Badoa poliki-poliki urtea aurrera, elkarrekin igaro ditugu Arrasateko festa ezberdinak (Maritxu Kajoi, Santamasak…), gabonak, inauteriak… eta azkenean eguraldi onarekin batera iritsi dira udaberriko oporrak eta bertan urtero bezala burutzen ditugun ekintza bereziak.
Aurtengoan eskaintza zabala osatu dugu gure haur eta gaztetxoek beraien oporrak gurekin batera modu ezin hobean igarotzeko. Ludoteka desberdinetako haurrak elkartu gara ekintza hauetan, modu honetan elkar ezagutzeko eta elkarrekin gozatzeko.
Asteartea izan zen lehenengo eguna, bertan haurren eta gure oporren berri jakitearekin batera herri-kirolez gozatzeko arratsaldea antolatu genuen. Sokak, zakuak, gurpilak, artoak… eskuetan hartu eta luzaketa batzuk egin ostean, korrika eta tiraka igaroko genuen arratsaldea
Asteazkenean naturarekin kontaktuan jartzeko aukera izan genuen, izan ere Monterron parkera joan ginen arratsalde pasa. Bertan mendian gora ibili ginen, bertako txoko desberdinak kuxkuxeatzen eta gure herriko baliabide naturalak ezagutzen.
Ostegunean aldiz, Eskoriatzara txangoa egin genuen. Arrasaten autobusa hartu, Aretxabaletara iritsi eta oinez kilometro batzuk egin ostean, bertan dagoen tirolina eta ziburu batzuetara iritsi ginen. Bertan ederki pasa genuen, eskalatzaile moduan zerua ukituz eta tirolinatik adrenalina dena askatuz!
Astea bukatzeko, eta neke denak baretzeko asmotan zine erraldoia muntatu dugu Okendoko ludotekan, aste paregabe honi amaiera ezin hobea emanez!