Oñatiko mendi martxa, Tiago eta beste lagun batzuk.

Nork luzeago eta gogorragoko sasoi honetan, benetan eskertzekoa da Oñatiko mendi zale talde batek, maratoi, mila bertikalak eta horiek guztiak  ahaztuta, edozein ibiltarik gozatuz egin dezakeen mendi martxa diseinatzea eta antolatzea. Horregatik bakarrik merezi dute gure animoak eta aitortza. Zorionak eta eskerrik asko.

Gaurko martxak izan duen beste aipagarria Tiagori egindako omenaldi xume eta zirraragarria izan da. Omenaldiak aitortza bat merezi dutenei edota maite ditugunei, hobe esanda, maite izan ditugunei  egiten dizkiegu. Tiagorekin batera hainbat lagun izan ditut gogoan ekitaldian eta ekitaldi aurretik.

Honen berri izan nuenean Frantziar Pirinoetan nenbilen Hendaiatik Mediterraneorainoko bidea osatu nahian, eta omenaldiak animatu ninduen martxan parte hartzera.  Egunak luze jotzen du, eta pentsatzeko, oroitzapenak gogora ekartzeko eta ametsak irudikatzeko denbora aski izaten dugu GR-10a edo antzeko iblialdiak egiten ari garenean. Horrela, berria jasotako egunaren biharamonean, Arlesetik irten eta Paracollseko lepora igotzen ari ginela beso biak ele bana eginaz eskuak bastoi-kirtenei lotuta, gorputza motxila astunaren pean  konkortuta baina egunaren lehen orduetan burua argia, gogora etorri zitzaidan,  sekula ahaztu ez badut ere, zela etortzen zen Tiago izeneko mutikotxo bat duela hogei urte pasa, domekero, Aloña Mendiren babesean herriko haur guztientzat antolatzen genituen ibilaldietara.

Zerrendak osatu eta etorten zirenen kontrol administratiboa nirea zenez, aitortu behar dut aurreiritziren bat ere egon daitekeela esan behar dudan honetan, atentzioa ematen zidan ikusteak euskaraz doi-doi egiten zuen Tiago izeneko mutikotxo hura, domekero, isil-isilik autobusean sartu eta hainbeste Ainhoa, Mikel, Igor, Ainara eta Ikerren artean bere tokia hartu eta bere munduan sartuta zela ematen zuen eguna. Tiagok  ez zuen sekula kale egiten apuntatzea eta desapuntatzea hain arrunta den adinean

Baina Tiagorekin hasita berehala etorri zitzaidan burura urteetan ere inoiz kale egin ez zuen beste bat (gehiago ere baziren noski), zoritxarreko mendi-istripu batek eraman ziguna: Aritz Azpiazu. Honen heriotzak ikaragarri hunkitu gintuen ibiladiak eta mendi kiroltasuna bultzatzen ibili izan ginen taldekoak, eta bereziki, eta hau ere ezin ahaztuko dut, Andoni Lz. de Lacalle lagun mina. Nik alde adminsitratiboaren ardura banuen, Andoni ibilbideak proposatu eta prestatzeko arduraduna zen eta Aritz eta Tiago bezala joana zaigu, duela ia hiru urte. Ez hain gazte baina gazteegi ibilaldi horretarako.

Eta mendian gora nindoala Aitor Azkune ere etorri zitzaidan burura antolakuntza haretan beste hirurak bezala inoiz kale egin ez zuen beste bat. Domekeroko autobus gidaria.  Bi edo hiru behar zirenean beste txofer batzuk ere etortzen ziren, baina Aitorrek ez zuen inoiz kale egin.

Eta hasieran esan dudanez omenaldiak merezi izan dituztenei edota maite izan ditugunoi egiten zaizkienez, nire oroitzapen eta omenaldi txikia lau lagun hauei, izan bero, euri ala elur, sekula kale egin ez zutenak  Aloña Mendik  duela hogei urte pasa antolatzen zituen ibilaldi haietara: Tiago, Aritz, Andoni eta Aitor.    

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude