Igande goiz batez San Telmon.

Igande goizez egin daitezkeen gauzen artean museotara joatea da bat. Ez ohikoena baina bai daitekeena. San Telmo museoko bi erakusketa begiz jota nituen eta azken igandea erabili genuen sartu-irtena egiteko. Erakusketa bat Joxean Artzeren unibertsoa 14ra arte zabalik dagoena, eta bestea Gaur Konstelazioak oraindik denbora baterako bertan izango dena. Bitxia bi abizenen arteko baterakotasuna. Handienetik txikira, kanpotik barrurantz, unibertsotik konstelaziora antolatu genuen bidaia.
Unibertsoa. Irrikaz eta beldur piska batekin sartu nintzen Joxean Artzenera ez baitirudi erraza poesia erakusketa bat antolatzea. Lau pantaila zutik eta beste bat zabaian zituen espazio txiki, hertsi, ilun batean barneratu ginen, eseri libre zen tokian, eta hasita zegoen ikus-entzunezkoan murgildu ginen.
Saioa amaitu eta ikusle-entzuleak mugitzen hasi zirenean, toki hobea hartu, zentzumenak on-en ipini eta ikuskarian barrena sartzeko prestatu genituen sentsore guztiak. Musikak, hitzek, eta irudiek egin zuten beste guztia. Biltzen gintuen instalazio landuak, une eta mezu ondo aukeratuek, poetaren izaera intimo eta barnerakoia biluzteaz gain bere unibertso barrenera egotzi gintuen. Barrura sartuta Artzeren aro desberdinetan zehar bidaia azkarra egiteko aukera izan genuen, mezu eta gogoeta barnekoiak irudi eta hots bihurtzen zitzaizkigun bitartean, eta poetaren espazio-unibertso unibertsal eta intimoa maileguan hartuta. Bera, eta bere poesia lanen musikatzaile aparta izan zen Mikel Laboa izan genituen bidelagun, eta ikusle-entzuleok une zirraragarriez gozatzeko aukera izan genuen hautatutako aulkira edo pufera itsatsita.
Ahal baduzu ez galdu Ikimilikiliklik ikuskaria. 14ra arte dago zabalik.
Unibertsotik Konstelaziora. Espazioan zehar egin genuen bidaian hirurogeiko hamarkadan sortutako Gaur taldearen konstelaziora iritsi ginen. Konstelazioak eta Ez dok hamahiruk (Joxean barne eta buru) eragin zuten lurrikara, herri honek azken mendean izan duen iraultzarik garrantzitsuena bilakatu zen: iraultza kultural baten antzeko. Gaur mende erdi pasata, oraindik hamarkada hartan ereindako hazitik elikatzen dira hein handi batean gure arte plastikoak, literatura eta musika. Gaur taldekoen erakusketa motz samar geratu dela iruditu zitzaigun. Motza da lagina eta lotsatia erakusketa; obra gutxi eta azalpen justuak. Gipuzkoarron konplexua ikusten da. Ez ei zaizkigu erakusketa, obra, ekimen handiak gustatzen. Nahiago ditugu singleak eta aurrekontu txikikoak. Seguru Bilbon beste indar bat emango lioketela; taldeak merezi duena bestalde. Agian San Telmo ez da horrelako erakusketak egiteko toki aproposena eta Tabakalera bezalako espazioak behar ditugu.
Edo agian arte garaikideari tokia egin beharrak lapurtu zion merezi duen ikusgarritasuna konstelazioari.

Konstelaziotik Iruña-Veleiara.
Hau bai bidaia! Arte garaikideak ere badu bere gela Kairos izeneko erakusketarekin. Iruña-Veleiak ere bai gela honen barruan. Agian ez du horrek arte garaikidearekin zerikusi handirik, baina sortzaileek uste dute arteak salba dezakeela Iruña-Veleia. Zientziak ez omen du salbatu nahi eta arte asko beharko da hainbeste gaiztotu den (duten) gaia salbatzeko.
Egoera absurdo batean gaude murgilduta, non zientzia eta jakituriaren esparruko dialektika beharko lukeenak epaitegietako eta eztabaida ez-zientifikoaren gai bihurtu den; ia lanbankadaka ebatzi nahi den auzia.
Ez dut uste Iruña-Veleiarekin gertaturikoa beste inon gerta zitekeenik. Dekretuz ondare arkeologiko baten faltsutasuna erabakitzea eta eztabaida zientifiko eta azterketa zorrotzen gaia izan beharko lukeena politika eta zuzenbidearen ikuspegitik ebatzia izatea ez da ohikoa. Ez behintzat nik ezagutzen dudan arte. Besterik ezin gehitu gai honetan adituak ez garenok. Aurreko pentsamenduak buruan atera nintzen museotik, Juan Martin Elexpururen borroka miresteko argudio bat gehiago poltsikoan.

Ez dira gutxi ez igande goiz batek eskaintzen dizkigun aukerak. Honek daukan abantaila da museoa Alde Zaharretik gertu izanik,  lagun zaharrekin solasean basoerdi batzuk hartzeko beta ematen duela.

This entry was posted in kultura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude