Euskaltzaletasunak mirariak egiten ditu.

Pilare Baraiazarrari kendu diot esaldia abuztuaren 23ko Berriako egunkariko azalean irakurrita.
Euskalerria irratiarena miraria ez, baina euskaltzale saiatu batzuen indarrak, kemenak , pazientziak eta lanak lortutako arrakasta itzela da. Hemezortzi urte behar izan ditu irratiak lehiaketa publikoan irabazitako lizentzia eman ziezaion Nafar administrazioak.
Bidegabekeria honen arduradunak, Nafarroako politika eta administrazioa mendean izan duten UPN eta bere buru ezagunak. 1997an  egin zuen esleipena UPNko Gobernuak. Atzera eginaz baieztatu daiteke UPNko Miguel Sanzen lehen gobernua izan zela esleipena egin zuena, eta Ingurumen, Lurraldearen antolamendu eta Etxebizitza Sailaren buru Yolanda Barcina zuela. A ze parea karakola eta barea! Oraindik jakiteko dago zerekin edo zenbatekin sartu ziren bi horiek politikan eta zenbatekin atera ziren gobernantza publikotik, baina hori beste kontu bat da.
Noski! Lehian Euskalerria irratiak lizentzia merezi arren, euren lagun Opuseko Unibertsitateari oparitu zioten. Azpimarratu behar dena da hemezortzi urte pasata, aldeko hainbat epai izan arren, eta bidean makina bat buruhauste, eta seguru asko diru dezente xahutu ondoren, boterean zeudenak, prebarikatzaile eta inoren diruaren goseti amorratuak, berdin Nafarroako Kutxako diruena, Gobernukoarena, edonongoa, horiek, oraindik ere kirio guztiak dantzan jartzen zaizkienak Euskal herria izena entzun orduko, Gobernutik kanpo behar izan ditugula epaileen sententziak bete daitezen. Demokraziaren eta zuzenbide estatuaren interpretazio berezia jende honena.
Baina ez zekiten euskaltzaletasunak mirariak egiten dituela, eta ezta ere gure hizkuntzak bizirik badirau euskaldunok tematiak, saiatuak eta burugogorrak garelako dela. Gure ezaugarri horiek dohain bihurtzen ditugu norabide zuzenean erabiltzen ditugunean, eta horrela egin dute irratiko kide eta laguntzaileek azken hemezortzi urte hauetan. Hauen sendotasunak eta tinkotasunak, mesede galanta egin diete nafarrei, eta ez bakarrik euskaldunei, askatasun kontuetan nafar guztiek irabazten dutelako hizkuntzen bizikidetza errespetuz bermatzen denean. Guztiek, demokrazia eta askatasuna euren mendean eta euren probetxurako nahi dituztenek izan ezik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude