Margolari buruz

Margola hitzak ez du zentzu handirik izango jende gaztearentzat. Adin batekoei berriz, Eibarko familia baten tindategia ekarriko die gogora. Niretzat baina, Margola toponimo bat da. Toki bat. Garibai eta Zubillaga auzoetan banatzen den lur  sail bat, muino bat, aspaldiko istingak.

Gure aitona-amonen baserritik Margolara joateko zubi batetik igaro beharra zegoen nahitaez. 1986ko ur handiek eraman zuten. Margolara eramaten zuena desagertuta beste  hau aukeratu dut blog honen buruan jartzeko. Kontraste bitxia egiten du blog moderno batekin.  Aspaldikoa eta gaurkoa. Eta han eta hemen, ibaia igarotzeko tresna baliotsua.

Zubiak esanahi asko izan ditzake.  Desberdinak hurbiltzen laguntzeko tresna esate baterako. Ez da hori zubi honen helburua. Ausartegia litzateke.

Hau joan-etorriko zubia  da. Etxeko goxotasunetik interneteko plazarantz bidea egin nahi duen ekilibristaren soka. Margolarako bidean erabiliko dudana  baina porrotean itzultzeko aukera emango didana. Arriskuak ere baditu. Agian zubitik erori eta Margolara iritsi ezinik geratuko naiz,  ibaiak ur gutxi edo gehiegi daramalako.  Aspaldikoaren eta teknologia berrien arteko uztarketan  asmatu ez dudalako ez atzera ez aurrera ere gera naiteke. Ea arriskua iristen denean, haginetakoa hartu aurretik edota perlesiak jo baino lehen itzulerako bidea egiteko gauza naizen.

Bitartean, teknologia berriekin eta idazketa arauekin hasten naiz borrokan gaur. Hurrengoan zergatia azaltzen saiatuko naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude