Gaueko aterpea

Warren Buffet, Bill eta Melinda Gates eta beste 105 mega-aberatsek euren ondasunen erdia hirugarren munduari eta munduko behartsuenei  laguntzen erabiltzea erabaki dute, euren ondorengoei utzi ordez, igandeko (2013-02-25) El País-en irakur daitekeenez.

Ezaguna da Bill  Gates eta bere emazte Melindak duela urte batzuetatik hona bere aberastasunaren zati bat IHESAren  aurkako ekimenetara bideratu dutela Afrikan.  George  Soros berak,  dirutza handiak bideratu ei ditu bere fundazioen bidez  demokrazia eta gizarte irekiak sustatzera.

Asko eztabaida daiteke batzuen aberastasunaren zilegitasunaz. Nola lortu dituzten, espekulazioan edota hirugarren edo lehen munduko langileen esplotazioan oinarritu ote dituzten euren dirutzak.  Baina sikiera kasu bakan hauetan, modu batera edo bestera metatutako ondasunak behar gorrian daudenengan itzultzeko bidean jartzen dira.

Ez naiz jende hau eredutzat jartzen hasiko. Ez dira nire eredua. Baina pobreok edota hainbeste diru ez dugunok gure ale txikia jartzen badugu kooperazio lanetan, zergatik ukatu fortuna handienei bere bihotza era honetan zuritzeko eskubidea? Ez al dugu denok gure bizitza moldea hein handi batean zuritu beharra  hirugarren munduko biztanleen aurrean? Are gehiago; zergatik ukatu laguntza jasotzeko eskubidea laguntza horien onuradunei; HIESa jota bizi denari edota etxean ur txorrotik ez duenari?

Gurekin lotutako gogoetak ere badakarzkit ekimen honek. Ez dakit, esate baterako,  nola ikusiko genukeen Euskadiko fortuna handienek beren diruen %50 hirugarren munduko behartsuenei laguntzen erabiltzea erabakiko balute, gurean  inbertitu eta gure seme-alabentzat lanpostuak sortu ordez.

Eta beste hainbat galdera; seguru.  Bitartean, Mikel Laboak Bertold Bretchen hitzak euskaratuaz egin zuen kantua datorkit burura.

 

Kontatu didate Nueva York-en
Broadway eta 26 karrikaren kantoian,
Negu gorrian, gizon batek gabero
jendeari otoi eskatzen
aterbea bilatzen duela
bilutsirik daudenentzat.

Mundua ez da era hortan aldatzen
Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen
zama-aroa ez da hola laburtzen
Baina gizon batzuek gau batez, ohea dute,
aterbean haize otzik ez eta
bereri zijoakien elurra, karrikan ari da.
Liburuaren irakaspenik ez ahaztu gizona!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude