The square

Arte munduko berezitasunak

Zuzendaria: Ruben Ostlund

Aktoreak: Claes Bang, Elisabeth Moss, Dominic West

Herr.: Suedia (2017)

Iraupena: 142 minutu

Puntuazioa: 3

 

Cannesko Zinemaldiko sari nagusia lortu zuen The square filmak. Arte munduan kokaturiko komedia satirikoa da. Istorioaren protagonistak lanpostu garrantzitsua du museo batean. Han The square izeneko obra bat erakutsi nahi du. Obrak gizakien balio onak aldarrikatzen ditu. Erakusketaren hasiera ezagutzera emateko, publizistek, Internetez bidez, kanpaina nahiko indartsua eta probokatiboa egingo dute. Istorioaren protagonistari, berak burutu ez duen kanpainak buruhauste galantak ekarriko dizkio. Hor agertuko da arte munduan dagoen alde artistikoa eta ausarta, eta barnean dagoen pentsaera kontserbadorea: benetako artea bereizteko zailtasunak, mundu horretan negozioak duen garrantzia, errealitatetik aldendua dagoen jendea, gertatzen diren harremanak eta sortzen diren egoera deserosoak. Hitzaldiko eszena edo festa-afariaren eszena oso adierazgarriak dira. Hori gutxi balitz, protagonistari kartera eta telefono mugikorra lapurtzen diote eta horri aurre egiteko hartzen duen joerak gehiago nahastuko du egoera. The square zatika mugitzen da. Gertakizun guztiak ez dira guztiz elkartzen. Hala, lotura bat falta zaiola ematen du. Ideia asko, momentu on asko, baina apur bat sakabanatuta geratzen da. Hala eta guztiz, Ostlundek bere ikuspuntu maltzurrarekin eta satirikoarekin filma erakargarri egiten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude