Mundumira Santamainan

Aniztasuna nabaria da gure egunerokotasunean, baita Santamainako ludotekako elkarbizitzan. Era horretara, inguratzen eta bizi dugun haurren kultura ezberdinak ezagutzeko ideia izan dugu, kulturaniztasunetik kulturartekotasunera ekarpena egiteko helburuarekin.

Hori horrela, haur ezberdinekin hitz egin, ideia luzatu eta kultura ekintza hori nolakoa izango den diseinatzen hasi ginen. Horretarako, kultura ezberdinak identifikatu, baliabide ezberdinak aztertu eta guztiok artean Mundumira txiki bat egiteko data adostu genuen; maiatzak 31 hain zuzen ere.

Guztira, 4 kultura ( pakistandarra, txinatarra, espainola eta euskalduna) ekarri ditugu gurera, guraso eta seme alabek festa txiki honetan presentzia handia izanik; argazki, kontakizun, jakiā€¦ ezberdinak gurekin elkarbanatuz. Horretarako, ludotekako gela batean 4 txoko bereizi genituen, kultura ezberdinetako materialak era bisual eta erakargarri batean tokia izateko asmoz.

Txandaka aurkeztu genuen kultura bakoitza eta horrek sortutako kulturartekotasunaz erabat gozatu genuen, onarpena eta jakinmina nagusitu zirelarik.

 

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude