Un sol interior

Zuzendaria: Claire Denis

Aktoreak: Juliette Binoche, Xavier Beauvois, Gerard Depardieu.

 Herr.: Frantzia (2017).

Puntuazioa: 3

 

 Maitasunaren bila dabilen emakume baten istorioa da Un sol interior pelikulan kontatzen zaigun istorioa. Isabelle 50 urte inguruko margolaria da. Ezkonduta egon da eta alaba bat dauka. Filmean, gizon desberdinekin izango dituen harremanak azalduko zaizkigu. Harreman bakoitzeko une konkretu batzuk heltzen zaizkigu. Pelikulan, bukatzen diren harremanak agertuko dira. Baita ere ia hasi baino lehenago bukatzen direnak, eta ondo finkatuta ez daudenak. Askotan ez dakigu ondo zer nahi dugun, eta batek gauza bat nahi duenean, besteak kontrakoa gura du. Ez da erraza beteta sentitzeko behar dugun barneko eguzki hori lortzea. Eta ahalegin horretan dihardu Isabellek. Bere nahaste momentuekin, kontraesanekin eta gorabeherekin. Un sol interior dotoretasun bitxia duen komedia sentimentala da. Zuzendariak dramari ukitu liraina ematen dio. Badu Frantziako zinemak izaten duen dotoretasuna eta fintasuna eta horrekin batera ukitu bitxi bat ere badauka. Pelikulan elipsiek garrantzi handia dute, eta horiek tonu eta erritmo berezi bat ematen diote. Aipatzekoa da, baita ere, Juliette Binochen interpretazioa. Oso ona da. Kamarak Juliette maite du. Hori horrela, bere lehen planoak benetan adierazgarriak dira. Oso ondo islatzen du pertsonaiak bizi duen egoera bakoitzean dituen sentimenduak eta jasaten duen nahaste emozionala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude