Etiketaren artxiboa: hegoaldea

Bero-bero dago itsasoa!

Urte batzuk dira irailean ez nintzela kantauri itsasoan bainatzen. Azken aldia Donostiako Klub Nautikoko igeriketa zeharkaldian izan zen, iraileko bigarren astebukaeran izaten dena.


Atzo iparraldera joan nintzen arratsalde pasa, nengoen tokitik hurbil zegoen eta aprobetxatu beharra zegoen. Lapurdiko Getaria ikusi nahi nuen. Ingurua ezagutu, baina herrira joan aurretik Bidarteko hondartzan pasa nuen pare bat ordu. Aipatzen dute hegoaldeko euskal kostako hondartzak eta iparraldekoak ezberdinak direla. Beno momentuz bakarra zapaldu dut eta hori horrela dela esan dezaket. Hegoaldean ohituta gaude hondartzak areazkoak izatera. Bidartekoa hondartza mixto bat dela esan dezaket, hots, area badauka baina harria ere. Hala ere, oso ondo dago arratsalde pasa egoteko iraileko egun batean: kotxea aparkatzeko tokia, jende askorik ez, leku ikusgarria…


Gainera atzoko baldintza klimatikoek lagundu zuten arratsaldea ona izan zedin. Tenperatura beroak agian eguzkipean egoteko baina ura… ura bero zegoen! Beno, 22 gradutan Andoni Aizpuruk esan zuen bezala ordu batzuk lehenago ETB1eko eguraldi iragarpenean… baina ur freskoak atsegin zaizkion batentzat ura bero zegoen! Ta olatuen egoerak bainua perfektua izan zedin lagundu zuen. Metro eta erdiko altuerakoak. Uste dut inoiz ez naizela bainatu itsasoan horrelako olatu motekin. Ertzetik nahiko hurbil apurtzen ziren. Dibertitu nintzen hauek harrapatzen saiatuz, hori bai, surf taula gabe.


Badirudi, aurreko urteekin konparatuz gero eta batez ere uztail-abuztua hilabeteekin alderatuz gero, eguraldi ona egingo duela. Aprobetxatu beharko dugu eta kosta inguruan bagabiltza hondartzara hurbilduko gara bainu bat edo beste ematera. Oñatin bagaude aldiz, Usakoko inguru berdeetara joango naiz (again uren tenperatura baxuek toki honetan ez didate ausardia nahikoa emango bainu bat emateko baina atsalde goxo bat gerizpean egoteko balioko dit).