Terneras hembras de origen 100% nacional.

20150705_222038Astebete Pirinioetan ematea nahikoa da jakiteko zein mugatuak garen atzerritar hizkuntzak ondo ezagutzen ez ditugunean.
GR-10a egiten eman dugun denbora honetan bi lagunekin bakarrik egin dugu bat etapa bat baino gehiagotan. Ez dabil jende asko ez. Biak bakarka zihoazen eta biak neskak. Bat USAko Washington DCkoa eta bestea frantsesa; Lillekoa. Bada hor ibili gara bi hiztegiak leher arazten, frantsesezko generoarekin borrokan, eta ingelesezko aditz formen orainaldiko hirugarren pertsonako amaierako ese madarikatuarekin asmatu ezinik. Eta hauek ez dira gorabehera bakarrak izan; ezta hurrik ere.
Ia gure helburu guztiak lortuta itzuli gara, eta ia diot, ez dugulako lortu Santa Grazira iristea, astearteko (ekainaren 30a) bero errea zela eta, zati bat (Baigorritik Esterenzubirakoa) bitan banatu behar izan genuelako. Ingelesa eta frantsesa gure indarguneak ez direla berriro frogatuta, baina sikiera euskara eta gaztelera ondo menderatzen ditudala sinetsita egin nuen itzulerako bidaia, harik eta Donostian, elikagai kate garrantzitsu baten harategira sartu nintzen arte.
Erosi beharrekoak eskatu eta harakinak garbi eta txukun bilduta ekarri nituen txahalki eta oilaskoa etxera. Bilgarriaren plastikoa eta papera bereizten hasi nintzen (ez dakit zergatik arraio ez duten lehengo paper marroi eta sendoa erabiltzen gaiak biltzeko) eta non irakurtzen dudan iragarki edo mezu hau: Terneras hembras de origen 100% nacional.
Ondoen menderazten ditudan hizkuntzetako batean ere baditut nire gabeziak antza. Baina ondo pentsatuta ez ninduke harritu behar mezuak. Komunikatzaileak garbi utzi nahi izan du, zalantza izpirik gabe, harategian saltzen den txahala emea dela. Orain arte ez dut txahal arrik edo ternera machorik ikusi, baina nork daki.
Tira! txiste errazak asmatzeari uko egingo diot harritzekoa ternera macho irakurtzea litzatekeela pentsatuta; azken batean, ternera hembra edo txahal emea, erredundantzia edo horrelako zerbait deitzen den figura literarioa baino ez da.
A! GRa ondo. Jende gutxi, eguraldi ona, bernak ondo, bizkarra ez hainbeste… eta animatzen bazara eta informazioa nahi baduzu, ffrandoneeko topogidek oso baliotsua emango dizute.
Oraintxe duzu aukera.

2 comments on “Terneras hembras de origen 100% nacional.

  1. Julen Abasolo(e)k dio:

    Egunon
    Irakurri dut zurea eta…..
    Nik esango nuke gr10a ez dela pirineotakoa, gr11a baizik, kasuaklidadez horixe begira nabil egun hauetan eta pirineoa zeharkatzen duena gr11a da eta bestea nik esango nuke Espinia erdi aldetik pasatzen dena dela, baina beno, ez nahiz honetan jakituna.
    Ternera berriz, “carne de ternera” esaterakoan adibidez, urtebete azpiko behikiarena dela esan nahi du, naiz arra nahiz emea. Beraz “ternera” “machoa” izan daiteke.
    Zure etiketak ternera hembra jartzen ba du, urtebete azpiko txahal eme batena dela ziurtatatzen duela esango nuke, hembra jarri ezean emea nahiz arra izan litekeelako xerra horren jatorria.
    Egun ona izan deizula

  2. iarregi iarregi(e)k dio:

    Eskerrik asko Julen argibidiengatik. Txahalkiari buruzko irunzkina ez dizut eztabaidan jarriko. Seguru asko zuk esaten duzun bezala izango da jakituria ez delako bakarrik hiztegietan agertzen dena. Hiztegietan irakurri dudanez, ternera, cría hembra de la vaca da, baina zuk diozun bezala baliteke lan munduan beste esanahi bat edukitzea.
    GR10ri dagokionez, zuk duzun zalantza bera izan dut. GR10a Espainiako ibilbide bat da, baina baita ere Pirinioen iparraldetik Hendaiatik Mediterraneorainokoa, edo alderantzizkoa. Hendaian hasiz gero, Sara, Bidarrai, Baigorri, Donibane-Garazi, Larraine eta Santa Grazi gurutzatu ondoren Biarnon sartu eta aurrera eginaz Banyuls de la Marendan amaitzen da. GR11 aldiz, Pirinioetako hegoaldetik doa, Hondarrabitik Cap de Creuseraino, edo alderantziz noski.
    Seguru nago Frantziako GR10a Espainiakoa baino zaharragoa dela, frantsesak hasi baitziren tipo honetako ibilbideak markatzen. Hau, joan den mendeko zazpigarren hamarkadan, 1962 inguru horretan. Ulertzen ez dudana da zergatik erabiltzen duten nomenklatura bera bi gauza desberdinentzat.
    Bi link hauek lagatzen dizkizut: http://www.gr10.fr/ edo http://www.balades-pyrenees.com/

Utzi erantzuna iarregi(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude