Gorrión rojo

Iruzurren mundua

Zuzendaria: Francis Lawrence

Aktoreak: Jennifer Lawrence, Joel Edgerton, Charlotte Rampling

Herr.: AEB (2018)

Puntuazioa: 2

 

Gaurko filma AEB-n eta Sobietar Batasunaren arteko espioi norgehiagokaren inguruan kokatzen da. Gai horri buruzko filmak ikusi ditugunok argi daukagu oso mundu arriskutsua dela, eta sortzen diren ezuste egoera latzei aurre egiteko oso ongi trebatuta egon behar dela, baita nortasuna berezia eduki ere. Hori da, Dominika Egorovaren kasua. Sobietar Batasuneko espioi zerbitzuaren aldetik prestakuntza zorrotza jasotzen ikusiko dugu, eta horren ondoren, lana dela eta estualdiz beteriko munduan nola mugitzen den. Joko nagusi baten barruan azpijoko asko dago, iruzurra nagusi da, eta, jokalari guztiek, engainuak eta iruzurrak antzematen ahaleginduko dira. Engainuak eta iruzurrak non dauden asmatu beharko dute. Gorrion rojo giro honetan murgiltzen da, baina ez modu errealistan edo John Le Carrek idazten dituen istorioen antzera. Paul Verhoevenek egindako pelikuletara gehiago hurbiltzen da. Erotismoa, indarkeria eta biraketa eroak ematen dira istorioan. Francis Lawrencek ikuskizun erakargarria, dibertigarria eta bihurria egin gura izan du, baina zati batzuetan bakarrik lortzen du. Beste batzuetan ez du helburua betetzen. Hanka-motz geratzen da. Hori horrela, filmak zatika funtzionatzen du. Era berean, sendotasun txikiko istorio baten aurrean gaudenaren sentsazioa geratzen zaigu pelikula ikusi ostean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude