Etiketa honen artxiboa: alemania

Oñati-Venezia-Padova-Budapest-Bartzelona-Oñati II


Budapest (jarraipena)

Iritsi zen gaua eta horrekin
batera festa. Baina ez edozein festa larunbatero gure inguruko herri
edo hirietan aurki dezakeguna. Festa berezi bat. Terma batzuetan hain
zuzen ere. Budapest ezaguna bada, bere terma azpiegituretatik da
besteak beste.

Gaueko hamaiketan sartu ginen
eta goizaldeko lauak aldera irten. Bertan igerileku bat gutxi gora
behera 34 gradutara egongo zena eta bainu turkiar bat 40 gradutik
gora zuena ura aurkitu genuen. Lehenengo igerilekuan ondo egoten zen
baina denbora asko pasa ondoren gorputzeko tenperatura pixka bat
hoztu egiten zen. Orduan izaten zen garaia bainu turkiarrera
igarotzeko. Esperientzia polita eta ezberdina aldi berean, oso ondo
igaro genuen guztiok bertan.

Hurrengo eguerdian nekatuta
nengoen baina hegazkina irribarre batekin hartu nuen. Bartzelona
izango zen hurrengo geldialdia bidai honetan.

Bartzelona (biziraupenaren
eta abenturaren hasiera)

Bezperan lagun bati abisatu
nion (larunbat eta igande arteko ordu txikitan) Bartzelonara joango
nintzela. Arratsaldean iritsiko nintzen eta gaueko hamaikak aldera
autobusa hartu Oñatin dudan etxera bueltatzeko (hainbeste bidaiekin
azkenean dudatan jartzen dut nire burua ea nongoa naizen).
Maratoiaren ospakizuna eta nire bisita hirira bat egin zuten. Hala
ere korrikako proba amaitu zenean ni T1era iristen ari nintzen.
Frankfurteko handitasunarekin harrituta gelditu banintzen,
Bartzelonako aireportuarekin ere horrelako zerbait sentitu nuen.
T1etik T2ra joateko barneko autobus batean, eta hortik hirira Renfeko
trenean. Sants-eko estaziora iritsi eta lagunaren etxera. Pixka bat
deskantsatu, freskagarri bat hartu eta erdi gunera kafe bat hartzera.
El Raval auzora hurbildu ginen oinez, pasio bat ematen. Egunak
laguntzen baitzuen.

Aterki gabe irten ginen,
zirimiri pixka bat ari zen baina ez genion kasu handirik egin. Kafea
hartu ondoren, leku benetan atsegina eraman ninduena lagunak eta asko
eskertu behar diodana arratsaldea nirekin igarotzeagatik, komeriak
izan genituen etxera iristeko. Busti-bustita, ez genuen espero.

Pizza bat afaldu, telebista
pixka bat ikusi eta berriro Sants-eko geltokira han bainuen autobusa.
Hori bai, oraingoan aterkiak eraman genituen. Autobusaren bidai
horren amaiera Donostian nuen baina Tolosatik igarotzen zela abisatu
zidaten eta hurrengo goizean han geldituko nintzen.

Tolosa-Zumarraga-Oñati

Euria egin bazigun bezperan,
goizeko seietan elurra zen Tolosa aldean. Ez nuen espero horrelako
klima aurkitzea Euskal Herrian eta ostiralean kirola egiteko zapatila
batzuekin irten nintzen. Pentsa dezakezue nolako hotza nuen hanketako
behatzetan. Trena hartu eta Zumarragara, han situazioa ez zen hobea.
Arrebari deitu behar izan nion jakiteko ea zer moduz zeuden
errepideak eta zer ordutan nuen autobusa (Udanan eta Deskargan kontuz
ibiltzeko eta autobusa 7:40etan). Oñatira ordubete beranduago iritsi
nintzen orduan hasi baitzen elurra jausten eta autobusak Udanako
portutik joan beharrean itzuli erdi eta Deskargatik joan behar izan
zuen.

Azkenean etxera iritsi
nintzen. Pozik. Biloba eta ilobei kontatzeko moduko istorio batekin.

Oñati-Venezia-Padova-Budapest-Bartzelona-Oñati I


Tituluan aipatzen ditudan
hirietatik bidaia bat burutu dut astebukaeran. Ostiralean goizeko
7:30etan irten nintzen eta gaur arte ez naiz iritsi etxera. Aste
bukaera oso intentsua, bidai ordu ugarirekin, baina oso polita eta
ederra. Oso ongi pasatzeko aukera izan dut hiru egun horietan zehar
lagun onekin alboan.

Veneziara bidean

Bilbon hartu behar nuen
hegaldia, Frankfurten geldialdia egin eta ostiral eguerdirako
iritsiko nintzen Veneziara. Veneziako ondoko hiri batean ikasten
dabilen lagun bat izango nuen esperoan. Bidaia momentu on ugariz
beteta egon zen.

Hasteko esan Stewie, Bugs
Bunny, Triki eta Donald ahatea nirekin batera igo zirela Bilboko
hegazkinera. Triki izan zen famatuena egin zena bidarien artean
(agian bakarra zelako jatekoa ematen zuena?). Frankfurtra iritsi
nintzenean terminaleko txoko batean ikusi nituen eta kuriositatez
galdetu nien nora zihoazen. Kontatu zidaten Amsterdam zutela helmuga
lagun bat zutelako han eta horrelako sorpresak gustatzen
zitzaizkiolako.

Bidai ona izan zen.
Turbulentzia eta geldialdien artean irakurtzen eta proiektu bati
birak ematen hasi nintzen. Ez dut uste denbora alferrik galdu nuenik.
Gainera hegazkin batetik bestera asko ibili behar izan nuen izugarri
handia baita Frankfurtko aireportua. Bertako langileek bizikletak
erabiltzen dute alde batetik bestera joateko. Golfean erabiltzen
diren bezalako ibilgailuak ere ikusi nituen.

Venezia

Laguna aireportuan zegoen
itxaroten. Eguerdiko hirurak inguru izango ziren lur hartu nuenean.
Zuzenean Veneziara hurbildu ginen. Ohituta gauden hirietatik oso
desberdina da hau. Ez dago trafikorik, ez ibilgailu motordunenak ezta
ere ez motordunenak. Era guztietako kaleak aurki daitezke: estuak,
zabalak, luzeak, laburrak… Eraikuntzan anarkia da nagusi eta agian
horrek egiten dio erakargarri hiri honi. Kaleetan zehar galtzen uzten
zaitu eta bitartean izugarrizko eraikin ederrak ikus ditzakezu. Oso
hiri turistikoa da eta arratsalde batean bisitatzeko denbora ematen
du.

Padova

Veneziatik 40 minutura egon
harren hiri hau oso bestelakoa da. Jendearen mugimendua alde batetik
bestera oso altua da. Unibertsitate hiria izanda gazte asko ikusten
dira kaleetan zehar. Bizikleta ugari ikusten dira, festara ateratzeko
garraio ezinbestekoa dirudiena (hala ere oraindik pentsatzen dut
bizikletak eta alkoholak ez dutela amaiera polita). Gainera ibili
nintzen koadrilen bizikletak soilik urte hau iraun behar zutenez, ez
zeuden oso ongi zainduta (horrelako bizikletetan ohikoa izaten da
galga gabe ibiltzea).

Budapest

Aurreko hiriak beraz esan
bezala ostiralean bisitatu nituen. Hurrengo geldialdia Budapest
izango zen. Urtebete beranduago berriro itzultzen nintzen asko
gustatu zitzaidan hirira. Ez zegoen batere aldatuta (agian hango
moneta pixka bat garestiagoa bilakatu zen, baina aldaketa handirik
ez).

Joan nintzen taldearekin gida
bezala egin nuen. Kasualitatea izan zen baina zeuden ostatuan egon
nintzen baita eta erraz aurkitu genuen. Afaldu ondoren gozatu genuen
festaz hitz egiteko okasioa da. Hori bigarren zati batean kontatuko
dut.

Lenny Kravitz


Gaur arratsaldean Gasteizen
klase ondoren ordubete inguru izan dut Oñatira itzuli baino
lehenago. Nire asmoa kanpuseko pabiloiko kafetegian kafe bat hartzea
zen hango lasaitasuna aprobetxatuz (ostiral arratsaldetan harrigarria
izaten da nolako jaitsiera izaten duen ikasleen joan etorrien
kopurua). Baina tamalez itxita zegoen (iazko urteetan zortzietan
ixten zuten, aurten berriz bi ordu aurreratu dute ordu hori). Orduan
plan aldaketa etorri da eta San Prudentzio kalean dagoen Down Street
tabernara joan naiz.

Ez da munduan dagoen taberna
lasaiena baina oso gustukoa dut. Hilabeteak handik hurbildu gabe
nengoen eta gaur oso eroso sentitu naiz bertan. Sartu naizenean Lenny
Kravitz-en
kanta bat entzuten zen bozgorailuetatik eta bere
bideoklipa pantaila erraldoian ikusten zen. Lehen bi bilar mahai
zeuden tokian orain bakarra dago eta hiru dardo makina. Baina bestela
taberna ez da ezertan aldatu. Betiko xarma edukitzen jarraitzen du.

Giro lasaia zegoen eta kafea
gustura edateko aukera izan dut. Bitartean Berlingo harresiaren
erorketari buruzko erreportaje bat irakurtzen egon naiz. Esan dudan
bezala, ostiral arratsalde bat izateko, oso lasai zegoen. Zarata
handirik gabe eta mahaietan lekua sobera.

Gasteiz inguruan egoten
bazarete eta ez ohiko tabernetatik urrundu nahi baduzue Down Street
aukera ona izan daiteke bilatzen duzuen une horretarako. Ez zaizue
damutuko.

Motibatzeko teknikak (II)

2007ko udan triatloiari buruzko aldizkari bat
iritsi zitzaidan nire eskuetara. Hilabete berdinean Runners aldizkarian talde
bitxi bati buruz hitz egiten zuten triatloiko aldizkarian agertzen zena baita
ere.

Dick eta Rick dira talde horretako partaideak.
Dick aita da eta Rick semea, Massachussets-ekoak (Ameriketako Estatu Batuak).
Rick gaixotasun batekin jaio zen jaiotzean denbora laur batez oxigenorik ez
zitzaiolako heldu burmuinera. Bizitza guztirako aulki batean itsatsita geratu
zen jaio berritan.

1972an (Munich-eko olinpiadak, Mark Spitz
protagonista bezala bere urrezko zazpi dominekin) Tufts-eko unibertsitateko zientzialari
talde batek ordenagailu bat garatu zuen Rick-ek idazteko gaitasuna ematen
ziona. Idatzi zuen lehenengo gauza Go Bruins! Izan zen (izotz hockeyko Boston
Bruins taldeak orduan NHLko Stanley kopako finala ari ziren jokatzen). Ricki
irola gustatzen zitzaiola argi geratu zen.

Orduan bere aitak 5 miliako lasterketa batera
eraman zuen semea. Egun hartan Rick ez zen sentitu gutxitu fisiko bat bezala.
Lau urte geroago biak batera maratoiak eta laburragoak ziren distantzietako
hamaika lasterketetan parte hartu ondoren triatloi bat egitea bururatu
zitzaien. Guztia batera egin zuten. Igerian aitak lotura berezi bati esker
semera eramaten zuen txalupa batean, bizikletan eserleku berezi bat zuen
aurrean eta korrika egiterakoan Dick-ek Rick-i bultza egiten zion. Ironman bat
egitea pentsatu zuten (3800
metro igerian, 180 kilometro bizikletan eta bukatzeko
maratoi bat korrika, 42,195 kilometro). Gaurdaino sei bat daramatzate eginda.

Gogoak falta zaizkidanean entrenatzera
joateko, familia honen istorioa irakurri eta ikusten dut motibatzeko eta gogoak
altxatzeko.

Bideo ikusgarria youtuben

PSPrako bideoa

Informazio gehiago: www.teamhoyt.com

**BTR**