El insulto

 

Sendatu gabeko zauriak

Zuzendaria: Ziad Doueiri

 Aktoreak: Adel Karam, Kamel El Basha, Camille Salameh

Herr.: Libano (2017)

Puntuazioa: 2

 

El insulto pelikulan, bi gizonen arteko garrantzi gabeko liskar batek, gizartearen egonkortasuna arriskuan jartzen du. Bi burugogorren arteko norgehiagokak epaitegian bukatuko du. Hortik, beste epaiketa guztiz mediatikoa sortzen da. Istorioa Libanon gertatzen da. Bata, kristau talde politikoaren jarraitzailea da; eta bestearen jatorria Palestina da. Bi pertsonen arteko liskar txikia, bi taldeen jarraitzaileen arteko liskar kezkagarria bihurtuko da. Epaiketan, bien abokatuek, azpian dauden zauriak, eta ezkutuko datuak kaleratuko dituzte, euren bezeroen interesak babestu nahian. El insulto-n Ziad Doueirik azaltzen du herri baten zauriak sendatzen ez direnean eta bizikidetasun izpiritu bat sortzen ez denean, gauzak ez direla konpontzen. Istorioa aurrera doan neurrian, jarraitzaileen portaerak gero eta sutsuagoak izango dira, eta bi pertsonaien arteko harremanak, aldiz, gero eta gertuagokoak. Istilu guztien atzetik pertsonak daudela ikusiko dugu. Eta, agian, pentsatzen duguna baino elkarren arteko antz handiagoa dugu guztiok. Filma interesgarria izanda ere, ez dago ondo itxita. Ondo islatzen da egoeraren giro kutsakorra eta egoerak duen alde zentzugabea; baina, bi pertsonaien arteko hurbilera ez da sinesgarria. Ez da erabatekoa. Zuzendariak badaki nora heldu nahi duen baina trebetasun pixka bat falta zaio helburua lortzera heldu arte. Bidean geratzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude