Tres anuncios en las afueras

Emozio-zurrunbiloa

Zuzendaria:  Martin McDonagh

Aktoreak: Frances McDormand, Sam Rockwell, Woody Harrelson

Puntuazioa: 4

 

Tres anuncios en las afueras pelikula etsipenaren eta hiraren indar suntsitzaileari buruz eta samindura bideratzeko izaten ditugun zailtasunei buruz hitz egiten digun parabola da. Modu ankerrean eta tragikoan alaba bat galdu duen emakume batek errepidean hiru iragarki erraldoi jartzen ditu alabaren hilketaren ikerketan poliziaren jarrera salatzeko. Iragarkiek herria hankaz gora jarriko dute eta herritarren arteko harremanak astinduak izango dira. Herri txiki bat da, kontserbadorea, arrazista eta indarkeria erabiltzeko joerarekin. McDonagh-ek idatzitako gidoia bikaina da. Asko sufritzen duten pertsonaiak daude, baina, dramarekin batera, oso egoera barregarriak nahasten dira. Osagaien erabilera oso ondo nahastuta eta neurtuta dago. Eszena berean ikusleak negar eta barre egin dezake. Emozio-zurrunbilo bat sorrarazten zaigu, eta, hori gertatzen denean, oso sentsazio atsegina izaten da. Pertsonaien deskribapena oso aberatsa da. Ez daude guztiz onak edo guztiz txarrak diren pertsonaiak. Alde batetik, onak direla ematen dutenek badute beraien barnean jokaera zorrotzegiak direnak; eta, beste alde batetik, txarrak direla ematen dutenek badituzte argitasun momentuak. Istorioan, indarkeria, gorrotoa, familiako egoera itogarriak, alkohola, arrazakeria, etsipena, lirismoa, drama eta umorea elkartzen dira. Horiek guztiak modu egokian nahastuta, film zirraragarria eta harrigarria izatea dakar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude