La forma del agua

Baztertuen matxinada

Zuzendaria: Guillermo del Toro

 Aktoreak: Sally Hawkins, Michael Shannon, Richard Jenkins

Puntuazioa: 3

 

Duela pare ba aste, tarte honetan, The florida proyect filmari buruz egin nuen berba. Film hartan, gizartetik baztertutako pertsonaien bizitzak azaltzen ziren, tonu errealista erabiliaz. Oraingoan, Guillermo del Torok, gizartetik aldenduak bizi diren pertsonaien istorio bat kontatzen digu, ipuin fantastiko baten bitartez. Istorioa 1960eko hamarkadako Gerra Hotzean kokatzen da. Sobietar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek mundua kontrolatzeko zuten norgehiagoka nabarmena zen. Hori bai, ezkutuan. Ez zen guda ofiziala, baina euren espioizerbitzuek buru-belarri ziharduten lanean euren herrialdeen alde. Giro horretan, Del Tororen istorioak baztertuen matxinada kontatuko digu. Neska mutu bat, bere auzokide homosexuala, bere lagun beltza… Elkarrekin lan egingo dute Amazonasko basotik ekarritako izaki fantastiko baten bizitza salbatzeko. Hori lortzeko, munduko bi potentzia handien azpijokoak gainditu beharko dituzte. La forma del agua pelikulak gizartean dauden talde baztertuen aldarrikapena egiten du. Guztiak batuz, posible da talde zapaltzaileei aurre egitea. Dena den, Guillermo del Toro ez da panfletoan erortzen. Kontatzen duen pelikulan, maitasuna, laguntasun harremanak, abentura eta fantasia nahasten ditu, besteak beste, ipuin polita osatzeko. Ipuin horretan pertsonaia onak eta txarrak daude, ez dago anbiguetaterako tokirik. Dena oso argia da.

The Florida Project

Horren gertu, horren urrun

Zuzendaria: Sean Baker

Aktoreak: Brooklyn Prince, Willem Dafoe, Bria Vinaite

Herr.: AEB (2017).

Puntuazioa. 4

 

The Florida project pelikulako pertsonaiak Disney World parketik oso gertu dagoen ghetto antzeko batean bizi dira. Motel bat dago, eta hango biztanleak ongizate-estatutik aldenduta bizi eta bizitzari aurre egiteko zailtasun asko duten pertsonaiak dira. Askok ez dute lanik; sarritan, haurrekin bizi diren amak dira, eta egunero jan ahal izateko ahal duten moduan moldatzen dira. Droga eta prostituzio giroan daude. Helduekin batera, haurren mundua deskribatzen zaigu. Bizi diren egoera latza izan arren, euren jokoekin, bihurrikeriekin eta bizimodu nahiko basatiarekin zoriontsu izatea lortzen dute. Horrela, gizarteak ahaztutako pertsonaiak eta, fantasiari esker, giro hori jasatea lortzen duten haurrak erakusten dizkigu Bakerrek. Eta horien artean, moteleko gerentea daukagu: ghettoko ordena mantendu behar du eta, aldi berean, bertan daudenei laguntzen ahalegintzen da. Haurren begirada, istorioan, horren mingarria ez izatea lortzen du. Begirada horrek euren defentsarako balio duen arren, euren etorkizuna nolakoa izango ote den galdetzen diogu geure buruari. Zuzendariak dokumentalen tonua erabiltzen du. Kamara mugitzen du pertsonaien eguneroko bizitza harrapatzeko. Ez du dramaren sorrera derrigortzen, baina poliki-poliki istorioren barnean sartzen da. Modu egokian heltzen zaigu Disney World-etik horren gertu eta horren urrun dauden pertsonaien istorioa.

El hilo invisible

Menpekotasun harremanak

 Zuzendaria.: Paul Thomas Anderson

Aktoreak: Daniel Day Lewis, Vicky Krieps, Lesley Manville

Herrialdea: Ameriketako Estatu batuak

Puntuazioa: 4

 

Paul Thomas Andersonen filmek ukitu berezia izaten dute. Bai jorratzen dituen istorioengatik, baita istorioak azaltzeko duen moduarengatik. Gustuko izaten du gizakien artean sortzen diren menpekotasun harremanak azaltzea. Pozos de ambición, The Master eta orain El hilo invisible horren adibide argiak dira. Azken film honetan karismadun eta bakartia den jostun ospetsua bat da protagonista. Bere arrebarekin batera oso bizi metodikoa darama. Jantzi zoragarriak egiteko bizi da. Neska gazte bat ezagutuko du eta euren artean oso harreman bereziak eta maltzurrak sortuko dira. Pertsonaia nagusiaren indarra handia da, eta neska gazteak bestearengandik irentsia ez izateko ahaleginak egingo ditu. Jostunak bere bizitza mantendu nahi du eta ez du aldaketarik nahi. Neska, aldiz, gizonaren koraza emozionala puskatzen saiatuko da. Era berean, harreman hurbilagoak izateko ahalegina egingo du. Maiteminduta dago, baina, aldi berean, ez du bere nortasuna galdu nahi. Kontatzeko moduari dagokionez, berriz, zuzendariak detaile guztiak zaintzen ditu: koloreak, irudiak, plano bakoitzean agertzen dena, planoen iraupena egokia izatea, musikaren erabilera, giropena, jantziak, eta, nola ez, aktoreen interpretazioak. Hori horrela, kontatzen denak eta kontatzeko moduak elkar aberasten dute, oso film erakargarria eta misteriotsua osatuz.

Sin amor

Errusiari buruzko begirada zorrotza

Zuz.: Zvyagintsev

Aktoreak: Alexey Rozin, Maryana Spivak, Matvey Novikov

Herr.: Errusia (2017)

Puntuazioa: 3

 

Pelikularen hasieran, komunikabideetan entzuten da munduaren bukaera heltzear dagoela. Halako notiziak sarritan entzuten dira eta ez dira batere sinesgarriak. Andrei Zvyagintsevek kutsu apokaliptikoa eskuratzen du Errusiako gizartea deskribatzeko. Filmaren hasieran, dibortzio tramiteetan dagoen bikote bat dugu. Egun osoa bata bestea zirikatzen. Eta erdian 12 urteko semea. Gurasoen artean maitasunik ez dago eta bera ere ez da maitatua sentitzen. Horrela, filmaren izenburura heltzen gara. Maitasunik gabe bizi den gizarte bat dugu. Pertsonaiek maitatuak izatearen beharra sentitzen dute, eta, horren jakitun diren arren, ez dute maitatzeko ahalmenik. Eta gabezia hori ez dago bakarrik gizakietan, baita erakundeetan ere, gizarte osora zabaldu arte. Istorioaren giroa zaurgarria da. Pertsonaiak euren onetik aterata daude eta euren portaera zaurgarria da. Ondo dago ikuspegi kritikoa izatea eta ematea, baina, momentu batzuetan, hori aditzera emateko erabilitako elkarrizketak gehiegizkoak dira. Adibidez, senarraren laneko eszenetan gauzak gehiegizkoak direla esateko eta zabaldu nahi den mezua argi geratzeko. Dena den, filma ondo dago. Zuzendariaren kontaketa kadentziala da. Erabilitako neurria eta lasaitasuna neurritik kanpo dauden pertsonaien istorioa azaltzeko baliatzen ditu. Zvyagintsevek jarraitzen du Errusiari buruzko begirada zorrotza erakusten.

Los archivos del Pentágono

Prentsaren garrantzia eta erantzukizuna

Zuzendaria: : Steven Spielberg

Aktoreak: Meryl Streep, Tom Hanks, Sarah Paulson, Bob Odenkirk

Herr.: Ameriketako Estatu Batuak

Puntuazioa: 3

 

Spielberg joan den mendeko 1970eko hamarkadako hasierara joango da prentsak duen garrantzia aldarrikatzeko. Garai hartan, Vietnamgo gerra pil-pilean zegoen eta prentsak azkeneko presidenteen jokaera engainagarria frogatzen zuten dokumentuak lortu zituen. Beti gertatzen den moduan, informazioa ez kaleratzeko presio handia egingo duten erakunde eta pertsonak agertuko dira. The Post-en prozesu guztia kontatzen zaigu: datuak nola heltzen diren, lortutako informazioari zer-nolako tratamendua ematen zaion, argitaratu baino lehenago sortzen diren zalantzak eta presioak, argitaratze unea eta horren ondorioak… Dena den, Spielbergen istorioa ez da prentsaren lanaren garrantzian eta honek duen erantzukizunean geratzen. Istorio horren barruan badago ere emakumeen eskubideen aldarrikapena. The Washington Post aldizkariko editorea emakume bat da. Emakume bat gizonen munduan sartuta. Duen postua, aurretik, bere aitarena izan zen, eta, ostean, senarrarena. Hori horrela, guztien aurrean bere balioa erakutsi beharko du. Spielbergek goraipatu nahi du pertsonaiaren adorea. Eta, horrekin batera, filmean adierazten da Ameriketako Estatu Batuetan ez dela ezer zigorgabe geratzen. Aipatutako mezuren bat eszena batzuetan gehiegi azpimarratuta badago ere, orokorrean, zuzendariak indarra eta erritmo egokia ematen dio filmari ikuskizun distiratsua burutzeko.

The Molly’s game

Emakume azkarra eta erakargarria

Zuzendaria.: Aaron Sorkin

 Aktoreak: I Jessica Chastain, Idris Elva, Kevin Costner

Herr.: AEB (2018)

Puntuazioa: 2

 

Aaron Sorkin gidoilari ospetsua zuzendari lanetan sartu da Molly’s game pelikularekin. Kontatzen duen istorioa benetan gertatutakoa da. Molly Blomm famatu egin zen Los Angelesen eta New Yorken izugarrizko poker partidak antolatzeagatik. Mafia errusiarrak parte hartu izan zuen partida batzuetan. Hori horrela, Molly atxilotu eta epaitu egin zuten. Partida horietan, aktoreek, zuzendariek, musikariek eta beste pertsona ezagun askok parte hartu zuten. Horregatik guztiagatik, Mollyren kasuak oihartzun handia izan zuen. Molly filmaren protagonista nagusia da. Alde batetik, bere istorioa ikusten dugu; eta, beste alde batetik, bera da pelikulako narratzailea. Denbora osoan bere ahotsa entzuten dugu, ikusten ari garen istorioak gidatzen. Pelikularen hasieran, gazte zeneko gertakizun garrantzitsu bat ikusiko dugu, eta, hortik aurrera, bere bilakaera eta hazkundea, emakume arrakastatsua izan arte. Molly emakume azkarra eta erakargarria da, baina filmaren azken zatira arte ez zaigu azaltzen barrutik nolakoa den. Ez zaizkigu sentimenduak azaleratzen. Hori horrela, Aaron Sorkinek ez du lortzen hezurharagizko pertsonaia sortzea. Euren arteko elkarrizketa distiratsuak ez dira naturalak. Partidak nolakoak ziren ezagutzeko aukera ematen du. Horiek Mollyren barneko istorioarekin duten zerikusia ez da batere sendoa. Pelikula itxurosoa da, baina nahiko arrunta.

Wonder Whell

Ilusioa eta errealitatea

 Zuzendaria.: Woody Allen

 Aktoreak: Kate Winslet, James Belushi, Justin Timberlake, Juno Temple

Puntuazioa: 3

 

 Gizakiarengan, arrazoiaren eta sentimenduaren arteko norgehiagoka gertatzen da. Gauzak argi aztertu nahi izaten ditugu, baina sentimenduek, askotan, gauzak nahasten dituzte. Wonder Wheel da Cone Island-eko jolas-parkeko noriaren izena. Badirudi halako lekuetan poza eta festa nagusitzen direla, baina ez da horrela. Atrakzioaren ondoan familia bat bizi da, eta etxe horretan bizi den giroak ez du zerikusirik alaitasunarekin. Bizitzak sortutako frustrazioak eta errealitateak irentsitako ilusioak dira nagusi han. Filmean zehar, pertsonaiek Eugene O’Neill eta Chejov idazleak aipatzen dituzte. Egiari zor, Allenen istorioan bi idazle horien ezaugarriak antzeman daitezke. O’Neillen lan batzuetan agertzen diren familietan frustrazioa nabarmentzen da. Pertsonaiek bizitzarengandik espero zutena eta honek emandakoa ez datozelako bat. Ilusioaren eta errealitatearen etengabeko norgehiagoka bat da. Bestalde, Chejoven lan askotan pertsonaiak maitemindu egiten dira. Baina ez elkarren artean. Batak bestea maite du, baina horrek hirugarren bat maite du… Eta Blanche Duboisen itzala ere hortik gertu dago. Orain arteko guztia irakurrita antzematen da Woody Allenen azkeneko lana ez dela komedia bat. Thriller ukituak dituen drama bat da. Baina ez dauka bi genero horiek duten giro eztandagarria. Storaroren argiak eta koloreak dramari kutsu ameslaria eta malenkoniatsua ematen diote

Muchos hijos, un mono y un castillo

Galdutako ornoen bila

Zuzendaria: Gustavo Salmeron

Dokumentala

Aktoreak: Gustavo Salmeron, Julia Salmeron

Puntuazioa: 3

 Herr.: España (2017)

 Iraupena: 90 minutu.

 

Indiana Jones galdutako kutxaren bila ari bazen, Julia Salmeron, familiaren laguntzarekin, Gustavo Salmeronek zuzendutako dokumentalean bere amonaren ornoen bila ibiliko da. Guda zibilean hil zuten amona; haren orno pare bat gordetzea lortu zuten. Julian etxea oroimenez eta gauzez beterik dago. Urtean zehar gauza eta tresna guztiak kaxetan pilatuz joan da. Dokumentala 15 urtetan zehar filmatuta dago. Badaude lehenagoko argazkiak eta grabatutako irudiak: zazpi seme-alabak txikiak zirenean, Julia eta senarra gazteak zirenean… Irudi horiek agertuko dira amaren eta familia guztiaren azkeneko 15 urteetan. Momentu bitxiak, iritzi eta egoera bereziak ezagutzen joango gara baina familiaren izaerara egokituta. Hau da, modu kaotikoan eta ordena gehiegi gabe. Ez da familia arrunta, xelebrea baizik. Ikusiko dugu semealabek gurasoekin duten harremana, (baina hortik kanpo euren bizitzari buruz ezer gutxi azalduko zaigu), baita tximinoaren pasadizoa eta familiak erositako gazteluaren istorioa ere. Komedia tonua nagusi bada ere, badaude momentu latzak: heriotzak, zahar egitearen mugak eta bizi izateak dakarren higadura, adibidez. Dena den, erotasun edo xelebrekeria puntu bat izatea oso egokia da aurrez aipatutako guztiari aurre ahal izateko.

 

Asesinato en el Orient Express

Ezaguna, baina dibertigarria

Zuzendaria: Kenneth Branagh

Aktoreak: Keneth Branagh, Michelle Pfeiffer, Jonnhy Depp

Herr.: AEB (2017)

Puntuazioa: 2

 

Kenneth Branagh ez da kikiltzen Britainia Handiko idazle ospetsuen lanak zinemara egokitzerakoan. Literatura klasikoa ezagutzen du eta ondo daki horiei ikusgarritasun puntu aproposa aurkitzen. Argi dauka zinema kultura izateaz gain, entretenimendua ere badela. Hori horrela, askotan, bere lanek badute erotasun puntu bat, baina pasa gabe. Klasikoen funtsa mantentzea lortzen du, eta, aldi berean, dibertigarria izatea. Shakespeareren Enrique V, Hamlet, Mucho ruido y pocas nueces eta Tiempos de amor perdidos –musikal bihurtuta– zuzendu ditu. Baita Mary Shellyren Frankenstein. Orain suspentse eeberrien erregina Agatha Christieren unibertsora hurbildu da. Bazegoen 1974an Sidney Lumet-ek zuzendutako Asesinato en el Orient Expresseko bertsioa. Hortaz, pentsa genezake ez duela zentzu handirik beste bertsio berri bat egitea. Liburua irakurri duenak edo filmaren lehen bertsioa ikusi duenak badaki zer gertatu behar den eta zein den hiltzailea. Horrek asko mugatzen du interesa. Hitchcocken filmak behin eta berriz ikus daitezke suspense tramaren azpitik gauza asko daudelako, baino halako kasuetan ez da gauza berbera gertatzen. Dena den, Branaghek garrantzia ematen dio Hercules Poiroten pertsonaiari eta duen dilema moralari. Gainera, pertsonaiei eta filmari ematen dien ukitu dibertigarriak eta ikusgarriak lan atsegina egiteko balioko dio.

En realidad, nunca estuviste aquí

Mailudun gizona

 Zuzendaria: Lynne Ramsay.

Aktoreak: Joaquin Phoenix, Alessandro Nivola, Judith Anna Roberts

Puntuazioa: 3

 

 Eleberri eta zinema beltzean detektibe pribatu bat protagonista dugunean, gehienetan, ikertzen diharduen kasua, hasieran, nahiko normala dela ematen du. Baina, ikerketa aurrera doan neurrian, gauzak korapilatzen joaten dira eta buruhausteak gero eta handiagoak dira. Joaquin Phoenixek En realidad, nunca estuviste aquí filmean egiten duen pertsonaia ez da detektibea, baina desagertutako neskatilak berriz etxera eramateko lanak egiten ditu. Gizon bakartia da. Ama zaintzen du, antisoziala da eta traumatizatuta dago, haurtzaroan aitak emandako tratu txarrengatik, baita gerraren eraginagatik. Berak izan ez zuen babesa beste haur eta gaztetxo batzuei eman nahi die, beti mailu bat eskuetan duela. Ramsayren filma analitikoa baino gehiago deskriptiboa da. Kasua baino garrantzitsuagoak dira pertsonaia nagusiak kasuari aurre egiteko duen modua eta bere barnean sortzen diren sentimenduak. Iragana eta oraina pertsonaiaren barnean nahasten dira eta ikusleak ondo hartzen du desoreka, atsekabea eta kaosa. Pertsonaia haluzinazio baten barruan bizi da eta hori guztia soinuaren, muntaiaren eta musikaren bidez islatzen da. Indarkeria azaltzeko modu lehorra irudiekin nahasten da. Thriller indartsua da.