Etiketa honen artxiboa: twitter

Testu prozesatzailearen pantaila txuriak ez gaitu garaituko


Orain dela aste batzuk Iban
Arantzabalek
aipatzen zuen bere blogean blogosferan sorkuntza gutxitu
dela eta geroz eta gutxiago idazten dela. Horren arrazoi nagusi
adibidez bizitza erosoago egin dezaketen tresnak asmatu direlako izan
da, twitter web guneaz hitz egiten dugu. (gutxi gora beherako sintesi
labur-laburra, zerbaitetan huts egin badut Ibanek berak zuzendu
dezala).

Arrazoia ematen diot aipatzen
duenean idatzizko sorkuntza hori gutxitu egin dela baina aldi berean
gizartearen parte hartzea interneteko leku ezberdinetan areagotu egin
da (sare sozialak, foroak, blogak…).

Niri ere gertatu zait. Orain
egia da gehiago egon naitekeela bai facebook-en (hemendik aurrera
bihotzez aurpegi-liburua deituko diot batzuetan) eta baita twitterren
ere. Ez naiz maiz egoten leku honetan azkenaldian, horren froga nagusia blog
honetako artxiboa ikustea besterik ez dago.

Zergatik batzuetan maizago
idazten dudan eta beste batzuetan aldiz ematen du desagertu egin
naizela lurretik… musikan egon daiteke erantzuna. Gaur Nahikarik
idatzi du
aspaldian ez dela agertu goiena.net-eko blogosferatik, nik
neuk antzerakoa aitortu dut orain… Idazten dudanean musika ikusten
dut. Beethoven-ek izugarrizko sinfoniak sortu zituen gorra izanda.
Piano baten aurrean ez zuen musika egiteko tresna bat soilik ikusten
musika baizik. Testu prozesatzailearen pantaila txuriaren aurrean ez
dut ikusten pantaila txuri bat, erregela batekin albo batean eta
goian beste bat, hainbat aukera letra motak aldatzeko edo zutabeak
jartzeko… Partituraren hasiera dago hor. Batzuetan rock gogorra edo
heavy metal-a egiten dut gogor kritikatuz egunerokotasunean ikusten
ditudan zenbait gauzetan, beste batzuetan rap-aren bitartez ironia
erabiltzen dut zenbait gauza salatzeko, El sobrino del diablo
izan naiz behin edo beste humorea erabiliz egunak alaitzeko… Baina
idazten dudan oro melodia batean amaitzea nahi dut. Batzuetan kanta
hobeagoak egiten ditut, beste batzuetan altxorren oroitzapenean
gordetzekoak eta inoiz gehiago berriro ateratzekoak. Baina bizitza
bera ere horrelakoa da. Batzuetan ahaztu ezinezko egunak izaten
ditugu eta beste batzuetan berriz ohera sartu bezain pronto ahaztu
nahi ditugunak.

Momentuz leku xume honetatik
ez gara Bruce Springsteen izatera iritsiko, baina edonori iribarre
bat ateratzen badiot edo gogoeta prozesu bat bultzatzen badut
hastera, horrekin konformatuko naiz. Eta bitartean kantautore
bakarlari bat izango naiz munduan gora eta behera dabilena.

EHUko udako ikastaroetan

Egun hauetan Donostian nago. Euskal
Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaro batean parte
hartzen ari naiz. Aukeratu dudan ikastaroa Gerra zibila euskal
literaturari buruzkoa da. Alde batetik gure historian egon den
gertakaririk nagusiena eta beste alde batetik literatura, gustuko
ditudan bi mundu.

Egia esateko asko disfrutatzen ari naiz
nire egonaldiaz Gipuzkoako hiriburuan. Aitortu behar dut hiria oso
turistikoa iruditzen zaidala baina urtean egun batzuk etortzeko eta
inguratzen didan munduaz deskonektatu nahi badut toki egokia da.

Atzo izan genuen lehenengo jardunaldia.
Aurreneko hitzaldian Jon Kortazar izan genuen 1937tik 2007ra arte
Gerra zibila ardatz bezala hartuz idatzitakoari buruz azalpen bat
ematen. Garai ezberdinak eta estilo ezberdinei buruz hitz egin digu.
Hurrengoa hizketan Ana Toledo izan zen eta bertan sakon jorratu zuen
1964ra arte gerra ostean euskal literaturak emandako guztia. Noski
urte askotan hutsune nabaria egon zela azpimarratu zuen. Eta
amaitzeko Jean Haritschelhar egon zen Iparraldean euskal literaturan
gertatu zenari buruz hitz egiten.

Gaur beste hiru hitzaldi izango ditugu
eta jardunaldiak bihar amaituko ditugu eguerdi aldera. Aukera izaten
ari naiz twitter bidez behin edo beste nire inpresioak jardunaldi
hauei buruz eta ongi pasatzen ari naizela azpimarratu behar dut. Alde
batetik dinamikoagoa egiten ari naiz nire egonaldia eta aisialdi
ugari izan arren ez daukat betarik aspertzeko: goizetan Miramarreko
jauregian jardunaldian, eguerdian hondartzara eguraldiak laguntzen
badu (astelehen arratsaldean iritsi nintzen eta Donostian ez zegoen
batere girorik, ordubete lehenago Lizarra inguruan egon nintzen
lanean eta han kiskali egiten ginen eguzkipean 30 gradutara),
lagunekin bildu, Donostiatik paseatu…

Bihar amaitzen dela aipatu dut goian.
Pena emango dit pixka bat eta faltan botako dut ikasturtean zehar
egun hauek baina nire naturara itzultzeko ordua iritsiko zait. Hala
ere azpimarratu behar dut uztail honetan asko gozatzen ari naizela
nagoen tokian egonda ere. San Ferminetan egon nintzen eta izugarri
ongi pasa nuen, Donostian ere ez nago batere gaizki (eta hori
hondartzak ez didala grazia askorik egiten) eta eguraldi ona egin
arren beroak ez dit kalte asko eragiten.

Disfrutatzen jarraituko dut beraz udara
honetan eta twitter bidez horren berri izango duzue. Tamalez blogean
egoteak lan gehiago eskatzen didalako eta askotan ez naiz heltzen hau
eguneratzea, baina saiatzen naiz ahal dudana egiten.