Lady Bird

 Heltze prozesua

Zuz.: Greta Gerwig.

 Aktoreak: Saoirse Ronan, Laurie Metcalf, Tracy Letts

Puntuazioa: 4

 

 Institututik unibertsitatera joan behar duten gazteen istorioak sarritan ikus ahal izan ditugu Ameriketako Estatu Batuetako filmetan. Guk baino garrantzi handiagoa ematen diote bizitzako garai horri. Agian, gure gizartean ematen den jauzia ez da hain nabarmena. Gurean, unibertsitatera joateak ez dakar etxekoekin dauden loturak haustea. Baina beste gizarte batzuetan, agian, bai. Lady Bird filmean, Christine izeneko neska baten istorioa azaltzen zaigu: zein ikasketa egin nahi duen, unibertsitatetan tokia lortzeko arazoak, gurasoekin eta lagunekin dituen harremanak, lehenengo maitasun harremanak, eta abar. Baliteke Lady Bird-en kontatzen zaigun guztia ezaguna egitea, baina, hala eta guztiz, Greta Gerwigek egoerak eta pertsonaien izaerak deskribatzeko duen moduak oso estimagarri egin du filma. Christinen izaera eta heltze prozesua xehetasun osoz deskribatzen zaigu. Adin horretako zurrunbilo emozionala, alegia. Ez du gustuko herria, ezta etxeko eta eskolako giroa. Haren ametsa New Yorkera ikastera joatea da. Alde batetik, bizimodu arruntetik eta gizarteak ezarrietako moduetatik ihes egin nahi duela ematen du. Bestetik, etxe ederrekin amesten du eta dirudun lagunengana hurbiltzeko nahia eta beharra sentitzen du. Zuzendariak, Saoirse Rainenen interpretazio harrigarriaren laguntzarekin, bizitzako garai horren erretratu ederra egiten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude