Ustelkeriaren eta gardentasunaren pertzepzioak.

Ustelkeria eta gardentasun politikoak neurtzea eta emaitzak argitaratzea ohitura onak dira gardentasuna gobernaketa publiko onaren ezaugarri sendoa izan behar duela sinisten dugunontzat. Gardentasun faltak, desberdintasuna, ustelkeria, bidegabekeria eta hainbat keria estaltzeko balio du. Zenbat eta gardenagoa berriz, ezer ezkutatu ez eta, orduan eta herritarren eskubideak bermatzen dituen gobernantza justuagoa.
Ustelkeria eta gardentasun indizeak argitaratu dira egun hauetan han eta hemengo aldizkarietan. Ez dakit ze teknika erabiltzen duten baina niretzat emaitzak oso sinesgarriak dira. Lehen bost postuei begiratuz gero, Danimarka, Finlandia, Suedia, Zeelanda Berria eta Nobegia. Azken bostetan berriz, Hegoko Sudan, Sudan, Afganistan, Ipar Korea eta Somalia. Ez da ezer deigarririk hamar hauetan eta hauek sinesten baditut ez dut arrazoirik erdiko guztiak ez sinesteko. Ezta Espainiaren postua, 36garren 58 punturekin, baina Europarren artean nahiko atzera eta garbi-garbi Ipar Europako guztietatik nahiko urruti. Gainera irakurri dudanez krisia hasi aurretik 71 puntura ere iritsitakoa da Erresuma.
Deigarriak Hego Ameriketako errepublika “ezkertiarren” puntuazioak; ederra ziria sartu digutena. Kubaren 47 puntuak kenduta besteak ez dira 40 puntura ere iristen. Tristeena Venezuelaren egoera 17 punturekin. Ez da faltako errua kanpoko faktoreei egotziko dienik, ezta petrolioaren prezioaren jaitsiera Regimen Bolibariarraren aurkako politika planifikatu baten ondorio dela esango dizunik.
Argentinako (32 puntu) kasua pixka bat jarraitu dut eta zalantza barik esan dezaket azaleko ekimen sozialak, agintariak neurri gabe aberasteko eta gaizkiletza, narkotrafikoa eta ustelkeriak sekula ezagutu ez dituzten mailetara iristea estaltzeko baino ez dutela balio izan. Orain “eskuindar neoliberal” bati dagokio errepublika bere bidera eramatea. Uruguai(74 puntu) eta Txile (70) dira gobernaketa onaren eredu hego Ameriketan.

Diputazioen eta udalen gardentasuna ere epaituta.
Espainiako Diputazioen gardentasun maila ere argitaratu da. Gureei dagokienez, Bizkaia dago lehen postuetan 100etik 100 punturekin. Araba agertzen zaigu taularen erditik behera 83,1 punturekin, eta Gipuzkoa, 41 Diputaziotik 28. aurkitzen dugu 81,9 punturekin, taulako hirugarren herenaren buru. Nafarroa agertu ere ez da egiten. Bakoitzak bere ondorioak atera bitza.
Udalen kasuan emaitza hobeak lortu dira. Bilbok, Getxok eta Gasteizek 100na puntu, Donostia oso gertu dago 98,8rekin, eta Iruñea berriz atzeraxeago, baina batezbesteakoaren gainetik 90ekin.

Futbol taldeak ere bai.
Futbol taldeen gardentasuna era neurtu du Transparency Internationalek. Eibar (100 puntu) lehenengo postuan, Alavés (55) eta Osasuna (52,5) dira gureen artean aprobatua lortu dutenak. Eibarrek hori baino dezente gehiago noski. Athleticek eta Realak berriz gutxiegi edo ez-nahiko. Ozenagoa Donostiarren kasuan (21,7) Bilbotarrenean baino (47,5), hauek, pixka bat saiatu eta partikular batzuk hartuz gero, irailean ikasturtea gainditzeko moduan egon baitaitezke.

Hemen daukazu informazio guztia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude