Amante por un día

Sentimenduen gorabeherak

Zuzendaria: Philippe Garrel

 Aktoreak: Eric Caravaca, Esther Garrel, Louise Chevillote

Herr.: Frantzia (2017)

 

Neska gazte bat bere bikotearengandik banandu ondoren, aitaren etxera joango da bizi izatera. Aita, unibertsitateko irakaslea, ikasle batekin bizi da. Bi neskak adin berekoak dira. Amante por un día pelikulak hirukotearen artean sortzen diren harremanak azaltzen ditu. Neskak lagun egiten dira, eta hor, familia, adiskidetasun eta maitasun kontuak nahastuko dira. Aitaren eta alabaren artean, bikotearen eta bi lagunen artean gauzak eta sekretuak nola bideratzen diren ezagutuko dugu. Bik badakizkite hirugarrenak ez dakizkien gauzak, eta ez da erraza sekretua mantentzea, besteari desleiala izatearen sentsazioa izan barik. Maitasuna ez da erraz sailkatzen den gauza bat. Guztiok ditugu maitasunaren eta bikotearen arteko bizitzari buruzko ideia ezberdinak, eta, kasu askotan, guk ere ez dakigu oso ondo zer nahi dugun. Batzuek oreka sentsazio atsegina izan nahi dute; beste batzuk sexu kontuetara mugatzen dira; aske izatearen sentsazioa behar dute beste askok; eta badaude bikotekidearen babesa behar dutenak ere. Lagun sentimenduak, irrika, sexua… askotariko sentimenduak daude. Phillipe Garrel zuzendariak formatu zabala eta zuri-beltzeko irudiak erabiltzen ditu maitasunaren –edo, agian, gizakien– alde harrapaezin eta ulergaitzari buruz mintzatzeko. Zabal azaltzeko. Aktoreek xarma eta freskotasuna ematen diote frantziarren ukitu intelektuala duen filma

Custodia compartida

Egoera itogarria

 Zuzendaria: Xavier Legrand.

Aktoreak: Lea Drucker, Denis Menochet, Thomas Gioria

Herr.: Frantzia (2017)

Puntuazioa: 3

 

Dibortziatuta dagoen bikote bat epailearengana doa semearen zaintzarengatik borrokatzera. Aitak semearekin egunak pasatzeko aukera izan nahi du. Amak eta semeak ez dute aitaz ezer jakin nahi, baina epaileak, neurri batean, aitaren eskaerari baietza ematen dio. Hortik aurrera, erabaki horren ondorioak azalduko zaizkigu. Aitak familiarengana hurbildu nahi du, baina besteek ez dute ezer jakin gura. Eta, horren ondorioz, sortzen den tentsioegoera geroago eta larriagoa izango da. Hain zuzen ere, zuzendariak ez digu erakusten iraganean zer gertatu zen, baina ikusleak ondo antzemango du amak eta seme-alabek jasandako egoera. Aitaren asmoak onak direla ematen du, baina gauzak berak gura ez moduan irteten direnean indarkeria erabiltzeko duen joera nabarmentzen joango da. Amaieran, kezkagarria eta dramatikoa izango da egoera hori. Custodia compartida pelikulak, alde batetik, horrelako egoeren salaketa egiten du; eta, beste batetik, badu bere ukitu didaktikoa, kasu horietan poliziak eta erakunde babesleak duten portaera ikusteko aukera ematen duelako. Era berean, beldurrezko thriller-en ezaugarriak ditu. Zuzendariak gehiegikeriatan erori gabe oso ondo islatzen du amak eta semeak sentitzen duten beldurra. Igogailuaren zaratarekin bakarrik –heriotza eurengana hurbiltzen– ikusleak antzeman dezake pertsonaiek sentitzen duten

Isla de perros

Errebolta espiritua

 Zuzendaria: Wes Anderson

 Animazioa

Herr.: AEB (2018).

Puntuazioa: 4

 

Ez da Wes Anderson animazio mundura hurbiltzen den lehen aldia. Duela urte batzuk, Fantástico Sr. Fox estreinatu zuen, eta orain, Isla de perros gure aretoetara heldu da. Stop motion teknika erabiltzen du. Panpinak eskuz mugitzen ditu, eta gero, fotogramak bateratuaz, mugimendu sentsazioa lortzen du. Kasu honetan, 12 urteko mutiko bat eta irla baten abandonaturiko txakurrak dira istorioaren protagonistak. Horiek mutikoaren osabak sortutako sistema totalitarioarengatik baztertu eta irla batera bidaltzen dituzte. Haurrak eta txakurrek indarrak batuko dituzte osabaren agintekeria gainditzeko. Istorioa Japonian gertatzen da, eta gizarte eta kultura horren ezaugarriak islatzen dira Andersonek sortzen dituen irudi zoragarrietan. Isla de perros-en, abentura, adiskidetasuna, leialtasuna eta errebolta espiritua aldarrikatzen dira. Mundu honetan, agintari askok propaganda eta komunikabideak erabiltzen dituzte euren helburuak lortzeko eta jendea kontrolatzeko. Zuzendariak, berriz, baztertuen elkartasuna eta espiritu borrokalaria goraipatzen ditu. Wes Andersonek ederki jokatzen du denboran jauziak ematen. Flashback asko erabiltzen ditu istorioa borobiltzeko eta pertsonaia bakoitzaren datuak eta ezaugarriak behar den momentuan ikusleari ezagutarazteko. Irudien erabilera bikaina, benetan liluragarria egiten du.

Ready player one

Zuzendaria: Steven Spielberg

Aktoreak: Tye Sheridan, Olivia Cooke

Iraupena: 140 minutu

Herr.: AEB (2018)

 

Bi munduren artean Steven Spielbergek hilabete gutxitan bi film estreinatu ditu. Lehenengoan, Los archivos del Pentágono-n, komunikabideen askatasunaren garrantzia aldarrikatzen zuen. Istorioa joan den gizaldeko 70eko hamarkadan kokatzen zen eta benetan gertatutako kasu bat zen. Ready player one 2045ean kokatzen da eta fantasia eta zientzia fikzioko istorio bat da. Bi filmak itxuraz oso desberdinak diren arren, badute komunak diren puntuak. Bi istorioetan, munduko jende arrunta boteredun erakunde eta pertsona maltzurren aurka borrokatuko da. Lehenengoa modu serioagoan eta neurtuagoan sortu du eta bigarrena, askoz zaratatsuagoa eta ikusgarriagoa. Eta egia esateko, nahiago dut lehen filmeko Spielberg bigarrenekoa baino. Ready player one filmean, errealitate birtualeko bideo jokoek garrantzi handiagoa dute. Jendea bi munduren artean bizi da: erreala eta birtuala. Mundu batean gertatzen denak bestean eragina izaten du. Eta sortzen den norgehiagoka bi munduetan gertatzen da. Hori dena kontatzeko Spielberg-ek ekintza ugari erabiltzen ditu, erritmo handiz filmatutako eszenetan. Denbora luzea erabiltzen du bideo jokoen mundu hori sortzeko eta horren barruan oso ikusgarriak diren eszenak lortzeko. Mundu horren jarraitzaileek, agian, asko gozatuko dute, baina beste batzuei luzeegia egiten zaigu eta gogaituta bukatzen dugu hainbeste ekintza eszenarekin.

 

Un sol interior

Zuzendaria: Claire Denis

Aktoreak: Juliette Binoche, Xavier Beauvois, Gerard Depardieu.

 Herr.: Frantzia (2017).

Puntuazioa: 3

 

 Maitasunaren bila dabilen emakume baten istorioa da Un sol interior pelikulan kontatzen zaigun istorioa. Isabelle 50 urte inguruko margolaria da. Ezkonduta egon da eta alaba bat dauka. Filmean, gizon desberdinekin izango dituen harremanak azalduko zaizkigu. Harreman bakoitzeko une konkretu batzuk heltzen zaizkigu. Pelikulan, bukatzen diren harremanak agertuko dira. Baita ere ia hasi baino lehenago bukatzen direnak, eta ondo finkatuta ez daudenak. Askotan ez dakigu ondo zer nahi dugun, eta batek gauza bat nahi duenean, besteak kontrakoa gura du. Ez da erraza beteta sentitzeko behar dugun barneko eguzki hori lortzea. Eta ahalegin horretan dihardu Isabellek. Bere nahaste momentuekin, kontraesanekin eta gorabeherekin. Un sol interior dotoretasun bitxia duen komedia sentimentala da. Zuzendariak dramari ukitu liraina ematen dio. Badu Frantziako zinemak izaten duen dotoretasuna eta fintasuna eta horrekin batera ukitu bitxi bat ere badauka. Pelikulan elipsiek garrantzi handia dute, eta horiek tonu eta erritmo berezi bat ematen diote. Aipatzekoa da, baita ere, Juliette Binochen interpretazioa. Oso ona da. Kamarak Juliette maite du. Hori horrela, bere lehen planoak benetan adierazgarriak dira. Oso ondo islatzen du pertsonaiak bizi duen egoera bakoitzean dituen sentimenduak eta jasaten duen nahaste emozionala.

El insulto

 

Sendatu gabeko zauriak

Zuzendaria: Ziad Doueiri

 Aktoreak: Adel Karam, Kamel El Basha, Camille Salameh

Herr.: Libano (2017)

Puntuazioa: 2

 

El insulto pelikulan, bi gizonen arteko garrantzi gabeko liskar batek, gizartearen egonkortasuna arriskuan jartzen du. Bi burugogorren arteko norgehiagokak epaitegian bukatuko du. Hortik, beste epaiketa guztiz mediatikoa sortzen da. Istorioa Libanon gertatzen da. Bata, kristau talde politikoaren jarraitzailea da; eta bestearen jatorria Palestina da. Bi pertsonen arteko liskar txikia, bi taldeen jarraitzaileen arteko liskar kezkagarria bihurtuko da. Epaiketan, bien abokatuek, azpian dauden zauriak, eta ezkutuko datuak kaleratuko dituzte, euren bezeroen interesak babestu nahian. El insulto-n Ziad Doueirik azaltzen du herri baten zauriak sendatzen ez direnean eta bizikidetasun izpiritu bat sortzen ez denean, gauzak ez direla konpontzen. Istorioa aurrera doan neurrian, jarraitzaileen portaerak gero eta sutsuagoak izango dira, eta bi pertsonaien arteko harremanak, aldiz, gero eta gertuagokoak. Istilu guztien atzetik pertsonak daudela ikusiko dugu. Eta, agian, pentsatzen duguna baino elkarren arteko antz handiagoa dugu guztiok. Filma interesgarria izanda ere, ez dago ondo itxita. Ondo islatzen da egoeraren giro kutsakorra eta egoerak duen alde zentzugabea; baina, bi pertsonaien arteko hurbilera ez da sinesgarria. Ez da erabatekoa. Zuzendariak badaki nora heldu nahi duen baina trebetasun pixka bat falta zaio helburua lortzera heldu arte. Bidean geratzen da.

Gorrión rojo

Iruzurren mundua

Zuzendaria: Francis Lawrence

Aktoreak: Jennifer Lawrence, Joel Edgerton, Charlotte Rampling

Herr.: AEB (2018)

Puntuazioa: 2

 

Gaurko filma AEB-n eta Sobietar Batasunaren arteko espioi norgehiagokaren inguruan kokatzen da. Gai horri buruzko filmak ikusi ditugunok argi daukagu oso mundu arriskutsua dela, eta sortzen diren ezuste egoera latzei aurre egiteko oso ongi trebatuta egon behar dela, baita nortasuna berezia eduki ere. Hori da, Dominika Egorovaren kasua. Sobietar Batasuneko espioi zerbitzuaren aldetik prestakuntza zorrotza jasotzen ikusiko dugu, eta horren ondoren, lana dela eta estualdiz beteriko munduan nola mugitzen den. Joko nagusi baten barruan azpijoko asko dago, iruzurra nagusi da, eta, jokalari guztiek, engainuak eta iruzurrak antzematen ahaleginduko dira. Engainuak eta iruzurrak non dauden asmatu beharko dute. Gorrion rojo giro honetan murgiltzen da, baina ez modu errealistan edo John Le Carrek idazten dituen istorioen antzera. Paul Verhoevenek egindako pelikuletara gehiago hurbiltzen da. Erotismoa, indarkeria eta biraketa eroak ematen dira istorioan. Francis Lawrencek ikuskizun erakargarria, dibertigarria eta bihurria egin gura izan du, baina zati batzuetan bakarrik lortzen du. Beste batzuetan ez du helburua betetzen. Hanka-motz geratzen da. Hori horrela, filmak zatika funtzionatzen du. Era berean, sendotasun txikiko istorio baten aurrean gaudenaren sentsazioa geratzen zaigu pelikula ikusi ostean.

Lady Bird

 Heltze prozesua

Zuz.: Greta Gerwig.

 Aktoreak: Saoirse Ronan, Laurie Metcalf, Tracy Letts

Puntuazioa: 4

 

 Institututik unibertsitatera joan behar duten gazteen istorioak sarritan ikus ahal izan ditugu Ameriketako Estatu Batuetako filmetan. Guk baino garrantzi handiagoa ematen diote bizitzako garai horri. Agian, gure gizartean ematen den jauzia ez da hain nabarmena. Gurean, unibertsitatera joateak ez dakar etxekoekin dauden loturak haustea. Baina beste gizarte batzuetan, agian, bai. Lady Bird filmean, Christine izeneko neska baten istorioa azaltzen zaigu: zein ikasketa egin nahi duen, unibertsitatetan tokia lortzeko arazoak, gurasoekin eta lagunekin dituen harremanak, lehenengo maitasun harremanak, eta abar. Baliteke Lady Bird-en kontatzen zaigun guztia ezaguna egitea, baina, hala eta guztiz, Greta Gerwigek egoerak eta pertsonaien izaerak deskribatzeko duen moduak oso estimagarri egin du filma. Christinen izaera eta heltze prozesua xehetasun osoz deskribatzen zaigu. Adin horretako zurrunbilo emozionala, alegia. Ez du gustuko herria, ezta etxeko eta eskolako giroa. Haren ametsa New Yorkera ikastera joatea da. Alde batetik, bizimodu arruntetik eta gizarteak ezarrietako moduetatik ihes egin nahi duela ematen du. Bestetik, etxe ederrekin amesten du eta dirudun lagunengana hurbiltzeko nahia eta beharra sentitzen du. Zuzendariak, Saoirse Rainenen interpretazio harrigarriaren laguntzarekin, bizitzako garai horren erretratu ederra egiten du.

Tres anuncios en las afueras

Emozio-zurrunbiloa

Zuzendaria:  Martin McDonagh

Aktoreak: Frances McDormand, Sam Rockwell, Woody Harrelson

Puntuazioa: 4

 

Tres anuncios en las afueras pelikula etsipenaren eta hiraren indar suntsitzaileari buruz eta samindura bideratzeko izaten ditugun zailtasunei buruz hitz egiten digun parabola da. Modu ankerrean eta tragikoan alaba bat galdu duen emakume batek errepidean hiru iragarki erraldoi jartzen ditu alabaren hilketaren ikerketan poliziaren jarrera salatzeko. Iragarkiek herria hankaz gora jarriko dute eta herritarren arteko harremanak astinduak izango dira. Herri txiki bat da, kontserbadorea, arrazista eta indarkeria erabiltzeko joerarekin. McDonagh-ek idatzitako gidoia bikaina da. Asko sufritzen duten pertsonaiak daude, baina, dramarekin batera, oso egoera barregarriak nahasten dira. Osagaien erabilera oso ondo nahastuta eta neurtuta dago. Eszena berean ikusleak negar eta barre egin dezake. Emozio-zurrunbilo bat sorrarazten zaigu, eta, hori gertatzen denean, oso sentsazio atsegina izaten da. Pertsonaien deskribapena oso aberatsa da. Ez daude guztiz onak edo guztiz txarrak diren pertsonaiak. Alde batetik, onak direla ematen dutenek badute beraien barnean jokaera zorrotzegiak direnak; eta, beste alde batetik, txarrak direla ematen dutenek badituzte argitasun momentuak. Istorioan, indarkeria, gorrotoa, familiako egoera itogarriak, alkohola, arrazakeria, etsipena, lirismoa, drama eta umorea elkartzen dira. Horiek guztiak modu egokian nahastuta, film zirraragarria eta harrigarria izatea dakar.

La forma del agua

Baztertuen matxinada

Zuzendaria: Guillermo del Toro

 Aktoreak: Sally Hawkins, Michael Shannon, Richard Jenkins

Puntuazioa: 3

 

Duela pare ba aste, tarte honetan, The florida proyect filmari buruz egin nuen berba. Film hartan, gizartetik baztertutako pertsonaien bizitzak azaltzen ziren, tonu errealista erabiliaz. Oraingoan, Guillermo del Torok, gizartetik aldenduak bizi diren pertsonaien istorio bat kontatzen digu, ipuin fantastiko baten bitartez. Istorioa 1960eko hamarkadako Gerra Hotzean kokatzen da. Sobietar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek mundua kontrolatzeko zuten norgehiagoka nabarmena zen. Hori bai, ezkutuan. Ez zen guda ofiziala, baina euren espioizerbitzuek buru-belarri ziharduten lanean euren herrialdeen alde. Giro horretan, Del Tororen istorioak baztertuen matxinada kontatuko digu. Neska mutu bat, bere auzokide homosexuala, bere lagun beltza… Elkarrekin lan egingo dute Amazonasko basotik ekarritako izaki fantastiko baten bizitza salbatzeko. Hori lortzeko, munduko bi potentzia handien azpijokoak gainditu beharko dituzte. La forma del agua pelikulak gizartean dauden talde baztertuen aldarrikapena egiten du. Guztiak batuz, posible da talde zapaltzaileei aurre egitea. Dena den, Guillermo del Toro ez da panfletoan erortzen. Kontatzen duen pelikulan, maitasuna, laguntasun harremanak, abentura eta fantasia nahasten ditu, besteak beste, ipuin polita osatzeko. Ipuin horretan pertsonaia onak eta txarrak daude, ez dago anbiguetaterako tokirik. Dena oso argia da.