Isla de perros

Errebolta espiritua

 Zuzendaria: Wes Anderson

 Animazioa

Herr.: AEB (2018).

Puntuazioa: 4

 

Ez da Wes Anderson animazio mundura hurbiltzen den lehen aldia. Duela urte batzuk, Fantástico Sr. Fox estreinatu zuen, eta orain, Isla de perros gure aretoetara heldu da. Stop motion teknika erabiltzen du. Panpinak eskuz mugitzen ditu, eta gero, fotogramak bateratuaz, mugimendu sentsazioa lortzen du. Kasu honetan, 12 urteko mutiko bat eta irla baten abandonaturiko txakurrak dira istorioaren protagonistak. Horiek mutikoaren osabak sortutako sistema totalitarioarengatik baztertu eta irla batera bidaltzen dituzte. Haurrak eta txakurrek indarrak batuko dituzte osabaren agintekeria gainditzeko. Istorioa Japonian gertatzen da, eta gizarte eta kultura horren ezaugarriak islatzen dira Andersonek sortzen dituen irudi zoragarrietan. Isla de perros-en, abentura, adiskidetasuna, leialtasuna eta errebolta espiritua aldarrikatzen dira. Mundu honetan, agintari askok propaganda eta komunikabideak erabiltzen dituzte euren helburuak lortzeko eta jendea kontrolatzeko. Zuzendariak, berriz, baztertuen elkartasuna eta espiritu borrokalaria goraipatzen ditu. Wes Andersonek ederki jokatzen du denboran jauziak ematen. Flashback asko erabiltzen ditu istorioa borobiltzeko eta pertsonaia bakoitzaren datuak eta ezaugarriak behar den momentuan ikusleari ezagutarazteko. Irudien erabilera bikaina, benetan liluragarria egiten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude