La Comuna

la-comuna-foto

Pertsonak eta taldea

Zuz.: Thomas Vinterberg.

Aktoreak: Ulrich Thomsen, Tryne Dyrholm, Marta Sophie Wallstrom Hansen.

Puntuazioa: 3

La comuna Danimarkan joan den mendeko 70eko hamarkadan gertatzen da. 14 urteko alaba duen bikote batek, euren bizitzei biraketa bat eman guran, etxean komuna bat sortzea erabakiko du. Bikoteko gizonak unibertsitatean klaseak ematen ditu eta ikasle batekin maiteminduko da. Gertatutakoa emazteari kontatzen dio eta ideia “zoragarri” bat burutuko zaie: ikaslea komunan sartzea. Hortik aurrera, banakotasunaren eta kolektibitatearen arteko gatazka sortuko da. Pertsonen arteko arazoak taldearen bizikidetzan eragina izango du. Eta hor sortuko da zalantza: komuna sortu duen bikoteak eskubidea du euren arazoak taldearen gainetik jartzeko?; taldeko kideek besteenganako benetako interesa dute edo lortutako bizi erosoa mantendu nahi dute? Vinterbergen helburua ez da komuna bateko bizimodua sakontasunez azaltzea. Taldea edaten eta jaten, edo antolatzen dituzten bileretan ikusten dugu, ezer gehiago. Komuna pertsonaia nagusien bizitzan eta egoeran eragina duen osagaia da. Zuzendariaren mezua nahiko anbiguoa da. Alde batetik, gizabanakoak alde egin arren taldeak aurrera jarraitzen duela aldarrikatzen duela dirudi; eta, beste alde batetik, komunaren bultzatzailearen bidea aintzat hartuta, taldearen indar fagozitatzailea azpimarratzen duela dirudi…