Nork nahi du errauskailua bere herrian?

Edozein ekintza martxan jarri aurretik helburu bat jarri behar da. Guk hondakinak birziklatu behar ditugula pentsatzen dugu. Eta birziklatu behar dugu ahal eta gehien.  Eta zenbaki bat jartzekotan esango genuke %80tik gora gaika bildu daitekeela, beste herri batzuek erakutsi digutelako hori hilabete batean lor daitekeela.

Behin helburua finkatuta, hots, %80tik gora gaika biltzea, hori lortzeko zein bilketa sistema den egokiena pentsatu behar dugu. Gaur egun bi sistema daude aurrez aurre: bosgarren edukiontzia –honetan norbaitek gaizki egingo balu beste guztien ahalegina alferrikakoa izango litzateke– edo atez ate izeneko sistema –pertsonalizatua, norbaitek gaizki eginez gero, ondo egiteko esango zitzaioan eta beste guztiena ez zen alferrik galduko-.

Zergatik da hain garrantzitsua sistema ondo aukeratzea?  Bat edo bestea aukeratuz errauskailuaren beharra egongo litzatekeelako. Atez atekoarekin %80tik gaika bilduko genuen eta horrela alboratuta geldituko litzateke errauskailua. 5. edukiontziarekin, berriz, %40 ingurua biltzen da. Orain arte jarritako herri guztiek hori erakutsi  digute gutxienez. Eta derrigortuta egongo ginen errauskailua egitera.

Ondorioz, hondakinak jasotzeko edozein sistemari buruz hitz egin aurretik galdera bat egin behar diogu geure buruari eta zintzo erantzuten saiatu: zure etxe ondoan errauskailu bat nahi duzu? Zergatik da galdera hori hain garrantzitsua? Atez atekoa edo gaika biltzea derrigortzen duen beste sistema ez baduzu aukeratzen errauskailuari baiezkoa esaten diozulako. Gaur egun bezalako zabortegiak ezin direnez egin, edo %80tik gora birziklatzen duen sistema bat aukeratzen dugu edo zaborra erretzera derrigortuta gaude, erretze horrek berarekin dakarren guztiarekin: minbizia nagusiki, baina beste gaixotasun ugari era bai. Zergatik itxi zen Arrasatekoa?

Lantegi bateko langile batek lantegia ez ixteko sistema berri bat aurkeztuko balu produkzioa bostetik zortzira igotzeko, aldaketa txiki batzuk ezarriz, baina  lan berdintsua eginez, norbaitek ulertuko luke zuzendaritzak sistema berri hori ez aplikatzea?

Aurreko adibideko erabakia ulertuko ez bagenu. Nola onartuko genuke gure udaletxeak %40 gaika biltzeko sistema bat aukeratzea, dakigunean %80tik gora lor daitekeela beste sistemarekin. Nola onartuko genuke erosotasunarengatik errauskailu bat egin behar izatea?

Eta errauskailuaren inguruan beste kontu bat, orain arte errauskailua egiten saiatu diren herri guztietan herritarrengandik ezezko borobila jaso du. Zergatik? Hemen bozkatzeko aukerari buruz hitz egiten dugunean, agian bozketa bat egin beharko genuke Gipuzkoako herri guztietan galdetuz errauskailua nahi den edo ez eta gero, baiezko gehien jaso duen herrian eraiki. Hori izango litzateke demokratikoena, ez?

Atez ateko sistemari beldurra dionari, pixka bat pentsa dezan galdera bat egingo diot. Zergatik daude horrelako iskanbilak atez ate jartzerakoan eta behin hilabete batzuk ondoren, herri horietan ez da ezer entzuten. Hain sistema txarra izango balitz kontrako mugimendua indartu egingo litzateke, ez? Zuen ustez zergatik ez da sortzen?

Nire ustez,  alde batetik, atez ateko sistema erabiltzea erraza delako eta beste aldetik, harro sentitzen direlako gure ama lurrari eta euren buruei ekarpen hori egiten. Hondakinak, guk sortu guk kudeatu!

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude