4 urte

Gaur, 2009ko
maiatzaren 18a, 4 urte bete ditut goiena.net-eko blog komunitatean nire lehen
artikulua idatzi nuenetik. Gogora etortzen zait Lor euskal taldearen Zure
doinuaren kantaren hasiera: Euri asko egin du neska, lehenengo laztanetik…
Balada tristea baina kantu bakoitzari gertatzen zaion bezala, pertsonaren
arabera esanahia aldatu egiten zaio. Niri kanta horrek oroitzapen onak ekartzen
dizkit baina aurrera begiratzeko indarrak ere ematen dizkit.

Euri asko egin du
lehenengo artikulu horretatik. Garai onak eta ez hain onak bizi izan ditut lau
urte hauetan. Lau uda pasa ditut lanean Lizarra inguruan. Selektibitateko
probekin hasi nuen ibilbide hau eta orain unibertsitatean nago historia
ikasten. Kirol lehiaketa ugaritan parte hartu dut. Aloñako bi igoera,
Arrigorriagako distantzia luzeko bi duatloi (bietan hirugarren postua
lortuta)… Bidaia garrantzitsuak ere burutu ditut denbora tarte horretan: Done
Jakue bidea, Lisboara egindako 2008ko udaberrian, aurtengo otsailean
Budapestera joan nintzen astebete…

Artikulu bat
aukeratu beharko banu ezingo nuke hori egin. Guztiak hartu beharko nituzke bere
osotasunean baloratzeko. Guztiak izan dira garrantzitsuak. Baliteke batzuk
beste batzuk baino hobeagoak izatea baina guztietan izan dut sentsazioa idazten
nuen bitartean zerbait esaten ari nintzela.

Agian garairik
bereziena azken hilabete hauetan izan zen beste goiena.net blog komunitateko
beste blogari bati omenaldi txiki bat egin nionean izan da. Hark izandako ideia
jarraitu nuen, hain zuzen ere, maratoira begira egindako jarraipen berezi bat
egitea.

Horregatik sartu
nintzen mundu honetan. Uste nuelako zerbait nuela esateko munduari. Hemeretzi
urteko gazte baten ikuspuntua egunero ematea zen nire helburua. Inguratzen
zidanaren berri ematen nuen. Hemeretzi urteko mutil gazte hura hogeita hiru
urteko gizona bilakatu da. Ikuspuntuak, ideiak… aldatu zaizkit baina idazteko
gogoa inoiz baino handiagoa da.

GOTBn botatako
saio bati esker jakin nuen blogen inguruan lehen aldiz. Ideia nagusia gustatu
zitzaidan eta aste batzuetara goiena.net blog komunitatean blog propioa nuen.
Uste dut inoiz ez dela berandu hasteko eta hemendik jende guztiari animatzen
diot euskal blogosfera haztera eta beraien bloga abiarazteko. Beldurrik ez izan
eta animatu interneteko komunitaterik interesgarrienetako batean parte hartzea.

4 urte izan dira,
espero beste lautan jarraitzea gutxienez. Gaurkoa egun berezia da, ez soilik
urtemugarengatik, eta hau primizia bat da irakurleentzat, lehen aldiz nire
bizitzan literatur lehiaketa batean sari bat emango didatelako. Gaur Euskal
Herriko Unibertsitateko Arabako kanpuseko Letren fakultatean Galiziar letren
eguna ospatzen da eta bertako arduradunek literatur lehiaketa bat antolatu
zuten. Bertan parte hartu nuen eta euskarako sailean irabazlea irten naiz.
Beraz gaur letra idatziek ematen didaten poza bikoitza dela esan dezaket.

Erantzun bat “4 urte” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude