Xaloa telebistaren aurkezpena Iruñean.

Iritsi da Iruñerrian euskaraz emitituko duen lehen telebista nafarra aurkezteko eguna. Gaur izango da aurkezpen ekitaldia. Hedabideen mundu hau jarraitzen duzuenok izango duzue Baztan Ibarreko telebista xalo honen berri. Legeztatu beharraren beharrez, beretzat hartua zuen esparru naturala gainditu eta Nafarroako hiriburura jauzia ematea erabaki du. Horretarako ehunka euskaltzaleen laguntza jaso du crowdfunding baten bidez karena.eu-k plataformak eskaintzen zion aukera baliatuz.
Ez da euskarazko tokiko hedabideetan azken aldian eraldaketa sakon bat ezagutu duen bakarra. Xaloa Telebistak hedapen esparrua handitu duen bezala, beste batzuek produktuan egin dute eraldaketa, Goienak Puntuarekin adibidez, Interneteko eskaintza berria plazaratu dute Bilboko Uriola.eus-eko kasuan, edota bateratze prozesuen bidez eskaintza hobe bat egiteko pausua eman dute Uribe-Kostan Hiruka proiektu jaio berriak bezala. Ahaztu gabe, Berriak, Goienak eta Gu Geuk elkarrekin Araban proiektu berri bat sortuaz eman duten urratsa.
Hauek guztiak erakusten digute duela hogeita bost urte euskarazko tokiko hedabideak sortzeko ausardia izan zuten aitzindariek jarraipena dutela belaunaldi berrietan, eta egoera eta baldintza berrietara egokitzeko jarrera presente dagoela oraindik gure artean.
Hori guztia ezinbestekoa da geroz eta produktu hobeak kioskoratzeko, saretzeko edo uhinetan jartzeko, baina edozein aldaketak arriskuak dituen legez hauek ere izango dituzte bereak. Berritzea zaila bada, are zailagoa da berrikuntzari eustea.
Lastima da eskaintza zabaldu eta hobetzen den heinean eskariaren aldetik ez  jasotzea mereziko luketen ordaina. Euskaldunak ohituta gaude gaztelerazko egunkari eta aldizkarietan dezenteko diru kopuruak xahutzen urtero, edota ordaineko telebisten seinalea hartzeko hilero diru kopuru bat ordaintzen, baina euskarazko hedabideetan gastatzea aldiz, izugarri kostatzen zaigu.Dohainik ulertzen ditugu; nekez ordainduta.
Irudikatzen al duzue zer litzatekeen gure hedabideen mundua euskaldun bakoitzak urtero hogeita hamar edo berrogei euroko gastua egingo balu euskarazko hedabideak ordaintzen? Urruti gaude helburu horretatik baina uste dut hori lortzeko zerbait egin beharko litzatekeela. Bakarka zaila. Norberak bere bidetik eginda zaila da, baina instituzioek, alderdiek, eragileek, hedabide elkarteek bultzatutako kanpainen bidez zerbait lor daitekeela uste dut benetan.

Baina agian, ezin da gaztelerazko (deitu elebidun nahi izanez gero) produktuak kontsumitu daitezen dauden interes ekonomiko eta ideologikoak handiegiak direlako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude