Heriotza-zigorra Josu Uribetxeberriarentzat

DSCN2921Urte asko daramagu espainolen bota demokratikopean. Ni aspaldi jabetu nintzen Estatu honekin ezin dela esan “gehiago ezin dute egin”, beti aurkitzen dutelako modua soka tenkatzeko. Hala eta guztiz ere, egun hauetan berriz esan dut sinesten ez dudan esaldi hori. Ondoren, zein inozo haizen esateko nire buruari. Josu lasai hiltzen utziko zutela pentsatu nahi izan dut.

Estatu honek duen ankerkeria maila areagotzeko gaitasuna hain handia da, beti aurkitzen duela bidea gu aho zabalik uzteko. Eta eskema behin eta berriz errepikatzen da.

Estatu honen aparatuak Trinitatea bezalakoa dira, hiru batean! Eta hiru horiek beti ez dira berdin erabiltzen. Oraingoan exekutiboak bere tresnak erabiliz zerraldo bat erosi du, judizialak Josu bertan sartu du bizirik eta legislatiboa lur palakadak botatzen hasi da. Sendagileek urtebete iraungo zuela esan zutenez eta dagoeneko gehiago pasatu denez, Josu hil baino lehenago lurperatzea erabaki dute! Herri-arnasa kendu nahi diote!

Eta gu, Josu maite dugunok, Josuren lagunok, ezin dugu horrelakorik onartu! Gogor salatu behar dugu egoera. Dagoeneko zerraldo gainean gaude, legeak eurek egiten dituztenez eskuak lotuta ditugu, baina zerraldo gainean dagoen lurra ahoarekin kentzen ari gara. Zuek palakada lur bota eta gu txandaka zerraldora jaitsi eta zuek botatakoa ahoarekin kentzen ari gara. Lan mardula hartu dugu, baina asko gara eta joango gara txandak egiten, Josuri lur guztia kendu behar diogu herri-arnasa hartzen jarraitu behar duelako.

Josuri lehendabizikoz minbizia aurkitu ziotenean libre utzi balute euren legeak dioen bezala, agian Josuk gaur egun baino osasuntsuago egongo litzateke. Baina ez zuten legea bete eta espetxean jarraitu behar zuela erabaki zuten, minbizia hedatu egin zitzaioan eta hala eta guztiz ere borroka luzea egin behar izan zuen/genuen kaleratzeko.

Josuk epaileak jarritako baldintza guztiak bete ditu aske egon den bitartean. Eurek gorroto eta mendekuaren bidea hartu dute ohi bezala eta 17 urtetan geldi egon den sumario bat ireki dute eta ezer berririk egon gabe Josuri askatasun mugatua (lehen ere ezin zen irten Arrasatetik) kendu diote. Josu ezin da irten etxetik! Josu preso da bere etxean! Zerraldo handi batean sartu dute, horrela bere heriotza areagotuko delakoan.

Herri honek orain arte bezala, jakingo du erantzuten. Josuren lagunak hasi gara antolatzen eta herri honek jakingo du herri-arnasa helearazten. Gure amorrua eta gure borroka, baina batez ere gure maitasuna bilaka dadila Josurentzat oxigeno. Maite zaitugu, Josu! Eutsi!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude