Etiketaren artxiboa: lizarreria

12 hilabetea, 12 lasterketa VII

Uztaila. Getaria-Zarautz XXXVIII. igeriketa zeharkaldia.
Uztaila ere hilabete berezia izan zen niretzako. 2007-2008 unibertsitate ikasturtea amaitutzat eman nuen (hala ere azterketaren bat edo beste izango nuen irailerako) eta lanean hasi nintzen bete-betean Lizarrerian.
Ia urtero bezala ahalik eta gehien disfrutatzea nuen helburu udan eta zer hobeto lasterketa eta lehiaketetan parte hartzea baino. Horregatik beste urte batez Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldian parte hartzea erabaki nuen. Oroitzapen onak ekartzen dizkit zeharkaldi onek, nire igeriketako garaiak gogoratzen dizkit. Gainera Zarautzeko igeriketa zeharkaldia Behobia-Donostiaren parekoa da igeriketari dagokionez.
Lasterketa ona burutu nuen. Pozik amaitu nuen, 50 minutuko harresia gainditzea zen nire helburua eta lortu nuen. 2007an baino minutu eta erdi hobeto aritu nintzen, eta hori lanean nengoela eta ez nuela nahi adina entrenatu.
Beste urte batez gure lurraldean ospatzen den igeriketa zeharkaldirik garrantzitsuena burutzea lortu nuen eta hori aski zen nire helburuak betetzat emateko.
Postua: 202 Denbora: 48:33