Hadji Murat eta itzulpengintzaz.

Puntuako Liburu artean atalean   Lev Tolstoiren Hadji Murat liburuaren euskal itzulpena gomendatzen du Eskoriatzako liburutegiko Iñaki Agirianok orain hurrengoan. Nobela oso gomendagarria dela eta itzulpena zoragarria iruditu zaiola dio artikuluaren amaieran Iñakik. Lehenengoarekin ados, bigarrenaz ez dakit zer esan ez ditudalako itzulpengintzaren teknikak ezagutzen, baina irakurri dudan azkenengoetarikoa da, eta nik ere, Iñakik bezala gustora egin dut.

Ez da aurten irakurri dudan lehen itzulpena, udatik hona hiru irentsi baititut eta laugarren bat dut esku artean. Orain arte inoiz egin ez dudana. Irakurketa hauekin konturatu naiz zein gutxi baloratu izan dudan gaur arte itzulpen literarioa. Pentsatu izan dut sorkuntza literarioaren ondoan bigarren mailako eginkizuna dela eta gurea bezalako herri batek ezin dituela errekurtsoak xahutu ariketa horretan. Ez dut esango zehatza-mehatz horrela pentsatu izan dudanik, baina hor nonbait. Gainera zertarako baliabideak eta denbora alperrik galdu gazteleraz ere erraz irakur badezakegu?   gure adinekoen eskola-hizkuntza gaztelera izan baitzen.

Baina orain  irakurritakoek beste ikuspegi bat ekarri didate. Lautik  hiruk, Norman Manearen Hooliganaren itzulera, aipatzen ari garen Hadji-Murat eta Svetlana Alksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik, historia ezkutu eta ezezagunetara bidaia egiten lagundu didate: Judutarrek bigarren mundu-gerra aurretik Europan zehar, eta bereziki Errumanian jasan zuten jazarpenaz jakin dut, Errusiar inperioak XIX. mendearen lehen erdian Kaukason gauzatu zuen konkistaren eta aurkako gatazken berri jaso dut, eta II mundu-gerran parte hartu zuten sobietar emakumeetatik gutxi batzuren lekukotza lazgarriak ezagutu ditut. Itzulpenek beste errealitate historiko batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen digute. Beste kultura batzuk, eta era guztietako gertaerak.

Horregatik bakarrik merezi du lan literario garrantzitsuenak itzultzea eta norberaren hizkuntzan irakur ahal izatea.

Gainera uste  dut itzulpengintzak ekarpen handia egiten diola hizkuntza bati. Atzerritar hizkuntza batetik gurera hitzez hitz itzuliz gero, seguru asko gurean erabiltzen ez  diren hitz batzuk ere azalduko zaizkizu eta itzultzaileak ahalegin berezi bat egin beharko du hitz hori, ideia hori, kontzeptu hori euskaratzeko, klasikoetan arakatuaz, edo hitz berri bat sortuaz,  eta hori izango da itzultzaileak  guri eta gure hizkuntzari egiten dion ekarpenetako bat. Aparte, gurean gizarte aldeketen ondorioz galdu den hiztegi aberatsa berreskuratzeko aukera ere eskaintzen digute, gure arbasoek bai baina guk dagoeneko erabiltzen ez ditugun hitzak ere argitara ekartzen dizkigutelako.

Zer esan, liburu konplexuak itzultzerakoan, Ulisses bat adibidez, itzultzaileak esamoldeak eta egitura  ezezagunak itzuli beharrean aurkitzen duenean bere burua.

Bai. Ziur nago itzulpengintzak guk ikusten duguna baino gauza gehiago ekarri dizkiola hizkuntzari, eta hemendik aurrera, begirune handiagoz begiratuko diet ofizio horretan dihardutenei.

This entry was posted in euskara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude