Ganbararen kontzertu gogoangarria Pasaian.

Ganbara Abesbatzak martxoaren 20rako du iragarrita J.Brahmsen Requieman Oñatiko San Migel parrokian. Aurrez bi emanaldi izango dituztenez, ordurako ondo prestatuta izango dute lana, eta huts eta akatsak, baldin baleude, ondo zuzenduta eramango dituzte.
Lehen emanaldia, hilaren 13an, Pasai Antxoko San Fermin elizan eman zuten. Entzutera joateko aukera izan nuen eta baita ondo aprobetxatu ere. Txundituta itzuli nintzen Abesbatzak agertu zuen indarraz, piano joleekin lortutako orekaz eta oro har saioaren adierazkortasunaz, espresibitateaz.
Ganbara, Bergara eta Arrasateko kantari onez lagunduta agertu zitzaigun, orfeoia izan gabe orfeoi baten prestazioekin, eta Klara Mendizabal (sopranoa) eta Ander Simal (baritonoa) bakarlarien laguntzarekin.
Klarak XX. urteurreneko kontzertuan (Carmina Burana) hartu zuen parte Zubikoa polikiroldegian. Ander Simal berriz, Ganbara abesbatzan kantuan dut gogoan orain baino lehen. Bi hauen ahotsak indar bereziz entzuten ziren San Fermin Eliza txikian. Klarak Oñatiko pilotalekuan (Pilotak frontisa jotzen duenean ateratzen duen hotsa da pilotaleku baten ondoen entzuten dena) nabarmendu ez zitzaion kalitate guztia azaleratzea lortu zuen. Ander berriz, sorpresa handia.
Arantzazu Sainz eta Eli Mendiaraz pianujoleak osagai aparta eta bazter ezina dira obra honetan. Indarra eman diezaiokete obrari horrela behar denean eta leuntasuna zuzendariak eskatzen dienean. Baina beti ere erritmoa ondoa tajutuz eta sarreren une infinitesimala ondo markatuz abesbatzari.
Abesbatza, indartsu. Sekula entzun ez dudan bezala. Beharbada elizako sabai baxuak eta nabe nagusiak sortutako tunel modukoak lagungarri izango ziren koruaren ahotsak entuleengana zuzen eta bortitz iristeko. Ozen gutiak, baina guztien gainetik sopranoenak. Ikaragarria.
Jakin gaian ezagutza eta ikasketarik ez duen entzule baten iritziak direla idatzitakoak, baina entzule asebete batenak. Izango dira gu baino objektibotasun gehiagorekin hitz egiteko gai direnak, baina niretzat musika momentua da, sentipenak, espresibitatea, zentzumenen asebetetasuna, eta horretan, Pasaiako kontzertuak eskakizun guztiak asebete zituen.
Datorren igandean Oñatin izango dira Pasaia eta Torrelavegatik itzulia egin ondoren. Espero dezagun aurreko bi saiook hirugarrena hobeto prestatzeko balio izatea, eta ez, hirugarrenerako akiturik iristeko bide luzea bihurtzea. Lehenengo aukeran sinesten dudanez, saiorako sarrerak hartuak ditut dagoeneko.

This entry was posted in kultura.

One comment on “Ganbararen kontzertu gogoangarria Pasaian.

  1. Naiara Urizar Arana(e)k dio:

    Mila esker Inazio!!! Akiturik iristea gurako ez leuken soprano baten partez. Estimatzen da.

Utzi erantzuna Naiara Urizar Arana(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude