Mezu hau inprimatu aurretik beharrezkoa dela ziurta ezazu. Ingurumena zure esku dago.

Geroz eta gutxiago, baina oraindik ere irakur daitezke mezu elektronikoen amaieratan esaldi honen tipokorik, mezua igortzen duten tresna elektronikoak, ordenagailuak, smartphonak edo internet bera garbiak izateaz gain naturari kalterik eragingo ez baliote bezala.

2009an  idatzi nuen Goienkarian, McAfee etxeak orduan egindako azterketa batek zioela, 2008ko sareko spamek  2,4 milioi etxebizitzen edota 3,1 milioi autoren pareko energia kontsumitu zutela. Hori spamek bakarrik. Zein da orduan sarearen jarduerarako behar den energia kontsumoa? Eta tresneria horiek guztiak kontsumitzeko eta merkatuan jartzeko naturari benetan eragiten zaion kaltea plastikoak, pilak, mikrotxipak eta behar diren guztiak kontuan hartuta?

Eta oraindik ere ez da faltako Saharako edo Taklamakan basamortuen deforestazioaren errua paperari botako dionik.

Abuztuan pasta, paper, eta kartoiko ekoizleen Espainiako elkarteak jakitera eman duenez, paperean inprimatzeak gutxiago kaltetu dezake ingurunea orri kopuru bera modu digitalean irakurtzeak uzten duen karbono arrastoak baino; edota liburu elektronikoak ekoizteak baino.

Interesak daudela esandakoaren atzetik? Jakina! Papera ez inprimatzeko kanpainen atzean egon daitezkeen bezala. Duela urte dezente esan zitzaigun ekilorearen olioa osasunarentzat ikaragarri ona zela edo arrain zuria jatea komenigarria zela, handik urte gutxira oliba olioa onena eta arrain urdina sanoagoa zela esan zitzaigun bezala. Momentuko edota industrien komenientzien araberako mezu ez neutralak jaso eta sinetsi izan ditugu inolako irizpide kritikorik gabe.

Papera ekoizteak badu kostu ekologiko ukaezin bat. Paperak  lehen gaien kontsumoa, ura, energia eta beste hainbat gai kutsakor behar ditu ekoizpenerako, eta gure esku jarri arte behar den garraio eta bitarteko guztien energia kontsumoak agerikoak dira, beste ondasunetan bezala.

Baina nago papera kontsumitzea ez dela elektronika kontsumitzea bezain agresiboa ingurugiroarentzat, eta noski teknologia berriak baino garbiagoa dela. Azken batean zerbait birzikla badaiteke papera da (%70eko portzentajeetan omen dago paper industria), erabiltzen den egurra hazkunde azkarrekoa eta kalitate eskasekoa izan ohi da, eta nahi beste birlandatu daiteke beste lehengai batzuk erremediorik gabe agortzen diren bitartean.

Adibidea, Euskal Herrian diren eta izan diren paper fabrikak izanagatik,  gure arboladiak gora egin duela eta inoiz baino eremu arboladun gehiago daukagula. Pinua dela nagusi? Bai, eta agian beste politika batzuk txertatu beharko lirateke biodibertsitatea ziurtatzeko, baina begi bistakoa da papera eta basoa ez direla gaur etsai. Basoen desagerpenaren arrazoiak beste batzuk dira. Tartean Desplazatuak bere blogean aipatzen dituen suteak, nahi gabeak batzuetan eta nahitakoak besteetan, eta nekazaritza edota abeltzaintzarako lurrak irabazteko egindako mozketak.

Eta orain zer? Lehengo idazmakina eta arkatzetara itzuli? Ez dakit, baina amorra arazten nau azken urteotan mitoak eta sasi-egia interesatuak irensteko eta zabaltzeko garatu dugun ahalmena eta eztabaida sanoak egiteko gaitasun eza. Hau adibide txiki bat besterik ez da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude