Blade Runner 2049

Zehaztasun gabeko tokian

 Zuzendaria: Denis Villeneuve

 Aktoreak: Ryan Gosling, Harrison Ford, Ana de Armas.

 Herr.: AEB (2017)

Puntuazioa: 2

 

Blade Runner film mitikoa da egun. Estreinatu zen garaian ez zuen arrakasta handirik izan. Urteak pasatu ahala, filmari buruzko iritzia aldatuz joan da. Ridley Scotten lanak gero eta jarraitzaile gehiago izan ditu, miretsitako filma izatera heldu arte. Istorioak indarra zuen, thriller-en alde kezkagarria eta bortitza zuen. Zuzendariak ederki lotzen zituen intriga, intentsitatea eta istorioaren alde poetikoa eta filosofikoa. Film sakona izateaz gain, oso entretenigarria zen. Generoaren gai sakonak ukitzen zituen, historiarako geratu den lanean. Normala da ikusleak istorioari jarraipena eman nahi izatea, edo pertsonaiekin zer gertatu den jakin nahi izatea. Baina egia da, orokorrean, gauza bat ondo dagoenean, horrela uztea dela komenigarriena. Denis Villeneuveren filmak ez du ezer berririk kontatzen. Jarraipenean ikusten dira lehenengo filmean ikusitako irudiak, paisaiak, eraikinak… eta badaude istorio originaletik ateratako adarkadurak. Irudi ederrak ditu, baina ez du lehenengo filmaren emozioa. Itxuran, lan dotorea da, ematen du sakontasuna duela, baina badu handinahi izatearen ukitua, eta hori ez zegoen Scotten jatorrizko pelikulan. Lehengo filmak entretenimendu filma gainditzen zuen lan handi bat izatera heldu arte. Oraingo honek, itxuran, zehaztasun gabeko tokian geratzen den lan handia izan gura du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude