Caroline Phillips demokraziaz

Caroline Phillips Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko presidentea da. Kontseilua Gizarte zibilaren ordezkaritza da, eta gizartearen kezkak eta proposamenak hautetsiei helarazatea du eginkizun.

Argiak elkarrizketa bat eskaini dio urtarrilaren 1eko alean, eta besteak beste honelako iritzi mamitsuak botatzen ditu.

“Hemen (Iparraldean) edozein dela instituzioetan gertatzen dena, gizarte zibilak sendo izan behar du. Bestela, teknikariak politikarien alboan aritzen dira ideiak sustatzen, gizarte zibila alde batera utziz.”

“Ez dut esan nahi Hegoaldean demokrazia ez dagoenik, baina falta dute gizarte zibilaren ordezkaritza indartsu bat, poltikaren egituretatik, instituzioetatik deslotua.”

Horrelako adierazpenek, gure alderdikraziaz haratago beste demokrazia molde batzuk badaudela erakusten digute. Beste era batera esanda, lau urtean behineko demokrazia eredua gaindituaz beste gizarte eredu parte-hartzaileago batzuetara bidea egiteko aukera dagoela frogatzen dute.

Espainiar demokrazia kalitate gutxikoa dela esaten dugunean ez dugu gehiegi erreparatzen Hego Euskal Herrian azken berrogei urteotan garatu dugun alderdikraziaren kalitate demokratiko eskasean eta hobetzeko dugun bide luzean. Alderdiei eta beste hainbat eragile sozio-ekonomikoei dagokie gai honetan sakondu beharra eta arau eta legeez gain hauen aplikazioan eta gizarte zibilaren protagonismoan oinarrituko den benetako demokrazia parte-hartzaile bat eratzea.

Agian honek guztiak erakusten du zein erraz jartzen diren ados Iparraldeko alderdiak hainbat gairen inguruan, Luhusokoa kasu, eta zenbat kostatzen den Hegoaldean gai esanguratsuen inguruan adostasuna eta batasuna lortzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude