hitz egitea. Beste irtenbiderik ez dago. PARLEM.

Kale Zaharreko arazoak. Konponbiderako proposamen bat.

 

Oñatiko Udalak Kale Zaharreko taberna bat itxi du hilabeterako. Ez da lehenengo aldia hau gertatzen dena. Beste bat ere itxi behar izan zuen Gabonak inguruan arauak noiznahi hausten zituelako. Arautegia zorrotz aplikatu izan balu, bi baino dezente gehiago  izan beharko zuten itxitakoak.

Badirudi zerbait aldatu dela, edota aldatzen ari dela dozena bat lagun elkartzen hasi ginenetik eta bereziki Arartekora jo genuenetik bizikletek eta tabernen zaratak eta orduak ez errespetatzeak eragiten zizkiguten eskubide eta ongizate urraketa etengabeak salatuz.

Kontua da, Oñatin udalek eta funtzionario arduradunek, ez lehen ez orain, ez dutela inoiz gai honetan sartu nahi izan, arautegia bete arazteak  arazoak eta haserreak baino ez zizkietelako sortzen orain alkateari bezala. “Zuek salaketa ipini Gobernu Batzordearen aurrean zuen izen eta abizenekin,  eta aztertuko dugu, baina salaketa barik ezin dugu ezer egin” esaten zigun arduradun gaur erretiratuak bere eta udalaren arazoa auzotarren eta tabernarien arteko gatazka-esparrura bidaliz eta berari ogibidez eta legez zegokion ardura herritarren eskura pasatuaz.

Arduradunen utzikeria nabarmen utzi zuen Arartekoaren bulegoak gure kexen aurrean emandako erantzunak:  “Oñatiko Udalak Kale Zaharrean ezarri duen araubidea –bide segurtasunari eta oinezkoentzako eremua izateari buruzkoa– betetzea bermatu behar du, eta horretarako, bere esku dauden neurri guztiak, zigortzaileak zein teknikoak, hartu behar ditu, ezarritako araubidea betearazteko.” Hau bizikleta eta aparkatze gaiaren inguruko kezken inguruan erantzun zuena, eta berdin balio duena tabernen arau hausteen gaian. Honekiko aurkeztutako kexaren erantzunik ez dugu oraindik jaso. Agian Udalak izango du.

Erantzuna eta ondorioak oso garbiak dira, eta Kale Zaharreko (eta beste edozein kaleko) bizilagunen eskubideak babesteko udalak bete behar dituen betebeharrak garbi uzten ditu.

Tabernarien gaia lehertu egin da udala bere betekizunak betetzen hasi denean. Ez dut zigor honen inguruan hitz egin nahi ez ditudalako gertaerak ezagutzen. Ulertzen dut taberna jabearen haserrea beste batzuk urte asko daramatzatelako astebururo arauak urratzen inoiz horrelako zigorrik jaso gabe, baina uste dut forma eta arau hausteak desberdin neurtzeko bidegabekeriaz eztabaidatzen baino, arazoari aurre egin eta neurriak jartzeko proposamenak egiten lagundu dezakegula gehiago.

Konponbidea prebentzioan dago beste hainbat alorretan bezala. Ulertezina da larunbat eta jai-bezpera gauetan Oñatiko tamainako herri batek gau-zaintzarik ez edukitzea. Moralkeriak aparte utzita, alkohola eta drogak gehien zirkulatzen duten orduetan areagotzen dira istripu, sexu-gehiegikeriak edota beste arau-hauste batzuk gertatzeko aukerak, eta ez da ulergarria ordu horietan horrelako zerbait jasan duen batek gure herrian gertuko babes edo laguntza publikorik ez edukitzea. Hor konpon! da herritarrok Udaletik jasotzen dugun mezu inplizitoa (lehen eta orain). Arazoren bat baldin baduzu gabaz, bilatu zuk zeure erizaina, deitu osasun zerbitzuetara, jo Bergarako ertzaintzara baina udal laguntzarik ez duzu edukiko ordu horietan oso garestia baita horrelako zerbitzu bat martxan jartzea. Hori bai, ezer larririk gertatuko denean, hurrengo egunean ez dira faltako salaketak, elkartasun mezuak, argazki politikoak eta abar.

Behin baino gehiagotan eskatu diogu udalari ordu horietan bi udaltzain jar ditzala. Ez da derrigorra bikotea porra eskuan kalez-kale ibiltzea. Nahikoa litzateke beren bulegoan dagozela jakitea erasoen edo istripuen biktimak lehen laguntza-eskea nondik bideratu dezaketen jakin dezaten.

Halabe, kontrol tresneria egoki baten bidez, uneoro kontrolatuko lukete zer zarata maila ematen duen taberna bakoitzak, noiz ixten duen, eta arau haustearen une berean  lehen oharpena egiteko moduan lirateke soinua jaisteko aginduz edota taberna ixteko ordua iritsi dela gogoratuz. Seguru tabernariek ere onartuko luketela bide hau

Segurtasuna gehitzeaz bat arau hausteak saihestuko lirateke eta bizikidetzak irabaziko luke auzotar, tabernari eta udalaren arteko liskarrak desagertzeraino

Udalaren erantzuna betik izan da ezezkoa. Baina ez al du bizikidetzat  aukera bat merezi? Emaiozue buruari buelta pare bat mesedez. Aztertu serio proposamena eta hoberik baduzue jarri bera martxan. Guztiok eskertuko dizuegu.

 

 

 

Izango al da gurean inoiz tokirik gizarte zibilarentzat?

Txetx Etxeberrik  Berriari emandako elkarrizketa batean Gizarte zibilak Iparraldean duen  indarra eta Hegoaldekoaren dinamismo eza nabarmentzen ditu : “Argi dena da, eta modu orokorrean —ez dagokie soilik instituzioei—, gizarte zibilaren rola biziki modu desberdinean ikusia dela Iparraldetik ala Hegoaldetik. Iparraldean, azken 20-30 urteetako esperientziagatik —departamenduaren aldeko borroka, Batera, Garapen eta Hautetsien Kontseilua, Aurore Martinen eta beste euroagindu batzuen kontrako borrokak…—gizarte zibila, hautetsiak eta instituzioak elkarlanean aritzeko ohitura bat egon da, gaur egun Hegoaldean irudikatzea zaila litzatekeena, sektore batzuen aldetik bereziki, eta pentsatzen dut gure ekimenaren ikuskeran eragin ahal izan duela: ez zuen sinesgarritasun bera Iparraldean eta Hegoaldean, ez delako ohitura eta kultura bera, gizarte zibilak har dezakeen lekua, bete dezakeen rola, eta bere zilegitasunari dagokionez

Ez da denbora asko,  Caroline Phillips Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko presidenteak Argiari emandako elkarrizketa batean ere, Iparraldeko eta Hegoaldeko demokrazia eredua eta kultura demokratikoaren artean ikusten zituen desberdintasunak azpimarratzen zizkigun Txetxek oraingoan dioena beste era batera azalduz:

 “Hemen (Iparraldean) edozein dela instituzioetan gertatzen dena, gizarte zibilak sendo izan behar du. Bestela, teknikariak politikarien alboan aritzen dira ideiak sustatzen, gizarte zibila alde batera utziz.”

“Ez dut esan nahi Hegoaldean demokrazia ez dagoenik, baina falta dute gizarte zibilaren ordezkaritza indartsu bat, poltikaren egituretatik, instituzioetatik deslotua.”

Gizarte Zibilaren dinamismoak egin du seguru asko posible armagabetze prozesuan alderdi guztiak (eskuin muturrak izan ezik) eta gizartea bera eskutik joatea pitzadurarik gabe, Etxegarai Baionako alkate eskuindar edo zentristak (kasuan ez du garrantziarik) instituzionalki prozesua lideratzea eta egin duenaz harro egotea, eta azken batean prozesua bera arrakastaz burutzea.

Jakina beste diferentzia batzuk ere badaudela Ipar eta Hegoaldearen artean, baina biziki interesgarritzat jotzen dut Iparraldeko bilakaera politiko-instituzionalean gizarte zibilak duen partehartzea politika bera baldintzatzerainokoa. Hurrengo ondorioa Euskarak lehenengoz lurralde estatutua izatea izan daiteke.

Nafarroa ere Erkidego dinamiko bezala azaltzen zaigu. Bazterketaren aurka egoera demokratikoagora eta justuagora bidea egiteko gai izan dira lau alderdi, euren arteko desberdintasunak (gurean gaindi ezinak) behingoz behintzat bazterrean utzita.

Batek baino gehiagok esango du gurean horiek guztiak aspaldi lortuta ditugula, eta egia da neurri batean, baina egia da ere, gure politika, errepikakorra, aspergarria eta atzera begirakoa ari dela bihurtzen. Iparraldean Gizarte Zibilari zaion errespetua eta Nafarroan bertako indarrek desberdintasunak gainditzeko agertu duten ahalmena gurean txertatuko bagenitu beste oilar batek joko liguke kukurruku.

Geroz eta gehiago amorrarazten nau, itxaropen oro galdu arte, hemengo lau-urtean behineko eredu politiko/demokratikoak.

Frantziako politika nahasi dator.

Michel Houellebecq-en Sumisioa liburuan Anaiarte Musulmana bigarren indarra da 2022ko Frantziako hauteskundeetako lehen itzulian eskuin muturreko Fronte Nazionalaren aurretik. Hipotesi honen aurrean beste indar frantsesek nahiago dute Anaiarte Musulmanarekin bat egin eta koalizio handi bat eratu.

2022ra arte itxoin gabe antzeko eszenatoki baten aurrean egon gaitezke, apirilaren 23an, eta bigarren itzulian maiatzaren 7an Frantzian ospatuko diren hauteskundeen atarian. Alde bakarra Anaiarte musulmanak ez duela hautagairik izango.

Frantziako politika aztoratuta dabil munduko beste hainbat tokitakoa bezalaxe. Herritarrek badituzte arrazoiak politika egiteko ohiko moldeak zigortzeko, baina zigorra, politikoentzat bai, baina askotan herritarren aurka, eta bereziki gehien sufritzen dutenen aurka ari da bihurtzen.

Frantziara itzuliaz badirudi ohiko alderdiak Marine Le Penen bidea errazteko ahalegin guztiak egiteko tematu direla. Eskuinaren hautagaiak astindu ederra jaso du aurreko asteotan emaztea eta seme-alabak  inoiz egin ez  baino majo kobratu duten lan fiktizioetan nahasteagatik. Sozialistek berriz, demokratikoki Benoît Hamon izeneko bat hautatu bai, baina hautagaitzat onartu ez hainbat diputatuk: Ai Pedro Sanchez!

Honek guztiak lehen postua ez dakit baina bigarren itzulira pasatzeko aukera guztiak zabaltzen dizkio Marine Le Peneri.

Ikusi egin behar bigarren itzuli horretan Marine Le Peni Eliseoko ateak ixteko   ados jarriko diren besteak Michel Houllebecq-en liburuan bezala, ala ateak zabal zabalik utziko dizkioten.

Caroline Phillips demokraziaz

Caroline Phillips Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko presidentea da. Kontseilua Gizarte zibilaren ordezkaritza da, eta gizartearen kezkak eta proposamenak hautetsiei helarazatea du eginkizun.

Argiak elkarrizketa bat eskaini dio urtarrilaren 1eko alean, eta besteak beste honelako iritzi mamitsuak botatzen ditu.

“Hemen (Iparraldean) edozein dela instituzioetan gertatzen dena, gizarte zibilak sendo izan behar du. Bestela, teknikariak politikarien alboan aritzen dira ideiak sustatzen, gizarte zibila alde batera utziz.”

“Ez dut esan nahi Hegoaldean demokrazia ez dagoenik, baina falta dute gizarte zibilaren ordezkaritza indartsu bat, poltikaren egituretatik, instituzioetatik deslotua.”

Horrelako adierazpenek, gure alderdikraziaz haratago beste demokrazia molde batzuk badaudela erakusten digute. Beste era batera esanda, lau urtean behineko demokrazia eredua gaindituaz beste gizarte eredu parte-hartzaileago batzuetara bidea egiteko aukera dagoela frogatzen dute.

Espainiar demokrazia kalitate gutxikoa dela esaten dugunean ez dugu gehiegi erreparatzen Hego Euskal Herrian azken berrogei urteotan garatu dugun alderdikraziaren kalitate demokratiko eskasean eta hobetzeko dugun bide luzean. Alderdiei eta beste hainbat eragile sozio-ekonomikoei dagokie gai honetan sakondu beharra eta arau eta legeez gain hauen aplikazioan eta gizarte zibilaren protagonismoan oinarrituko den benetako demokrazia parte-hartzaile bat eratzea.

Agian honek guztiak erakusten du zein erraz jartzen diren ados Iparraldeko alderdiak hainbat gairen inguruan, Luhusokoa kasu, eta zenbat kostatzen den Hegoaldean gai esanguratsuen inguruan adostasuna eta batasuna lortzea.

Herritarren parte-hartzeaz

Duela asko idatzi nuen blog honetan bazela Himalaia ingurutan Barne Porduktu Godina baino, arlo eta indikadore jakin batzuk neurtuz Barne Zoriontasun Gordinaren egoera neurtzen tematzen zen erresuma bat. Ipuin baten hasiera dirudiena, errealitatea da, eta guztiek bezala bera alde eta kontrak dituen errealitatea.
Neurtzen duen arloetariko bat gobernantza onarena da, eta honen barruan, ez diote garrantzia handiena ematen gobernuen jarduerari, baizik eta parte-hartzeari eta herritarren dituzten zerbitzuei. Bakoitzari %40ko pisu ponderatua ematen diote, eta Gobernuaren jarduerari berriz %10. Euren iritziz, ematen diztuzten zerbitzuen egokitasuna eta herritarrek parte hartzeko dituzten aukerak dira Gobernantza ona zehazteko irizpideak
Herritarrak goberantzan parte hartzeko erreibindikazioak geroz eta garrantzia handiagoa ari da hartzen gurean, demokrazian sakontzeko oinarri sendo legez, eta dudarik gabe hainbat gatazka konpontzeko giltzarri bezala.
Aspaldian asko kezkatzen nauen gaia, da eta sarri idatzi izan dut Gobernantza onaz. Aitortu behar dut ez naizela aditua eta idazten dudana nire txisteratik aterea dela nola prestidigitadoreak untxia beretik. Alde honetatik eskertuko nuke bateon batek bibliografía egoki bat gomendatuko balit.
Kasu bat hartuta  sakonduko dut nire iritzian.
Lezon EAJ (Gobernua) eta EHBilduk (oposizioa) zaborrak biltzeko akordioa sinatu dute bakoitzak gaiaren inguruan bere programetan zituen oinarrietan  amore emanaz. Akordioak eraginkortasuna, administratuen erosotasuna, iraunkortasuna eta beste hainbat onura dakar.
Udalean zinegotzi bakarra duen alderdiak  berehala eman du prentsaurrea EAJk iruzurra egin duela  eta erreferenduma eskatu du.
Beharrezkoa da erreferenduma kasu honetan? Zalantza barik ez, hamahiru zinegotzitik hamabik izenpetzen duten akordio baten aurrean gaudelako, eta programetan agindutakoaren gainetik herritarren onura egon behar delako nire ustez. Badakit batzuentzat programen erakusleihoan agertzen dena uki ezina dela, bainakoerentzia birtute guztien gainetik jartzen dutenetatik dezente urruti egiten dut igeri.
Erreferenduma beharrezkoa ez izan arren, ez legoke gaizki sesgo politikoa sahiesteko tresnak kontuan hartuta sortuko den talde parte-hartzaile bat antolatzea iritzia eman dezan.
Talde parte-hartzaile ireki gehienek sesgo politiko bat izateko arrisku handia dute. Gure inguruan begiratu baino ez dago eratu direnen %99an, parte-hartzaileen %99a joera politiko jakin bateko militante edo zale zirela ikusteko. Sesgo horrek demokrazia duindu eta parte-hartzailetza sustatzeko egiten diren ahalgin oro deustetatzen ditu  sortzen diren une beretik. Taldeak herritarren ordezkariak izan beha dira eta taldekideak herritar multzo guztietakoak izan behar dira. Norbanakoak ere bai, baina kopuru mugatuan eta teknika estatistikoak erabiliaz aukeratuak. Horrela bakarrik berma daiteke parte-hartze prozesuaren demokratikotasuna eta herritarrek onartuko duten erabaki egokia.
Pausuak hauek izango lirateke.
*Lehenengo udalak definitu beharko luke zein den zaindu nahi duen ontasun publikoa edota zein den herritarren onurarako egiten deun plantemendua. Lezoko kasuan izan daiteke, Udal honetako ordezkariok birziklatze tasa gorenak ziurtatuko dituen zabor-bilketa sistema egokiena antolatu nahi dugu, derrigortasunean, egonkortasunean, bideragarritasunean eta herritarren erosotasunean oinarrituta.

*Galdera bat ere egin beharko luke kasu honetan eta hau izan daiteke: Uste duzue udalean gehiengo oso haundiz lortu den akordioak erreferendum bat behar duela baieztapenerako? Ala ez?

*Taldea osatzea baino ez zaigu geratzen.
Hauek sartuko nituzke: akordioarekin bat egin ez duten udal-taldeetako ordezkari bana, garbiketa-langileen ordezkari bat, sindikatuetako bana, herri-taldeetako (kultur, kirol, elkarte gastronomiko, emakume, ekologista, edadetu, gaztetxe) hainbat ordezkari, ikastola-eskoletakoak, merkataritzakoak, enpresetakoak, Osakidetzakoak,… eta beste hainbeste norbanako, hori bai, lagina zoriz hautatuta taldea bere esanetara nahi duen edornork aukerarik  ez dezan izan bere iritzia kopuruen edo botuen indar hutsez ezartzeko aukerarik .
Iritzi bat da; bide posible bat. Agian ez dut ezer berririk ekartzen ez baitut gai honen inguruko prestakuntzarik eta bibliografiarik. Beharbada bai, ez dakit. Baina seguru proposamen berritzailea dela ez baitut toki askotan horrelako planteamenturik ezagutu nahiz eta antzeko batean edo bestean kide izan naizen, eta seguru demokrazian sakondu eta konfliktoak sahiesteko formula egokia dela. Eta antza gure zoriontasun gordina areagotzeko bidean balio handiko tresna.

Sumisioa

Sumisiorik erabatekoena da giza zoriontasunaren gailurra; bada harremanik emakumearen gizonarekiko sumisioaren eta gizonaren Jainkoarekiko sumisioaren artean.
Tesi hau defendatzen du Sumisioa liburan islama besarkatu duen Ediger irakasleak.
Michel Houellebecq-en Sumisioa liburua irakurri berri dut euskarara Gerardo Markuletak itzulitako bertsioan. Aurtengo urtarrilean frantsesez argitaratua, dagoeneko euskaraz irakur daitekeena.
Egileamusulman alderdi batek hauteskundeak irabaziz gero gertatuko dena aurreikusten saiatzen da.
2022an Anaiarte Musulmana bigarren indarra da Frantziako hauteskundeetako lehen itzulian eskuin muturreko Fronte Nazionalaren aurretik. Hipotesi honen aurrean beste indar frantsesek nahiago dute Anaiarte Musulmanarekin bat egin eta koalizio handi bat eratu.
Koalizioak Mohamed Ben Abbes buru duen batasun nazionaleko gobernua osatzen du, eta Francois Bayrou erabateko ergela hartzen du lehen ministrotzat.
Gizarte berri baterako neurriak laister hasten dira. Hezkuntza Nazionaleko aurrekontuetan murrizte zorrotzak ezartzen dira familien-laguntzako diru-laguntzak indartzeko. Eskola musulmanek ez dute zertan beldurtu, petromonarkien laguntza mugagabea jasoko dutelako, hainbat enpresarik ikastetxe katoliko eta juduak lagunduko dituzten bezala.
Protagonista irakasle den Unibertsitateak, irakasle guztiak erretiratzen ditu (erretito-sari onarekin) irakasle berriak kontratatzeko eta gure irakaslea lanik gabe geratzen da. Hori bai, hileroko soldata onarekin. Lanean irabazten zuena halako hiru.
Inperio erromatarraren berreraikuntza du helburutzat Anaiarte Musulmanak, eta Meditarrenoko estatu guztiak Europear Batasunean sartzeko urratsak ematen hasten da: Lehenengo maroko, gero Tunez eta Libia…
Belgikan ere antzeko prozesu bat gertatzen da baloi eta flamendarrak ez direlako gobernatzeko ados jartzen, eta musulmanak hartzen dute bertako gobernua.
Azkenean beste asko bezala musulman bihurtzen irakaslea eta unibertsitatean hasten da berriro lanean. Ez ditu ikusten antzinako ikasle minigonadunak, beloz aurpegia estaltzen duten neska musulmanak baizik.
Zibilizazioak ez dira besteren eskutik hiltzen, suizidatu egiten dira omen dio arnold J. Toynbeek.
Hau guztia gerta daitekeena da. Ez 2022an berak irudikatzen duen bezala, baina bai aurrerago. Baina gerta daiteke ere zibilizazioen balizko talka horretan PSFk eta Front Nationalek bat egitea Batasun Nazionaleko beste gobernu bat osatuaz, edo Sozialistek Fronte Nazionalaren Gobernua apoiatzea. Seguru asko ez gara biziko aldaketa horiek ikusteko, baina kezka hori geratzen zaigu: Bere biziraupena ziurtatzeko gai izango al da mendebaldeko zibilizazioa ala suizidatu egingo da?Asmatuko al du datozkion erronka guztiei erantzun zuzenak ematen eta askatasuna eta berdintasunaren printzipioak defendatzen?
Michel Houellebecq-ek landu duen tesi honen aurrean beste aukera batzuk ere bideragarriak al dira?
Tira! Hobe erantzuna beste egun baterako uzten badut.

Badakizu zein den nire bigarren hizkuntzaren izen berria?

Matarranyan izan gara joan den astean lagun baten gomendioei jarraiki. Merezi du. Olibondoek marraztutako orografia ikusgarri bat aurkituko duzu: mendiak eta  arroilak oinez ibili nahi izanez gero, eta  hirigintza eta arkitektura ikuspegietatik begiratuz gero balio ikaragarriak eskaintzen dituzten herri zaindu, garbi eta apainduak. Iberoen eta mairuen aztarnak, Kalatrabako ordenakoenekin batera  historiako orri ahaztuei  begiratu bat eman nahi badiezu.

Eguraldia lagun, azkar joan zaizkit bidaiarako hartutako  egun gutxiak.

El Pissarral deitutako arroila

Herri guztien artean Queretes (Cretas gazteleraz) aukeratu dugu ostatu hartzeko. Herri txiki, zaindu eta dotore honetako kale eta dendetan katalanez hitz egiten dute bertako biztanleek nagusiki. Euren ohiko hizkuntza da eta iparraldean aragoiera entzuten ez bada ere, hemen katalana  entzungo duzu barra-barra.

Queretes (Cretas)

Aragoin hiru hizkuntzak diraute bizirik oraindik: gaztelera, aragoiera eta katalana.  Hizkuntza aniztasun honi erantzun bat eman nahian edo, Aurreko legealdian, Aragoiko PPko Gobernuak   hizkuntza gutxituak arautzeko lege berria onartu zuen 2013an. Lege honek 2009an onartutakoa baliogabetzen zuen. 2009ko Legeak espresuki onartzen zituen katalanera eta aragoiera Aragoiko hizkuntza legez eta babesa eta sustapen neurriak eskaintzen zizkien, baina antza, hizkuntzen izenak  PPren gustuko izan ez eta begira nola deitzen dituen Lege berriko 5. artikuluak:

a) Una zona de utilización histórica predominante de la Lengua Aragonesa Propia de las Areas Pirenaica Y Prepirenaica de la Comunidad Autónoma, con sus modalidades lingüísticas.
b) Una zona de utilización histórica predominante de la Lengua Aragonesa Propia del Area Oriental de la Comunidad Autónoma, con sus modalidades lingüísticas.

Txantxa eta iseka zaleek  ez zuten denbora asko behar izan bi hizkuntzei akronimo bidez deitzeko. Lapapyp Piriniotan hitz egiten den hizkuntzari eta Lapao Aragoiko ekialdean erabiltzen denari.

Bateon batek aurrerago joan nahi izan du eta  gaztelerarentzat ere akronimo berria  asmatu du: Lapolla (Lengua Aragonesa Propia de Otros Lindos Lugares de Aragon). Bere hedapena ondoko mapan ikus daiteke.

Aragoiko hizkuntzen mapa

Bada batekin eta bestearekin hitz eginaz konturatu naiz, lapolla eta nire bigarren hizkuntza (orain arte gaztelera deitzen nuena), euskaraz egiten ez dudanean erabiltzen dudan hori hain  zuzen, hizkuntza bera direla. Harrigarria benetan.

Hala ere, aurrerantzean ere gaztelera deitzen jarraituko dut. Izen dotoreagoa iruditzen zait lapolla baino.

Albiste baten aldaera ideologikoak.

Zientzia ezagutza da. Hainbat bide erabiltzen dituzte zientziaren adar desberdinek teoria eta tesiak baieztatzeko eta berresteko: arrazonamendua, logika, ikerketa, frogak, eta noski, teknologia berrienak.
Teknologia berrienak erabili berri dituzte Atapuercako zientzialariek bertako gizaki fosilen genoma aztertzeko. Atera duten ondorioen artean, eta beti hipotesi gisa, Iberiar penintsulako lehen nekazariak Mediterraneoko kostaldetik sartu ziren Asiar jatorriko gizakiak zirela, eta gutxienez duela 5.000 urte gertatu zela hona ekarri zituen migrazioa, DNAko azterketak egin zaizkion fosil zaharrenak adin hori baitu.
Beste ondorio bat, euskaldunak garela Atapuercako gizakiekin ahaidetasun genetiko handiena dugunak.
Horraino zientziak planteatzen dituen hipotesiak. Ondoren kazetariek hipotesia hartu, albiste bihurtu eta norberaren ideologia edo ikuskeraren iragazkitik pasa ondoren, argitara daitekeenaren adibide pare bat.
El Paisek argitaratu zuen artikulua irakurrita, zur eta lur geratu nintzen, kazetariak abertzaletasunaren oinarri ideologikoak astintzen zituen aurkikuntza baten aurrean geundela frogatzen nola saiatzen zen ikusita.
Manuel Ansedek sinatutako artikuluak di-da batean ezabatzen ditu Ibarretxe lehendakariak estatus politiko berri bat aldarrikatzeko erabili omen zituen argudio guztiak. Gazteleraz irakurtzea merezi du: El antiguo lehendakari Juan José Ibarretxe solía repetir que el pueblo vasco “tiene 7.000 años”, para defender la creación de un estado independiente cuyo origen se remontaría “al Mesolítico”.
Baina ikerkuntzaren emaitzek hainbesteraino baieztatzen dituzte kazetariaren sinesmen eta pentsaerak, gizonak ez duela nahiko Ibarretxe lehendakariaren argudioen aurka egitearekin, eta ausarki, abertzaletasuna bera kolokan jartzen duen aurkikuntza baten aurrean gaudela esaten digu: Los nuevos estudios dibujan una realidad menos deseable desde el punto de vista nacionalista, pero no exenta de épica.
Datu hauek kazetariarentzat oso garrantzitsuak omen dira, baina ulertu beharko luke independentzia politiko egarria ez dela oinarritzen mesolitikoko kontuetan egunerokotasunean baizik.
Vocentoko kazetariak berriz, erakutsi digu zein zaila den izenburu egoki bat hautatzea. Alderdi jatorragora jo nahian arloteenera jo du benetan: El origen asiatico de los baserritarras.
To! Oraindik ere euskaldunak jatorriaren edo bizitokiaren tamaina, geografia edo lanbidearen arabera berezitu nahi gaituztenak bizirik: Hiritarrak eta baserritarrak.
Edo kazetariak ez du ulertu euskaldunok genomaren ezaugarri berdintsuak ditugula, izan baserrian, kalean edo hirian jaiok, edo ulertu du baina nahiago izan du euskaldunak jarri behar zuen tokian baserritarrak jartzea. Intentzioa ezin dut asmatu.